Miren Garate
Airbnb da etxebizitza turistikoak iragartzeko plataformarik ohikoena, eta, Haritik Hirira geografo taldeak egindako ikerketa baten arabera, 1.659 etxe eskaintzen ziren iaz Donostian, gehienak Erdialdean (778) eta Gros auzoan (295). Saretxe Groseko etxebizitza sindikatuak uste du etxebizitza turistikoek ondorio “larriak” dituztela auzotarrentzat; besteak beste, alokairuak garestitzen, espazio publikoak pribatizatzen eta turismorako zerbitzuak indartzen dituztelako. “Auzokideen bizitza garestitzen dute, azken finean”. Etxebizitza horiek debekatzeko asmoz, gida bat aurkeztu du Saretxe sindikatuak. Gida horrekin, beren portaleetan halako etxerik ez baimentzeko egin beharreko urratsak jakinarazi dizkie bizilagunei.
Jon Basterra Saretxeko kidearen esanetan, eman beharreko pausoak errazak dira, eta Jabetza Horizontalaren Legeko 17.12 artikuluaren babesa dute. Bizilagunen bilera batera deitu behar da aurrena. “Gai zerrendan zehaztu behar da zertaz hitz egingo den eta zer bozkatuko den; jarri ezean, kontra egiteko intentzioa duen bizilagunen batek esan dezake ez zegoela gai zerrendan, eta, beraz, ez duela baliorik”. Bozketan, bost jabetik hiruren babesa behar da. Amaitzeko, erregistratu egin behar da akordioa.
Atzerako eraginik ez
Basterrak zehaztu du atzerako eraginik ez duela neurriak, eta, horregatik, komeni dela ezkaratzean etxebizitza turistikoren bat jarri aurretik egitea akordioa. “Jabetza hori eskuz aldatuko balitz ere, lizentzia erortzeko aukera handia egongo litzateke; jabe berriak beste eskaera bat egin beharko luke, eta ordurako erregistratuta egongo litzateke bizilagunen akordioa”. Era berean, azaldu du kuota %20 igotzeko aukera ere ematen duela legeak.
Saretxeren helburu nagusia “bizilagunak antolatzea” dela esan du, eta lege batek ematen duen aukera baliatu dutela horretarako. Izan dira halako akordioen aurka auzitara jo duten jabeak. “Oraindik ez dago jurisprudentzia argi bat: epaile batzuek alde batera ebatzi dute, eta beste batzuek, beste batera”. Horri lotuta, epaileek gatazka kasuetan esku hartu ohi dutela iritzi dio Basterrak. “Bizilagunek aho batez erabakitzen badute portale horretan etxe turistikorik ez dela egongo, epaile bat ez da sartuko erabaki hori interpretatzera”.
Hala ere, haren hitzetan, gai horretan “garrantzitsuena” ez da epaile batek zer esango duen. “Bizilagunak txertatu nahi ditugu perspektiba horretan. Egin dezatela ariketa bat, defendatzeko etxebizitza eskubide bat dela eta ezin dela negoziorako produktu bat izan”. Era berean, bizilagunen komunitate bakoitzean etxebizitza turistikoak debekatzeko “ariketaren” bidez eta bizilagunak “beren interesen alde” antolatzearen bidez Grosen gertatzen ari den “gentrifikazio eta turistifikazio prozesuari” aurre egin ahal izango zaiola esan du. “Horrelako egitasmoekin, sare batzuk josten dira bizilagunen artean, eta artikulatzen den komunitate politikoa da garrantzitsua guretzat”.
Basterraren esanetan, jakin-mina sortu du kanpainak. Sindikatuaren laguntzarekin, bost ezkaratzetan egin dute jada etxebizitza turistikoak debekatzeko akordioa, eta litekeena da gehiago izatea sindikatuaren laguntzarik gabe hori egin dutenak.
“Beste eredu” baten premia
Entzun izan dute etxebizitza turistikoak debekatuz gero, legez kanpoko alokairuak sustatuko liratekeela, eta orain arte gauzak legearen arabera egin dituztenak zigortu. “Guk ez dugu planteatzen etxebizitza turistiko onak eta txarrak daudenik. Auzoan etxebizitza turistikorik ez egotea nahi dugu, auzoko errealitatea baita ia inor ezin dela emantzipatu eta auzotik kanpora joatera kondenatuta gaudela”.
Era berean, esan izan diete norbere hiriko turismoa kritikatu arren gehienei gustatzen zaiela kanpora joatea oporretan. Hala dela esan du Basterrak, “historikoki” egon dela turismoa, “baina oraingo arazorik ez da egon”. Saretxeko kideen ustez, “beste turismo eredu bat” behar da, kontrolatuagoa. “Gure askatasun indibidual horri uko egin behar badiogu askoz ere arazo handiago bat dagoelako, uko egin beharko zaio”.
Putre funtsek ere kalte handia egiten dutela dio Basterrak, baina etxebizitza turistikoen gaian “Donostiako burgesia txikiak ere sekulako kaltea” egiten duela. “Alokairua garestitzearen erantzule nagusietako bat dira”.
Leave a Reply