Kezka izokinaren egoeragatik

Kezka izokinaren egoeragatik

Mikel del Val

“Bidasoa ibaiko izokinaren egungo datuak oso kezkagarriak dira”. Josu Elzoren hitzak dira. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoko langilea da, eta arrain kudeaketaren arloan murgilduta dabil azkenaldian; Bidasoa ibaiaren Gipuzkoako zatiaren egoeraren berri ere badu tartean. Nafarroako Ingurumen Kudeaketak kaleratutako azken txostenaren arabera, izokina “egoera kritikoan” dago Bidasoan. Elzok azaldu du azken urteetako joera “beheranzkoa” zela, “urtetik urtera izokin gutxiago” zenbatzen ari zirela. “Baina aurtengo datuak oso kezkagarriak dira: soilik 90 izokinek egin dute Hondarribitik eta Irundik barrena Bidasoa ibaian gora”. Aurtengo datuak “azkeneko 37 urteetako okerrenak” direla jakinarazi du. Kezkatzeko arrazoiak badaude.

Aurtengo datuak eta beheranzko joera hori ulertzeko, baina, aurreko urteetako datuekin alderatzea garrantzitsua dela esan du Elzok. 2014an, esaterako, seiehun izokin inguru zenbatu zituzten Bidasoa ibaian. Hortik aurrera, hirurehun eta laurehun artean zenbatu izan dituzte urtero. Orain bi urte, 212 zenbatu zituzten; eta aurten, 90 bakarrik, urtebete lehenago baino 122 gutxiago. Elzok argi azaldu du oraintxe “muga kritiko batera” iritsi dela izokinaren egoera. “Eta, ondorioz, egoera horrek hobera egiten ez badu, datozen urteetan galtzeko arriskuan egongo dela uste dugu”.

Bidasoa ibaiko izokinaren egoera kritikoaren zergatiak ulertzeko, Elzok azaldu du ikertzaile gehienek “klima aldaketa” aipatzen dutela arrazoi nagusi gisa. “Ez dakigu zehazki zer pasatzen ari den, baina baditugu datu batzuk”, esan du. “Urtetik urtera, gero eta euri gutxiago egiten du gurean, udaberrian eta udazkenean batez ere; elurra eta hotza ere ohi baino geroago iristen ari dira gure ingurura; eta udak oso lehorrak eta beroak izaten ari dira. Ur hotzetako arraina da izokina. Eta, ezaugarri hori kontuan hartuta, oso baldintza txarrak dauzka Bidasoa ibaian”.

Gaur-gaurkoz Bidasoa ibaian “oso izokin gutxi” daudela nabarmendu du Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresako langileak. “Eta horregatik diogu klima aldaketaren ondorioak jasaten ari dela. Izan ere, muga-mugan dauden espezieek sufritzen dituzte gehien aldaketa horiek, eta espezie horien artean dago izokina”.

Itsasoko egoera ere, txarra

Bidasoa ibaiko egoera ez da ona izokinentzat, baina ezta itsasokoa ere. “Klima aldaketak, azken batean, ez die eragiten ibaiei bakarrik: itsasoak ere jasaten ditu kalte horiek guztiak”. Elzok gogoratu du izokinak itsasoan igarotzen duela bere bizitzaren fase bat: “Bidasoa ibaian behera eginda, itsasora joaten da izokina, eta, ondoren, Hendaia [Lapurdi] eta Hondarribia inguruan, Europa iparraldeko itsasoetara jotzen du. Urte bat edo bi pasatzen ditu han”. Alde horretatik, Elzok dio klima aldaketak nabarmen eragin duela itsasoko ur-lasterretan. “Arrain bidaiariak dira izokinak. Ur gezetan jaiotzen dira, Euskal Herrian erreketan, eta itsasora migratzen dute ondoren. Azkenik, itsasotik erreketara itzultzen dira berriz ere, ugaltzera”.

Izokinak Bidasoa ibaian dituen baldintzak onenak ez direla aitortuta ere, Gipuzkoako ibaien egoera oro har “inoiz baino hobea” dela aldarrikatu du Elzok: “Lehen baino askoz hobea da uraren kalitatea; asko hobetu da 1990eko hamarkadatik hona. Presa asko bota ditugu tarte honetan, eta izokinek bidea libreago dute ibaian gora egiteko. Duela hiruzpalau urte, gainera, izokina Elizondoraino [Nafarroa] iritsi zen, eta oso berri ona izan zen hori, noski”. Dena den, ibaien egoera ona bada ere, atsekabea azaldu du izokinaren datuak berriz ere mahai gainean jarri dituenean.

“Egoera kritiko hori iraultzeko” euren esku dagoen guztia egiten ari direla ziurtatu du Elzok, eta jakinarazi du Nafarroako Gobernua, Konfederazio Hidrografikoak eta arrantzaleak eurak elkarlanean ari direla izokina salbatzeko. “Espeziea birpopulatzen jarraitzen dugu guk. Ibaien kudeaketan ere pausoak ematen ari gara, presak botatzen eta ibaiak leheneratzen…”.

Etorkizuna, denen esku

Josu Elzok nabarmendu du izokinaren egoera “klima aldaketaren mende” dagoen heinean, espeziearen iraupena herritar guztien esku dagoela. Hori dela eta, klima aldaketaren aurkako neurriak hartzea “mundu guztiaren egitekoa” dela gogoratu du Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoko langileak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.