June Romatet
Datorren astean egingo dute XVI. Huhezinema film laburren jaialdia; zehazki, asteazkenetik ostiralera. Iban del Campo (Arrasate, 1971) jaialdiaren koordinatzaileak esan du azkeneko ukituak ematen ari direla egunotan. Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek antolatzen dute jaialdia.
Nondik nora sortutako egitasmoa da Huhezinema?
Euskal film laburren jaialdia da, duela hamasei urte sortua. Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatean planteatu nuen proiektu zoro bat izan zen, eta onartu egin zidaten. Gauza batek bereizten gaitu: urtero, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleekin antolatzen dugu jaialdia.
Antolakuntzan izan al da aldaketarik hamasei urteotan?
Oraindik gogoratzen ditut hasierako emozioak eta galdera markak; zalantza asko izan genituen. Urtero gauzak finduz joan gara. Jaialdi honek bi helburu ditu: benetako zinema jaialdi bat antolatzea, bere komunikazioarekin, programazioarekin eta produkzioarekin; eta ikasleei jaialdia nola antolatu erakustea. Lehen, berrogei pertsona inguru aritzen ziren lanean; gaur egun, ordea, hamasei kide aritzen dira, eta errazagoa da jarraipena egitea. Aurten, gainera, koordinazio lana nik egin badut ere, beste irakasle batzuek ere parte hartu dute: Maialen Torresek, Anne Baskaranek eta Itsaso Frauk.
Nolakoa izan zen hasiera?
Urtero mirari bat izaten da jaialdia ondo ateratzea, tentsioan igarotzen baititugu azken egunak. Hala ere, okerren 2020an pasatu genuen, jaialdia baino egun batzuk lehenago konfinatu gintuztelako. Egoerari buelta eman genion, eta sarean egin genuen. Aurten, erabat presentziala izango da.
Berezitasunik izan al zuen iazkoak, hamabosgarren edizioak?
Urtero saiatzen gara berritasunak sartzen, eta mimoz landu genuen iazko jaialdia. Film laburrez eta dokumentalez gain, beste ikus-entzunezko batzuk ere biltzea erabaki genuen, eta bideoklip saila sortu genuen. Ondo funtzionatu zuen, bideoklip asko jaso baikenituen. Aurten ere lan asko iritsi zaizkigu.
Zer eskainiko du aurtengo Huhezinema jaialdiak?
Hiru sail izango ditugu aurten ere: sail orokorra, ikasleen saila eta bideoklipena. Lehenengoan, Euskal Herriko edozein zinemagilek har dezake parte. Bigarrenean, aldaketa egon da aurten; Huheziko ikasleek bakarrik parte hartzen zuten orain arte, eta Euskal Herri osoko zinema ikasleen lanak onartu ditugu aurten. Baita bideoklipen sailean ere. 85 ikus-entzunezko jaso ditugu, eta 32 aukeratu. Horrez gain, publiko berria erakartzen saiatu gara, eta haurrentzako eta nagusientzako ekitaldiak antolatu ditugu. Sail ofizialean, adibidez, senior saria jarri dugu, eta helduek osatutako epaimahai batek emango du.
Zein izango dira aurtengo epaimahaikideak?
Beti saiatzen gara epaimahaikideak Euskal Herriko profesionalak izan daitezen, eta hori egin dugu aurten ere. Profil ezberdineko hiru epaimahaikide izango ditugu aurten: Kepa Errasti aktore eta gidoilaria, aretxabaletarra; Nagore Ezeiza, zinema zuzendaria eta postprodukzioan aditua den sortzailea; eta Andoni Imaz, BERRIAko Kultura sailean aritzen den kazetaria, zinema kritikaria eta Huhezinemaren antolatzaile ohia. Horrez gain, Mundukide fundazioko ordezkari bat ere egongo da, Mundukide saria emateko; eta Huheziko ikasleen mahai batek emango du Vertigo saria, aurtengo berritasuna.
Asteazkena iristea bakarrik falta da orduan, ezta?
Gainean dugu Huhezinema, eta azken xehetasunetan ari gara: gonbidatuen joan-etorriak antolatu, aurkezpenak prestatu… Etengabe ari gara lanean, dena ondo atera dadin eta denak gustura senti daitezen nahi dugulako.
Leave a Reply