Miren Garate
Zerk bultzatzen dituen erretzera, zerk gogorarazten dien erretzea, noiz erretzen duten, zer egoeratan… Horien eta beste hainbat gairen inguruan hitz egiten dute minbiziaren aurkako AECC elkarteak antolatzen dituen erretzeari uzten laguntzeko talde terapietan. “Mendekotasun bat da erretzea, eta, mendekotasun guztietan bi arlo daude: fisikoa eta psikologikoa. Saioetan, biak kontuan hartzen saiatzen gara”, esan du Maider Sierra elkarteko prebentziorako psikologoak. Urte hasieran eta irailean joan ohi zaie jende gehien terapietara; orain ari dira talde berriak osatzen. Donostian, Irunen, Zarautzen, Eibarren, Azpeitian, Zumarragan eta Tolosan antolatuko dituzte.
Aurrez aurreko zortzi saiok —ordubetekoak edo ordu eta erdikoak izaten dira, astean behin— eta jarraipeneko beste hiruk osatzen dituzte AECCk eskaintzen dituen terapiak. Lehenik eta behin, elkarrizketa txiki bat egiten diete izena ematen dutenei, bai elkarteko profesionalek haien espektatiben berri izan dezaten, bai parte hartu nahi dutenek terapiaren nondik norakoen berri izan dezaten. “Terapiak funtzionatzeko, funtsezkoak dira motibazioa, indarra edukitzea eta denbora bat eskaini ahal izatea. Esan ohi dugu hilabete batean burua horretan jarri behar dela”, azaldu du Sierrak.
Elkartera jotzen dutenen artean, 50 urtetik gorakoak izan ohi dira gehienak. Batzuek erretzeari uzteko lehen ahalegina izaten dute, %20 inguruk; beste batzuek, berriz, aurrez ere utzi izan diote erretzeari, baina berriro hasi dira. “Erretzeari uzteko prestaketa egiten dugu talde hauetan, baina prebentzioa lantzen dugu bereziki, berriz ez erortzeko; hau da, zer estrategia egon daitezkeen berriro erretzen ez hasteko”.
Taldearen garrantzia
Taldean egiten dute terapia. Eta taldearen indarra nabarmendu du elkarteko psikologoak. “Badaude bakarka erretzen dutenak, baita erretzaile direla inork ez dakienak ere, baina, normalean, oso soziala izaten da erretzea; taldean hasten gara erretzen, eta taldean erretzen da. Alde horretatik, interesgarria da taldea”. Horrez gain, azaldu du antzeko egoeran daudenekin elkartzea ere lagungarri izaten dela, “taldekideen artean konpromisoak ere sortzen baitira”. Astez asteko etxeko lan txiki batzuk ere ematen dizkiete parte hartzaileei. “Izan daiteke kontsumoaren erregistro bat egitea, ibiltzera ateratzea… Baina ez da gauza handirik izaten”.
Taldean lan egin arren, Sierrak esan du partaide bakoitzaren ezaugarriak eta esperientziak kontuan hartzen saiatzen direla. Adibidez, batzuek denbora behar izaten dute aldaketetara ohitzeko, “eta horiei ondo etortzen zaie kontsumoa jaitsiz joatea, gorputza ohitzeko”; beste batzuk oso antolatuak dira eguneroko bizimoduan, eta gauzak kontrolpean edukitzea gustatzen zaie, “eta horiei ezaugarri horiek indartzen laguntzen diegu, erretzeari errazago uzteko”; beste batzuentzat, bat-batean uztea izaten da errazena…
Ikerketek esaten dutenez, lau eta sei aste artean behar izaten dira nikotina gorputzetik ateratzeko eta mendekotasun fisikoari aurre egiteko. Lo egiteko arazoak, komunera joateko arazoak, antsietatea eta abar ohikoak izaten dira erretzeari uzten zaionean, eta psikologoak horien berri ematen die terapiako saioetan.
Urtebeteko jarraipena
Elkarteak dituen datuen arabera, parte hartzen duten hamar lagunetik seik lortzen dute tabakoa uztea. “Normalean, terapian izena eman, saioetara etorri eta gauzak taxuz egiten badituzte, erortze tasa ez da oso handia izaten”. Lehen urtea izaten da zailena. “Egoera guztietatik pasatu behar da: lehen Gabonak erre gabe, lehen inauteriak, laneko gorabeherak…”. Horregatik, behin asteroko saio horiek amaitu ostean, elkarteak jarraipen bat egiten die urtebete igaro arte.
Ordutegiengatik edo saioak egiten diren herrietara joateko zailtasunengatik aurrez aurreko terapietara joan ezin direnentzat, AECCk baditu beste aukera batzuk. Besteak beste, online saioak antolatzen ditu, eta astean behin izaten dira horiek ere. “Ikerketek esaten dutenez, erretzeari uzteko prozesua profesional baten laguntzarekin eginez gero, hamar aldiz handitzen da helburua lortzeko aukera”. Era berean, Respirapp aplikazioa martxan du elkarteak. Doako aplikazio horrek hiru faseko prozesu bat proposatzen die erabiltzaileei, tabakoa uzten laguntzeko.
Legediari dagokionez, erretzea debekatzeari lotutako aldaketa ugari izan dira azken urte hauetan. “Eraginkorrak dira neurri horiek, baina ez nahikoak”, nabarmendu du Sierrak. Zalantzarik egin gabe adierazi du neurri horiek tabakoa uztera bultzatu dutela jendea. Nabarmendu du lantokietan erretzea debekatu zenean “aurrerapauso handia” egin zela; beste pauso handi bat ikusi zuten toki itxietan erretzea debekatu zutenean. “Jendeari lagundu diote kontsumoa murrizten, eta erretzeari uzten ere bai”.
Hala ere, neurri gehiago eskatu ditu elkarteak. Esate baterako, begi onez ikusten du zigarreten prezioak igotzea. “Batzuek muga bat jartzen diote beren buruari, eta esaten dute halako preziotara iristean utzi egingo diotela erretzeari, eta hala egiten dute”. Halaber, elkarteak eskatu du tabakoaren kaxak ez daitezela erakargarriak izan. “Herrialde batzuetan, jada indarrean dago neurri hori. Hemen ere grisak izateko konpromisoa hartu zen orain dela pare bat urte, baina, hala ere, konpromiso hori ez dute bete”.
Horrez gain, oso garrantzitsutzat jotzen du kerik gabeko gune gehiago sortzea. Legearen arabera, besteak beste, parkeak hala dira. “Teorian bai, baina legea ez da oso ondo betetzen. Gune gehiago irabaztea oso ondo legoke guztiontzat, eta, bereziki, haurrentzat”. Sierraren esanetan, udalekin elkarlanean ari dira, kerik gabeko gune gehiago sortzen ahalegintzeko, eta gazteekin ere egiten dute lanketa hori.
Elkartearen beste lan ildoetako bat da gazteekin egiten dutena. Sierrak gogoratu du tabakoak “gaixotasun mordoa” sortzen dituela, eta gazteei horren berri ematen dietela. “Badakigu nerabezaroa gauzak probatzeko garaia dela, eta saiatzen gara kontsumo arriskuei buruz hitz egiten. Erretzen hasten ez badira, hobeto, eta hastekotan, zenbat eta beranduago, orduan eta hobeto”.
Zigarreta elektronikoak
Gazteek erretzaileen inguruan duten ikuspegia aldatu ote den galdetuta, zalantza egin du Sierrak. “Esan nahi nuke baietz, baina olatuak ikusten ari gara”. Esan du legeak gogortu zirenean gazteek gehiago barneratu zituztela erretzeari lotutako kalteak. “Baina zigarreta elektronikoen gorakada etorri zen gero. Nerabeek uste dute horrek ez duela arriskurik, uraren baporea dela, eta ez da egia”. Zigarreta elektronikoen eraginez, zigarreta arrunten kontsumoa ere ugaritu egin ohi da. “Zigarreta elektronikoak merkeagoak dira, eta gazteak horiekin hasten dira nikotinarekin kontaktuan; eta, ondoren, erretzeari ekiten diote. Gaur-gaurkoz, kontsumoa igotzen ari da berriz ere”.
Sare sozialek ere badute eragin kaltegarririk, Sierraren hitzetan. Gazteekin egoten direnean, haiek kontatu ohi diete zigarretak asko erabiltzen dituztela sare sozialetara igotzen dituzten argazki gehienetan. “Kea oso ondo etortzen da itxurakeria horretarako, tamalez”.
Leave a Reply