Samurtasuna itzuli nahian

Samurtasuna itzuli nahian

Onintza Lete Arrieta

Ez du samurra behar ume jaioberria edo bizpahiru urtekoa hartu eta ospitalera bueltaka ibiltzeak, garapenean nahasmenen bat duelako, itsua delako, paralisia duelako edo beste zailtasunen bat duelako. Ezta ume horri gainerako umeei eskaintzen zaizkien aukera berak eskaintzea lortzea ere. Ondo daki hori Iñaki Bidegainek (Donostia, 1950), Zarautzen bizi den neurologoak. Urte askoan garun paralisia duten pertsonen eta haien familien aldeko Aspace elkarteko zuzendaria izana da, eta horrexegatik gelditu zen Bolivian boluntario lanetan ezagututako ume eta familiei betirako lotuta. Gipuzkoan samurra ez dena, pentsa halako herrialde batean. “Gu pribilegiatuak gara”, erantzun du, ziur, kazetariak horretaz galdetutakoan.

“Han eta hemen, ume batek izan dezakeen garapen nahasmena berbera da, baina bi gauza aldatzen dira: batetik, ingurua, eta bestetik, Europan ez bezala, han, askotan, ez direla nahasmenak hasieratik tratatzen. 4, 5, 8 edo 10 urteko haur bat aurkitu dezakezu inoiz tratatu gabe. Eta, aurreneko esku hartzeek, planteamendu egokiarekin egindakoek, aurrerapen handia eragin ohi dute haurrengan. Ederra da”. Horregatik, Bolivian eta haren antzeko herrialdeetan, aurrerapenek “mirari txiki bat” direla ematen dutela esan du. “Hemen, berriz, txikitatik jartzen dira martxan proiektuak, programak eta estimulazioak”.

BOLIVIAKO BI HAUR

Bidegainen hitzetan, gurasoekin hartu-emana ere desberdina da bi tokietan. “Han gehiago jotzen dute alde magikora”. Adibide batekin azaldu du magia hori: “Bazen han hitz egiten ez zuen mutiko bat. Buruan kalpar bat ez, bi zituen. Haren aitak galdetu zidan ea kalpar haiek buru barrura ote zihoazen eta horregatik ez ote zuen hitz egiten semeak”.

Dirua, boluntario lanerako

Istorio hori eta beste hainbat kronika formatuan bildu, eta liburua osatu du neurologoak: El Jaguar del río Yacuma vive (Yacuma ibaiko jaguarra bizirik dago). Amazonen nahiz Zarauzko Garoa liburu dendan daude salgai, hamar euroan. Bidegainek azpimarratu du biltzen duen diru guztia DOA Denok Osasunaren Alde gobernuz kanpoko erakundearentzat izango dela. Hain zuzen, elkarte horrekin egiten ditu boluntario lanak Bolivian, garapen nahasmenduak dituzten ume eta gazteekin: Trinidaden eta Rurrenabaquen.

Oraingoz, bi tokitan aurkeztu du liburua; aurrena, Irunen —han sortu zen DOA, eta hangoa zen Ana Retegi boluntarioa, orain gutxi gaixotasun baten ondorioz zendu zena—, eta bigarrena, Zarautzen, joan den astean. Bidegain pozarren da liburuak izan duen harrerarekin, Irunen 81 liburu eta Zarautzen laurogei saldu baitituzte.

IÑAKI BIDEGAIN

Bidegainek 2006an egin zuen lehen boluntario bidaia Boliviara, DOA elkartearekin. Hark azaldu du mediku taldeak joaten direla epe labur batean ahalik eta artatze lan gehien egitera: “DOAtik hainbat talde joaten dira bai Guatemalara eta bai Boliviara, batez ere ebakuntzak egitera: zirujauak, ginekologoak, traumatologoak… Hamar egunetan ehun ebakuntzatik gora egin ditzakete”. Hango eskola batean garapenaren nahasteak eta dependentzia duten umeak ikusteko deitu zioten Bidegaini. “Joan nintzen, eta hara lotuta gelditu nintzen”, gogoratu du. Azken bidaiak 2018an eta 2019an egin zituen, eta orduko kronikekin osatu du liburua. Pandemia ondoren, iaz itzuli ziren herrialdera, eta horregatik ez dute lana argitaratu orain arte.

Trinidadeko eskola, ondo

Eskoletako umeei laguntzen die DOAk, ezin direlako denera iritsi. “Lortu genuen heziketa bereziko eskola txiki bat egitea, eta, behin hori lortuta, hasi ginen laguntzen eskolatuta zeuden ikasleei, elbarriei, bestelako garapen nahasmenak dituzten gaztetxoei… Asko eskola normaletan ibiltzen dira han, eta batzuetan ez dute laguntzarik izaten”.

Azken bidaiatik “oso gustura” itzuli dira Zarautzera, ikusi dutelako Trinidaden sortutako eskola bereziak integrazio proiektu bat hartu duela eta horrek instituzioen indarra eta baimena duela, DOAren laguntzaz gain. “Gauzak bideratzen doazela ematen du. Urtean hamar umeri ematen diogu laguntza, bakoitzari hiru urtez, baina askotan ikusten dugu proiektuan ez dauden familiek esaten dutela proiektuan daudela. Horrek hobeto sentiarazten ditu, eta guretzat polita da hori ikustea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.