Bidaia bat errealitatera

Bidaia bat errealitatera

Unai Zubeldia

Bidaia bat da. Zuri-beltzekoa, koloretakoa, naturan barrena egindakoa… Hamabost minutuan munduari itzuli txiki bat. Amets baten parekoa. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak gaur egingo du Nazioarteko 50. Gipuzkoa Trofeoa lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan —edonor joan daiteke ekitaldira, leihatilan bertan gonbidapena jasota—. Andre Boto portugaldarraren The False Illusion argazkiak jasoko du Gipuzkoa saria, garaikur nagusia; Imanol Zubiaurre beasaindarra izan da euskal egilerik onena, Argi arnasa bila lanarekin; eta Mohammad Reza Masoumi irandarra izan da lehiaketako argazkilaririk onena, 11 argazki aukeratu dizkiotelako sariketan.

ANDRE BOTO PORTUGALDARRA

Urtero, hiru atal izaten ditu Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen lehiaketak: gai librean lehen biak, zuri-beltzean eta koloretan, eta gaia jarrita hirugarrena. “Urtero, aldatu egiten dugu gaia, eta aurten Natura aukeratu dugu”. Marian Martin Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Nazioarteko 50. Gipuzkoa Trofeoa lehiaketaren arduradunak zehaztu du 66 sari banatuko dituztela guztira, “atal bakoitzeko, 22”. Argazkilari bakoitzak lau argazki aurkeztu ditzake gehienez atal bakoitzeko, hamabi denera. Baldintza bakarra dago: Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen lehiaketan aurretik aurkeztu gabeak izatea.

IMANOL ZUBIAURREREN ARGAZKIA

“Guretzat egun berezia izaten da sari banaketarena”, aitortu du Martinek. “Argazkilari asko elkartzen da ekitaldian, oso urrunekoak batzuk, eta giro polita sortzen da”. Besteak beste, Antzoki Zaharrean izango da Andre Boto garaile nagusia. Urtero, aldatu egiten dira epaimahaikideak; Mamen Mari argazkilari donostiarra, Manu Barreiro argazkilari donostiarra eta Isabel Diez argazkilari bilbotarra izan dira aurtengoak. “Haien esku egoten da lehen galbahea, eta, ondoren, asteburu bat hartzen dugu elkartean, azken epaia emateko. Askotan, ez da erraza izaten saria nori eman erabakitzea, baina prozesu polita izaten da”. Aurten, “ia aho batez” saritu dute Boto. “Zalantza gutxi izan zen. Ikusgarria da argazkia bera, mezua…”.

Erakusketa, doan

Sari banaketa bakarrik ez, ordea. Joan den ostiraletik erakusketa ere zabalik dago Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitza nagusian, Donostian, San Juan kaleko 27. zenbakian. Nazioarteko 50. Gipuzkoa Trofeoa lehiaketan 2.561 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara 38 herrialdetako 242 lagunek, eta argazki horietatik 35 daude ikusgai erakusketan. “Iaz jaitsi egin zen parte hartzaileen kopurua, baina aurten gora egin du bai kantitateak eta bai kalitateak. Oso pozik gaude”. Otsailaren 23ra arte ikusi ahal izango da erakusketa, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara. Ez da sarrerarik ordaindu beharko. Hilaren 18an, larunbatean, ikus-entzunezko bat ere eskainiko dute.

Nazioarteko Gipuzkoa Trofeoa, hasieran, “kirol argazkilaritzako lehiaketa bat” izan zela gogoratu du Martinek. “Espainiako Estatu mailako lehiaketa izan zen hainbat urtez, eta denborarekin egin zuen jauzia nazioartera”. Jauzirik handiena, hala ere, teknologiak berak ahalbidetu duela azpimarratu du Nazioarteko 50. Gipuzkoa lehiaketaren arduradunak. “Duela zortzi-hamar urtera arte eskuz jasotzen genituen argazki guztiak, paperean eta diapositibetan, eta, noski, orain baino askoz konplexuagoa izaten zen dena, urtero mundu guztitik jasotzen ditugulako argazkiak: Iran, Txina, Argentina, Kanada…”.

MOHAMMAD REZA MASOUMI

Martinek gogoan dauka garai batean gonbidapenak bidaltzen aritzen zirela batera eta bestera. “Ezezagunak ginen, eta eskutitzak bidali behar izaten genizkien argazkilari elkarteei. Gaur egun, hori guztia errazagoa da Interneteko euskarriekin eta teknologia berriekin”. Hori bai, orain, urte batzuk atzera baino “lehia handiagoa” dago argazki lehiaketen artean. “Indarrean gaude gu, hala ere, eta lehiaketaren 50 urteak dira horren erakusgarri”. FIAP Argazki Artearen Nazioarteko Federazioa, Espainiako Argazkilaritzaren Konfederazioa eta Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartea dira lehiaketaren babesleetako hiru. “FIAPek zehazten du lehiaketa bakoitzaren maila, eta bost izar dauzka gureak, eduki daitezkeen guztiak. Maila handiko sariketa da”.

Jarduera asko urte guztian

Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak “mugimendu handia” izaten du urte guztian, eta, horren erakusgarri, erakusketaz eta gaurko ekitaldi nagusiaz gain, ikastaroak ematen ari dira gaur egun. “Hastapen mailakoak izaten dira normalean, eta, kasu horretan, bi egiten ditugu urtean, urtarrilean eta azaroan; 1. eta 2. mailakoak egiten ditugu beti”. Photoshop ikastaroa, argazkiak ateratzeko irteerak, lehiaketa txikiagoak, argazki rallyak… “Sakelakoarekin, badirudi ia denok garela argazkilariak orain, eta ondo dago guztiok argazkiak ateratzea”, aitortu du Martinek. “Baina jendeak interes handia dauka argazkilaritzari buruzko informazioa jasotzeko, begirada hori lantzeko, sakelakotik harago joateko. Azken batean, gutxieneko ikasketarik gabe, munduko kamerarik onenarekin ere ezinezkoa da argazki onak ateratzea”.

Argazkiak, ordenean:
1. Andre Botoren The False Illusion.
2. Imanol Zubiaurreren Argi arnasa bila.
3. Mohammad Reza Masoumiren Shakaram bw.

Leave a Reply

Your email address will not be published.