Endika Apalategi Labayen
Tolotro izena jarri dioten abenturari ekingo diote Iñaki Lopetegi eta Jon Arrieta tolosarrek martxoaren 24an. Lau gurpilen gainean egingo dute bidaia, furgonetan, eta 7.000 kilometroko ibilbidea izango dute zain; Tolosan hasi, eta Tarifa (Espainia), Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Senegal, Guinea eta Boli Kostatik pasatu ostean, Ghanan izango dute helmuga. Bidaiatzeko erabiliko duten furgoneta han bertan uztea da haien asmoa, ikasleek eskolara joateko erabil dezaten.
Ideia pandemia garaian sortu zitzaiela kontatu du Lopetegik: “2016. urtean, furgoneta erosi eta Afrikan izan nintzen boluntario gisa, Malawin. Jon, berriz, urte berean Ghanan izan zen hilabete batez. Bertan ikusi nuen jendeak zer etekin ateratzen zien ibilgailu zaharrei, eta niri ere gauza bera egitea gustatuko zitzaidakeela pentsatu nuen furgoneta zahartzean”. Bi tolosarrek pentsaera berbera zutela ikusita, proiektua aurrera eramatea erabaki zuten. “Bidaiariak gara eta beti ibili gara abentura bila”, gehitu du Lopetegik.
Horretarako, Ghanas de vivir gobernuz kanpoko erakundearekin (GKE) harremanetan jartzea lortu zuten. “Tolosarrak dira erakunde hori sortu zuen neskaren gurasoak. GKE horrek eskola bat eraikita dauka Ghanan, eta hainbat ekintza antolatzen dituzte bertan. Dirua biltzeko egitasmoak ere eurek antolatzen dituzte, eta helburu nagusia da umeak eskolaratzea”, azaldu du Arrietak. Bertako umeek “eskolaratzeko zailtasun handiak” dituztela erantsi du Lopetegik, ibilbide luzea daukatelako euren etxeetatik eskolaraino. “Umeek eskolarako joan-etorria egiteko denbora asko behar dutenez, lanera eramaten dituzte zuzenean”.
Ghanan, horrelako furgonetei Trotro deitzen dietela azaldu du Arrietak, eta, hortik abiatuta, “buruhauste handirik gabe” sortu zuten proiektuaren izena. “Ghanan geundela, bertako garraioa erabiltzen genuen leku batetik bestera mugitzeko”, esan du Arrietak. “Furgonetak ziren, guk eramango dugunaren antzekoak”. Berezko izenari euren jatorria txertatuta erabaki zuten ibilgailuari Tolotro izena jartzea. “Tolosarrak gara biok eta bidaia Tolosatik abiatuko dugunez, horregatik erabaki dugu furgonetari Tolotro izena jartzea”.
Ume asko sartzeko asmoa
Ondo bidean, beraz, martxotik aurrera, Tolosako bi bidaiarien garraio soila izatetik, bidaiari talde handi baten garraiobidea izatera igaroko da Lopetegiren furgoneta zaharra. Ez dakite Tolosan eraberritutako furgonetak Ghanan zenbat ume garraiatzeko gaitasuna izango duen. “Baina kopuru altuetara gerturatzeko aukera baldin badugu, ez da seinale txarra izango”, esan du Lopetegik berak.
Horrelako bidaia bat egiteak “gastu handia” dakarrela adierazi du Lopetegik: “Batetik, garestia da furgonetarako erregaia ordaintzea. Bestetik, Afrikako mugak pasatzea ez da Frantziara joatea bezain erraza, eta negoziazio gogorrak izaten ditugu beti mugetan egoten diren agenteekin. Eta, noski, mugak igarotzeko bisatu guztiak ere lortu behar izaten ditugu”. Hortaz, bidaiaren gastuak neurri handi batean finantzatu ahal izateko, kamisetak, katiluak, edalontziak eta beste hainbat material saltzen hastea erabaki zuten Tolosako bi abenturazaleek.
Urtarrilaren 14an, esaterako, goizean, Tolosako Triangulo plazan postu bat jarri eta eurek sortutako materiala saltzen aritu ziren biak. “Jendearen erantzuna nahiko ona izan da orain arte; gure familiak, lagunak eta ezezagun asko animatu dira gure produktuak erostera, helburua bidaia finantzatzen laguntzea dela jakitun, eta eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan parte hartzen ari diren guztiei”, esan du Arrietak.
Urtarrilaren 14an Triangulo plazara gerturatzerik izan ez zutenek tolotro2023@gmail.com helbidera idatzita eskura ditzakete produktuak.
Etorkizunari begira
Bidaiaren helburu nagusia furgoneta Ghanan bertan uztea bada ere, egitasmoak beste helburu bat ere baduela azaldu du Lopetegik: “Proiektua zabaldu egin nahi dugu; alegia, jendeak proiektua zertan datzan jakin dezan nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu jendearengan interesa piztea. Asko gustatuko litzaiguke urte batzuk barru beste bi gaztek, adibidez, gurearen antzeko beste egitasmo bat gauzatzea”.
Arrietak jakinarazi du eurek ere beste hainbat proiektu dauzkatela buruan: “Ez daukagu ezer finkatuta, baina hurrengo bidaian anbulantzia bat erosi eta Afrikako edozein lekutara joatea gustatuko litzaiguke”.
Leave a Reply