U. Zubeldia
Donostian igaro zituen Gabonak Sarah Perarnaudek (Donostia, 2006), baina Weimar (Alemania) du bizitoki gaur egun. Oso umetan hasi zen pianoa jotzen, amari begira, eta ibilbide oparoa osatzen ari da pixkanaka. Urtarrilaren 25ean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko da, Franz Schuberten zikloaren pianorako lehen emanaldian, 19:30ean.
Franz Schuberten Donostiako zikloa aztertzen hasi, eta zure izen-abizenak ageri dira. Nola iritsi zitzaizun gonbidapena?
Carlos Benitok deitu zidan, Donostia Musikako presidenteak. Gazteei laguntzea izaten da elkarte horren helburuetako bat, zaila baita inork ezagutzen ez zaituenean bidea egitea. Aukera bikaina iruditu zitzaidan, eta baietz esan nion.
17 urte bete berri dituzu: oso gaztea zara. Zer fasetan zaude piano jotzaile gisa?
Ikasten ari naiz. Eskolara joaten naiz; oraindik ez dut egin ez Batxilergorik eta ez goi mailako gradurik. Donostiako Musika Kontserbatorioan ikasketak amaitu eta Alemaniara etorri nintzen. Ikasten jarraitu nahi dut oraindik, hurrengo urtean goi mailako ziklora aurkezteko.
Alemanian ari zara piano eta organo ikasketak egiten. Nolakoa da zure egunerokoa?
Barnetegi batean bizi naiz, eskolatik hamar pausora. Egunero joaten naiz eskolara, baina musikarientzat egokitutakoa da, eskola berezia. 13:00ak arte izaten ditugu klaseak gehienez, eta ikasteko aukera izaten dugu gero. Oso gertu dauzkagu beste instalazio batzuk ere, giltzak hartu eta gure instrumentuekin entseatu ahal izateko. Irakasleak ere kontserbatoriotik eskolara bertara etortzen dira klaseak ematera. Ikasteko denbora eduki dezagun bereziki prestatutako gune bat da.
Sarritan irabazi duzu jada Donostia Hiria lehiaketa, Andoaingo sariketa ere bai, 2021ean Jungen Musiziert lehiaketan lehen saria jaso zenuen…
Bai… Baina erlatiboa da dena; askoz sari gehiago dauzkate beste batzuek. Hori bai, ongi etorriak dira guztiak. Hala ere, egunerokoari begiratzen diot sariei baino gehiago, lehiaketetan oso subjektiboa izan baitaiteke dena.
Donostiako Santa Maria basilikan organo jotzaile nagusia duzu ama, Loreto Aramendi. Pentsatzekoa da etxetik jaso zenuela pianorako zaletasuna, ezta?
Hala da, bai. Umetatik entzun izan dut ama etxean pianoa eta organoa jotzen, eta beti probatu nahi izan dut nik ere; hura izan zen nire lehen irakaslea. Oraindik ere nire irakasle izaten jarraitzen du amak, nahiz eta nire bidea egiten uzten didan, noski.
Urtarrilaren 25eko kontzertuari helduta, nolako emanaldia eskainiko duzue Franco Cavalleri uruguaitarrak eta biok?
Bi zati izango ditu saioak. Schuberten sonata bana joko dugu, baina ez gara elkarrekin ariko.
Zu donostiarra zara jaiotzez. Musikari izateko, ezinbestekoa da atzerrira joatea?
Ez dakit ezinbestekoa den, baina asko laguntzen du. Herrialdez herrialde eta eskualdez eskualde desberdina da ikasketa prozesua, eta uste dut hori dela onena, herrialde bakoitzetik norberari gustagarrien zaiona hartuz joatea eta estilo propio bat sortzea. Donostian bizi daiteke musikatik, irakasle gisa, eta hala egiten dute askok, baina oso zaila da kontzertuetatik bakarrik bizitzea.
Badago bereziki markatu zaituen musikariren bat?
Betidanik begiratu izan diot asko Marta Argerich piano jotzaile argentinarrari. Oso ona da pianoa jotzen; bakarlari bikaina da, teknika harrigarria dauka, eta oso pertsona ona da, gizatiarra.
Noraino iritsi nahiko zenuke piano jotzaile moduan?
Neure buruari ez diot mugarik jartzen, baina kontzertuak ematea eta ikasleei euren garapenean laguntzea gustatuko litzaidake.
Zer esango zenieke urtarrilaren 25ean joan edo ez joan zalantzan daudenei?
Donostiako zikloa oso aukera ona da Schubert konpositore gisa ezagutzeko. Handietako bat da, nahiz eta musika klasikoa askorik jarraitzen ez duenarentzat, agian, ez den hain ezaguna izango.
Leave a Reply