Mikel del Val
Errenteriako Don Bosco LHIIk, Tolosako Tolosaldea LHIIk eta Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteak proiektu aitzindari bat abiatu dute elkarlanean, premia bereziak dituzten Lanbide Heziketako ikasleen inklusioa eta prestakuntza arloko arrakasta lortzea xede dituena. IDU gelak, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboan izena jarri diote proiektuari.
Amaia Osanbela Don Bosco LHIIko proiektuaren komunikazio arduradunak argi utzi du irakasle askok “gabeziak” zituztela behar bereziak dituzten ikasle askorengana iristeko. “Behar bat zegoela antzematen zuten, baina ez zekiten ikasleei nola lagundu”. Proiektuak, hain zuzen, horretan eragin nahi du: lehenik eta behin, irakasleen sentsibilizazioa bilatzen du, ondoren heziketa horretan nola sar daitezkeen jakiteko. “Irakasleek ikasle horiei beste perspektiba batetik begiratzea bilatzen du”. Proiektu berriarekin irakasleek “klik bat” egin dezaten nahi dute.
Proba pilotua, hiru ziklotan
Bi zentroetan, Errenterian eta Tolosan, proba pilotu bat abiatuko dute ikasturte honetan, Lanbide Heziketako hiru ziklotan: erdi mailako bitan eta goi mailako batean. Telekomunikazio-Instalazioetako Teknikaria (Don Bosco LHII), Mikroinformatika Sistema eta Sareak (Tolosaldea LHII), eta Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikaria (Don Bosco LHII) dira hiru zikloak. Proba pilotua bukatuta, bildutako informazioarekin lanketa bat egingo dute eta ondorioak aterako dituzte, proiektuak nola funtzionatu duen ikusteko. Aurten “txikitik” hasiko direla jakinarazi du Osanbelak, baina “anbizio handiko proiektua” dela azpimarratu du, “handitzeko” helburua duena. Euskal Herri osoko Lanbide Heziketara zabaldu nahi dute, gainontzekoek ere aplika dezaten.
Lanbide Heziketara begirako protokolorik ez dagoenez, ikasle asko beren ahalmen, trebetasun eta gaitasun asko atera gabe geratzen dira, Osanbelaren esanetan. Orain arte, gainera, beharrak zituzten ikasle horiei “despistatua, geldi egoten ez dakiena, alferra edo irakurtzea gustatzen ez zaiona” etiketa ezarri izan zaie. Hori ikusirik, Osanbelak argi utzi du “premia bereziak dituzten ikasleek” gerora ez dutela arazorik izango lan jardunean. “Ez dute arazorik izango behar duten hori ikasteko”. Bestelakoa da arazoa: “Gure lanketaren araberakoak dira ikasle horien arazoak”. Hori dela eta, Osanbelak argi du “ikasle horiei baliabideak beste modu batera” emanez gero, “hobeto” hartuko dituztela eta “gehiago” ikasiko dutela. “Arazoa ez dadila izan guk materiala nola helarazten diegun. Ikasketa zentroa, irakaslea eta ikasgaia edozein direla ere, helburua da ikasle guztiek baliabide berberak izatea”.
Horregatik, Osanbelaren esanetan, proiektuaren helburua ez da beharrak dituzten ikasleei materiala murriztea, maila jaistea edo haiek gutxiago ikastea. “Xedea da ikasle horiei materiala beste modu batera ematea, egunerokoa ahalik eta erosoena izateko”. Adibide modura, Osanbelak zehaztu du dislexia duen ikasle bati irakurtzea kostatzen bazaio, irakaslea esaten ari dena entzuteko audio bat ematea izan daitekeela irtenbideetako bat.
Hiru zutabek eraikia
Elkarren artean osagarri diren hiru zutabe ditu proiektuak: Don Bosco LHIIn, inklusioa eta ekitatea dira datozen lau urteetara begira langile guztien artean diseinatu duten plan estrategikoaren ardatzak. Osanbelak zehaztu du, 2020an, pandemiak eztanda egin baino lehen, Don Bosco LHII zentroko pertsona guztiak bildu zirela hurrengo lau urteetarako plan estrategiko bat osatzeko, eta “aho batez” adostu zituztela kezkarik esanguratsuenak: “Ikasleen inklusioa eta ekitatea”. Proiektuaren komunikazio arduradunak jakinarazi du ikastetxeak hasieratik asko lagundu diela proiektua gauzatu ahal izateko pausoak ematen.
Tolosaldea LHIIren kasuan, dagoeneko lanean ari da Dislexia On proiektuan, behar berezien inguruan; eta Dislegi elkarteak, azkenik, hezkuntza premia berezien esparruko adituek alor horretan duten esperientzia eskaintzen du. Proiektuaren barnean Dislegi elkartea sartuta badago ere, Osanbelak argitu du behar berezi horiek ez direla dislexiara mugatuko: “Tolosaldea LHIIk aurrez dislexiaren inguruko lanketa egina zuenez, Dislegirekin harremanetan jarri ginen, haiek dagoeneko ezagutzen dituztelako behar bereziak dituzten ikasleak”. Bien artean dagoeneko sare bat osatuta daukatela azpimarratu du proiektuaren arduradunak. “Eta horrek asko erraztu digu bidea, ate asko ireki dizkigu”.
Leave a Reply