Unai Zubeldia
Duela bost urte hil egin nintzen, eta horregatik eskatu didate hemen egoteko”. Ignacio Apestegi da (Iruñea, 1978). “Suizida”. Hamar urteko muturreko depresio prozesu luze baten eraginez, hiltzea zen haren helburu bakarra “gauero-gauero”. “Eta goizero negar egiten nuen, ez nintzelako hil”. Bost aldiz saiatu zen bere buruaz beste egiten. “Depresioak drogen kontsumora eraman ninduen, kontsumoak depresiora… Oheratu, eta dena amaitu zedin besterik ez nuen nahi”. Amildegiaren ertzera eraman zuen bizitzak, baina hari-mutur bati heltzea lortu zuen. “Ni hil egin nintzen; mediku bati esker nago hemen”, ziurtatu du.
Eustat euskal estatistika erakundearen arabera, 2021ean 49 pertsonak egin zuten bere buruaz beste Gipuzkoan: berrogei gizonezkok eta bederatzi emakumezkok. “Urtero-urtero, handitzen ari da kopurua, baina alfonbra azpian gordetzen ditugu datu horiek; jendeari lotsa eta beldurra ematen dio horri buruz hitz egiteak”. Aergi Menpekoak Erreabilitatzen-Gipuzkoa elkarteak Lasarte-Orian daukan egoitzan eman du testigantza Apestegik, asteon.
Iruindarra da Apestegi, baina, gurasoak banandu berritan, Kanarietara (Espainia) joan zen bizitzera, 2 urte zituela, eta, “berriz bizitzen hasteko helburuarekin”, bi urte eta erdi daramatza Usurbilen. Bizitza eraldatzeko pausoa eman aurreko prozesua “luzea eta gogorra” izan zen, ordea. “Psikiatriko batean esnatu ninduten duela bost urte”, azaldu du. “Eta zortea izan nuen, nire antzera zeuden hainbatekin topo egin nuelako han. Depresio kronikoa zeukaten haiek ere, eta jabetu nintzen ez geneukala geure sentimenduak azaltzeko gunerik”. Barrua askatzen hasteak eman dio arnasa, hitz egiteko lekuak aurkitzeak. “Eta idazteak. Niri asko lagundu dit idazteak”.
“Maskara” jarrita
“Zoriontsuak izatera behartzen gaitu gizarteak, eta, adin batetik aurrerako gizonezkoei, gainera, esaten digute gogorrak izan beharra daukagula, indartsuak, ezin dugula sufritu…”. Apestegi “maskara” hori jarrita ibili izan da urte askoan. “Baina gauean, ohean sartzean, ez dago maskararik; zeure buruari ezin diozu gezurrik esan, sufritu egiten duzu, eta etengabea da min hori”.
“Ezin dut gehiago”. Apestegik gogoan dauzka bere burua lehertu ondorengo psikologoen eta psikiatren kontsultetako sartu-irtenak, medikamentuak, ingurukoen aholkuak… “Emozionalki ohi baino apalago egoten gara batzuk, gainera; malenkoniatsuak garela esaten dut nik, tristea baita tristeak garela esatea. Neure burua da nire etsairik handiena”. Umetatik minez bizi izan da. “30 urte bete arte ez nekien minik gabe bizi zitekeenik. Barizeak, herniak, bizkarra okertuta… Umetatik, hori izan da nire ohiko egoera”. Minari aurre egiteko, kontsumoa; kontsumoak, mina… “Gurpil zoro horretatik atera ezinik ibili nintzen”.
Baina ateratzea erabaki zuen. “Arrebarekin hitz egin nuen lehenik eta behin. Hark fibromialgia dauka umetatik, eta esklerosi anizkoitza diagnostikatu diote orain. Hark badaki minarekin bizitzea zer den, depresioa zer den…”. Arrebarekin ez ezik, psikiatrikoan egindako lagunekin ere aritu zen hizketan Apestegi; drogak kontsumitzeari utzi zion; Kanarietatik joatea erabaki zuen, “karga emozional negatibo handia” zeukatelako toki guztiek; lana ere aldatu zuen. “Jazarri egiten zitzaizkidalako aurreko lantokian [hegazkinetako mekanikaria zen]”…
Martin Berasategiri deia
Hegazkina hartu, Euskal Herrira iritsi, eta sukaldaritza ikasketak egin zituen. Martin Berasategi sukaldariari deitu zion, eta harekin egin zituen praktikak. “Pertsona zoragarri bat ezagutu nuen gero [egungo bikotekidea]… Azken batean, eguneroko borroka txikiak irabazi ditut nik, alferrikakoak direlako luzerako jartzen ditugun helburu handiak. Gaur ez hiltzea da nire helburu bakarra. Halakoak gara suizidak”. Egunaren balantzea egin, eta “negatiboan” zegoela jabetzen zen beti Apestegi.
Horregatik saiatzen da egunero “zoriontasun mokadu txikiak” bilatzen. “Depresibooi asko kostatzen zaigu geure burua maitatzea. Guretzat, oso zaila da ‘ondo egin duzu’ esatea, eta, ikasten dugun arte, garrantzitsua da gainerakoei ekarpen positiboak egitea: amari deitu eta ‘zer moduz zaude?’ galdetzea, adineko bati zebrabidea pasatzen laguntzea…”.
Apestegik ziurtatu du euren larruan jartzea oso zaila dela depresioa, antsietatea, adikzioa… ez daukanarentzat. “Eta, horregatik, geure errealitatea ikusgai egiteak lagunduko digu pausoak ematen; pausoa ematear dagoenari lagunduko dio pauso hori ez ematen”. Argi utzi du suizida beti izango dela suizida. “Baina sentitu behar dugu ez gaudela bakarrik; babesa behar dugu”. Alde horretatik, gizarteari kritika zorrotza egin dio: “Hil egiten gaitu bere isiltasunarekin. Norbaitek ezagutzen al du suizidaren bat? Izenik baduzue? Ez ditugu ikusi nahi, desagerrarazi egin nahi ditugu denak”.
Leave a Reply