Urko Etxebeste
Pilotalekuan geldituko gara?”. Maiz erabiltzen dira herrietako frontoiak herritarren bilgune izateko, elkartzeko, gelditzeko. Erantzuna erraza izan ohi da: “Bai” edo “ez”. Oiartzunen, ordea, galdera horrek beste bat dakar: “Nongoan?”. Izan ere, Gipuzkoa ekialdeko herri horretan 41 dira pilotan aritzeko guneak: 31 ezkerpareta (publikoak eta pribatuak), zazpi pilota soro eta hiru pilota plaza daude. Horiez gain, beste sei eremu berezi ere badaude, Kontzejupea eta Elorsoro kiroldegiko squash pista tartean. Joxe Mari Mitxelenak bilduta dauzka datu guztiak. Oiartzungo Txost pilota kirol klubeko ordezkaria da Mitxelena, pilotaren maitale porrokatua. Pilota Oiartzunen, pilotasorotik Madalensorora liburuaren egileetako bat da (Mugarri bilduma, 2018), besteak beste. Herriak dituen zortzi auzoetan daude pilotalekuak: batzuetan, bat; besteetan, bi, hiru, bost…
Mitxelenak azaldu du Oiartzunen pilota betidanik izan dela kirol nagusia. Haren arabera, hori da hainbeste frontoi egotearen arrazoia. “Dokumentatua dago XII. eta XIII. mendeetan pilota soroetan aritzen zirela oiartzuarrak, herriko zelaietan, joko zuzenean: hainbat kidetako taldeak aurrez aurre, eta erdian sarea edo bi joko eremu banatzeko muga, tenisaren antzera”. Mitxelenak gaineratu du gero moldatu zituztela pilota plazak; zelaietan egin ordez, lurrezko eremuetan hasi ziren joko zuzeneko partidak egiten. Alta, Oiartzungo lehen ezkerpareta, egun ezagunena eta erabiliena, XIX. mendearen bukaera aldera egin zuten: “Aldapakoa, fraideek euren komenturako egina”.
Pilota, “taldeko kirola”
Gero hasi ziren eraikitzen ezkerpareta guztiak. “Orain, pleka aritzen dira gehienbat pilotan; paretaren kontra pilota botaz, alegia”. Baina beti ez da horrela izan. “Ezkerparetek Bigarren Karlistaldiaren ondoren hartu zuten ospea, batez ere. Duela 150 urte, joko zuzena zen nagusi”.
Mitxelenak nabarmendu du pilota “taldeko kirola” izan dela betidanik, joko zuzenetan bi talde izaten zirelako aurrez aurre, hainbat kidez osatuak. “Pilota indibidualizatu egin da orain. Banaka edo binaka jokatzen da. Baina benetako pilota talde kirola da”. Herbehereetan, Belgikan, Ekuadorren eta Kolonbian pilota joko zuzenean aritzen direla gogoratu du. “Taldeka. Haiek salatzen dute ezkerparetan jokatzean kirola indibidualizatu egin dela. Esaten dute euskaldunak ez garela sozialak. Taldeka eta aurrez aurre jokatzen dena dela benetako pilota”.
Oiartzunen, Aldapako lehen pilotaleku haren ondotik, arrapaladan hasi ziren ezkerparetak egiten, gaur egungo 31 horietaraino. “Kontzejupean [udaletxe azpiko pilotalekuan], adibidez, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan 06:00etan hasi ohi ziren banaka edo binaka pilotan jokatzen. Berez, bazegoen pilotarako afizioa herrian, baina, ezkerpareten zabalkundearekin, jokatzeko era aldatu egin zen”, azaldu du Txost pilota kirol klubeko ordezkariak.
Enekoitz Markos Oiartzungo Kirol zinegotziaren esanetan ere pilotarako “izugarrizko zaletasuna” dago herrian, eta horren seinale da hainbeste pilotaleku izatea. Zinegotziaren hitzetan, ordea, azpiegitura horiek badituzte kirolaz bestelako erabilerak ere: topagune ere badirela uste du. Gainera, herriak zortzi auzo ditu, eta ez txikiak. Sakabanatuta daude. Markosek batu egin ditu pilotarako zaletasuna eta auzoen beharrak.
Altzibarren bakarrik falta da
Auzo gehienetan daude udalak kudeatzen dituen pilotaleku publikoak; horietako asko, estaliak dira. “Altzibar auzoa da pilotaleku publikorik ez duen bakarra, baina egiteko bidean gaude. Gainera, ausartuko nintzateke esatera Karrikakoak eta Ergoiengoak estaliak izango direla azkenean”. Markosek berretsi du “auzoetako bizitzaren parte” direla frontoi horiek. “Auzoko jaietako ekitaldi asko han egiten dituzte, adibidez. Elkartzeko eremu eta erdigune dira; finean, plazak. Gune biziak dira, denenak”.
Herriko pilota elkarteek egiten duten lana goretsi du Kirol zinegotziak. Oiarpe Oiartzungo pilota eskolak ezkerparetako lanketa egiten du; eskuzkoa, batik bat. Txostek, berriz, joko zuzenak (errebotea, pasaka…) lantzen ditu. Eta Girizia elkarteak ere badauka pilota sail bat, eta hainbat herri txapelketa antolatzen ditu.
Kudeaketa arloan, frontoiak “esker onekoak” direla esan du udal arduradunak. Mantentzea behar dutela azaldu du, baina, hainbeste pilotaleku izanik ere, mantentze lanetan egiten duten inbertsioa ez dela sekulakoa: “Zer-nolako zerbitzua ematen duten ikusita, ez dute aparteko gasturik sortzen”.
Leave a Reply