M. Garate
Irungo txistulariak ere ez dira udal langileak. “Duela zazpi bat urtera arte-edo hala ziren. Orain, beste herri batzuetan bezala, esleipen bat egiten da”, esan du Peio Irigoien Irungo Txistulari Taldeko kideak. Protokoloari lotutako lanak, jaietan egin beharrekoak eta abar jasotzen ditu hitzarmen horrek. Lau kide dira taldean, eta, ekitaldi berezietan, bestelako musikarien laguntza ere izaten dute. “Adibidez, asteburu honetan artzain eta inudeak izango dira, eta tronpetak etorriko dira gurekin”.
Aparteko ekitaldi horiek alde batera utzita, bi astean behin egiten dute diana, 08:30ean hasita. “Erdigunean kalejira bat egiten dugu, eta, hileko lehen asteburuan, eguerdian, mutxikoak izaten dira San Joan plazan”. Ordubete inguru iraun ohi du dianak. Uda partea gerturatu ahala, ekitaldi gehiago pilatzen zaizkie agendan, auzoetako festak ere hasten direlako. “Egun horietan ere buelta txiki bat egiten dugu erdigunean, eta auzoetara joaten gara gero”.
Irigoienen esanetan, “kale huts samarrak eta isiltasuna” aurkitu ohi dituzte dianetan. Jende gutxi ibiltzen da kalean ordu horietan. “Topatzen ditugun horiek harrera ona egin ohi digute. Zenbait leihotan ere jendea izaten dugu zain, umeak asko, eta polita izaten da hori”. Tarteka, entzun izan dituzte bestelakoak ere. “Bezperan parranda egin zutela eta lorik egiten ez geniela utzi eta halakoak, bai”.
Askotariko doinuak
Astean behin elkartu ohi direla esan du Irigoienek, eta dianaren eta mutxikoen artean geratzen zaizkien orduak ere hurrengo ekitaldiak prestatzeko baliatu ohi dituztela azaldu du. Irungo txistularien errepertorioan, badaude zenbait pieza berezi. “Sanmartzialetan, alardeko martxa jotzen dugu; Euskal Jiran, Euskal Jira izeneko doinuarekin joaten gara Irungo udal bandarekin batera: erregeetako kabalkada Atsegina konpartsak antolatzen duenez, Atsegina doinua jotzen dugu… Mutxikoetarako, berriz, euskal dantza errepertoriotik jotzen dugu asko”.
Lan lotua da txistulariena. “Gu, gainera, ez gara profesionalak, eta batzuetan beste konpromiso batzuk ere sortzen zaizkigu, baina, oraingoz behintzat, moldatzen gara”.
Leave a Reply