Mikel del Val
Wikipedian Oiartzungo emakumeen presentzia gizonena baino dezente urriagoa zen, iazko urte bukaerako datuen arabera: gizonen presentzia %76koa zen, eta emakumeena %24koa. Egoera horren harira, Oiartzungo lau emakume elkartu egin ziren, plataforma horretan herriko emakumeen presentzia zabaltzeko asmoarekin. Izaskun Madariaga, Josune Igoa, Ane Lardi eta Jaione Ugaldebere dira lau kideak. Igoak onartu du “konturatuta” zeudela Wikipedian emakumeen presentzia “oso txikia” zela. “Horregatik ekin genion emakume garrantzitsuen edo zerbait egin dutenen presentzia zabaltzeari”.
Oiartzungo proiektuak hiru adar dituela azaldu du Madariagak: “Oiartzungo emakumeak ikusaraztea eta haien presentzia handitzea; gizonekin alderatuz dagoen arrakala txikitzea; eta Wikipediako euskarazko edukiak elikatzea”. Euskarazko Wikipedia elikatzeko, gustuko gaiei buruzko artikuluak lantzen ditu jendeak. “Eta emakumeen gaiari heldu genion guk”, adierazi du Igoak.
Lau oiartzuarrek duela urtebete abiatu zuten euren jarduna, eta erakutsi dute orain artean egindako lanak arrastoa utzi duela. Otsaileko datuen arabera, Wikipedian gizonen eta emakumeen presentzian zegoen arrakala nabarmen txikitu da: Oiartzungo gizonen presentzia %58koa da, eta emakumeena %42raino handitu da.
Elkarlanaren fruitua
Oiartzuarrek ez zuten ezerezetik hasi proiektua. Madariagak baietsi du Durangoko (Bizkaia) Andragunean biltzen den emakumeen taldea ezagutu ondoren ekin ziotela egitekoari. “Haien erreferentzia bagenuen, eta hango kide Marisa Barrenarekin harremanetan jarri nintzen; sare sozialetan ikusten nuen Barrena mundu horretan murgilduta zebilela. Haien ereduari jarraituz, orain Wikiemakumeok proiektuaren barruan gaude gu ere”.
Mentxu Ramilo gasteiztarrak abian jarritako proiektua da Wikiemakumeok. Oiartzungo kideek nabarmendu dute orain Durangokoa dela talderik nabarmenena, 3.000 biografia landu baitituzte han orotara. Jardunean daramaten urtebetean, oiartzuarrek 30 biografia inguru osatu dituzte, eta lan horretan jarraitzeko asmoa daukate.
Madariagak eta Igoak zehaztu dute Durangoko taldea bidelagun izan dutela urtebete honetan, eta hara joanda ikastaroak ere egin dituztela, Wikipediari eta proiektuari buruz ikasteko. Egitasmoaren hastapenetan Barrenak berak “asko” lagundu diela azaldu dute biek. “Gure bastoia eta akuilua da Marisa. Telefonoz ere harreman zuzena dugu Durangorekin”, kontatu du Madariagak.
Bi oiartzuarrek adierazi dutenez, zenbait irizpide kontuan hartzen dituzte Wikipediarako biografia bat osatzeko. Esparru hauek landu dituzte Oiartzunen: herri ekintzaileak, kultur eragileak, artistak, emakumeen taldeak, irakasle historikoak, frankismoaren jazarpena jasandakoak, politikariak eta kirolariak.
Proiektua bistaratzen
Sorreratik urtebete pasatu bada ere, Oiartzunen hasierako lau emakumeak soilik ari dira buru-belarri lanean. Proiektuari forma eman diote jada, eta euren jarduera ikusarazi nahi dute orain. Hori dela eta, datorren ostegunean, otsailaren 23an, ekitaldi bat egingo dute Oiartzungo udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean hasita. Marisa Barrena Durangoko taldeko kidea ere gonbidatu dute ekitaldi horretara. “Wikiemakumeok proiektuaren ardatz nagusiak azalduko ditu Marisak”, adierazi du Igoak. “Ondoren, gure taldea eta Oiartzungo gure proiektua aurkeztuko ditugu. Nor garen eta zertan ari garen azalduko dugu”.
Bi oiartzuarrek aitortu dutenez, “taldea handitzea” da ekitaldiaren beste helburuetako bat, eta proiektuarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei. Hilean behin elkartzen dira, Oiartzungo KZgunean. Igoaren hitzetan, lan entretenigarria eta interesgarria izan daiteke “ikertzea gustuko dutenentzat eta arlo jakin bateko jendea ezagutzen dutenentzat”. “Elkarlanean aritzen gara kide guztion artean”.
Leave a Reply