Ahozkotasunari lekua egingo diote hemeretzi herritan, gaurtik hasita

Ahozkotasunari lekua egingo diote hemeretzi herritan, gaurtik hasita

Laida Goiburu

Gaur hasiko da Intujai Teatrok Ordiziako eta Tolosako udalekin elkarlanean antolatu duen Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Hilabete pasatxoko egitaraua izango dute ahozkotasunaren zaleek gaiaren inguruan sakontzeko eta askotariko jarduera eta ekitaldiekin gozatzeko. Prestakuntza saioak, tailerrak, ipuin kontaketak eta ahozkotasunaren galak egingo dituzte. XI. Narrazio Lehiaketa egingo dute Ordizian, eta Euskal Kontalarien VII. Topaketa Tolosan. Guztira, Gipuzkoako hemeretzi herritan izango dira jarduerak hilabete osoan.

Euskal Herriko eta nazioarteko 30 artistak parte hartuko dute jaialdian. Horietatik 22 euskal herritarrak dira, eta Belgikako, Mexikoko, Japoniako, Nikaraguako, Nigeriako, Aragoiko, Errioxako (Espainia) eta Frantzia-Polinesiako artistak ere izango dira. Zoa Meza nikaraguarrak eta Maite Franko euskal herritarrak irekiko dute jaialdia, gaur, 20:00etan, Berrobiko Etxolan. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuenez, aurten ere “ipuinen bidez emozio eta sentimenduak azaleratzeko” aukera eskainiko du Ahoz Ahok.

Bihar, berriz, Ipuin Narrazioen XI. Lehiaketaren lehen fasea izango da Ordizian. Lehiaketan izena eman dutenek (profesionalek zein ez-profesionalek) haien narrazioak kontatuko dituzte, gehienez zortzi minutukoak. Epaimahaiak eta publikoak aukeratutako hiru narratzailerik onenak bigarren fasera pasatuko dira. Martxoaren 24an egingo den Ahozkotasunaren Ordiziako Gala Handian berriro kontatuko dituzte istorioak kontalariek, jaialdia osatuko duten gainontzeko artistekin batera. Iñaki Carreterok gidatuko ditu ipuin narrazioen lehiaketako bi saioak.

Martxoaren 25ean, Euskal Kontalarien VII. Topaketa egingo dute Tolosan. Bertan banatuko dituzte urtero jaialdian banatzen dituzten Urrezko kalabazetako bi. Antolatzaileek azaldu zutenez, Euskal Herriko kontalari batek jasoko du kalabaza bat, eta nazioarteko kontalari batek bestea. Bi irabazle horien izenak ez dituzte jakinarazi. Bai, ordea, Ohorezko Urrezko Kalabaza nork jasoko duen. Anjel Lertxundi idazlearentzat izango da, urteotan egin duen “ahozkotasunaren aldeko lanagatik” eta “bere literaturan ahozkotasunak duen presentzia handiagatik”.

Oholtzan, profesionalekin

Helduentzako zein haurrentzako ikastaroak egingo dituzte Ahoz Ahon. Helduentzako narrazio ikastaro trinkoa Alberto Garcia belgikarrak egingo du, Tolosan, Amarotzeko auzo etxean. Umeentzako kontalaritza ikastaroa, berriz, Maider Alzelai arrasatearrak egingo du, Abaltzisketako Txalburu eskolako Haur Hezkuntzako eta Bidania-Goiatzeko Txinkorta ikastetxeko Haur Hezkuntzako umeekin. Dagoeneko hasi dituzte tailer horiek. “Ahozkotasuna lantzea eta umeei beren gustuko ipuin bat prestatzen laguntzea da helburua, eta aukera izango dute oholtza profesional batekin partekatzeko”, azaldu du Alzelaik. Egindako lanaren emaitza eskoletan bertan aurkeztuko dute haurrek, martxoaren 9an Bidania-Goiatzen, eta martxoaren 17an Abaltzisketan. “Herriko jendeak, gurasoek, nahi duen orok dauka aukera ikustera joateko”.

2005ean hasi zen Maider Alzelai lehenengo ipuinak kontatzen. Hasieran, boluntario, eta pixkanaka sareak sortzen hasi zen profesional gisa. Ahoz Aho jaialdian 2017an parte hartu zuen lehendabiziko aldiz. “Prestakuntza jasotzen eta narrazio lehiaketan ere parte hartu nuen, eta hurrengo jaialdian artista moduan lan egiten hasi nintzen”.

Oraingoan, jaialdian haurrentzako ipuin kontalaritza prestatzea egokitu zaio Alzelairi. Kontaketa prestatzeko orduan antzera egiten duela lan dio, baina erregistroa aldatzen dela: “Nondik kontatzen duzun, nola, eta baita zer kontatzen duzun ere. Helduekin beste lizentzia batzuk hartzen dituzu”.

Artisten topaleku

Profesionalentzat ez ezik, ahozkotasuna hobetu nahi duten guztientzat da baliagarria jaialdia, haren ustez, kontalaritza munduan ibili ala ez: “Ahozkotasuna gustatzen zaienentzat da. Hobeto adierazten laguntzen dizu, eta arlo askotarako balio du”. Profesional edo artistentzat, dena den, jaialdi “oso garrantzitsutzat” jo du, “erakusleiho gisa, plataforma gisa, lanbide berean dagoen jendearentzako topalekua” baita. “Oso topaketa garrantzitsua bihurtu da ipuin kontalariontzat. Gure gauzez hitz egiteko, kolektiboaren elkargunea da”.

Euskal Herriko 22 kontalari izango dira jaialdian, eta esan du badagoela euskal kontalarien sare bat. Ahoz Ahotik kanpo, badute aldarrikapen bat: Heldu da kontua egitasmoa, helduentzako programazioa sustatzeko. Urtero bi kontalariri sariak emango dizkiete, eta saria bera lana da: ipuin-kontaketa saioak. Ipuinak ez direla haurrentzat bakarrik azpimarratu nahi dute zirkuituaren bitartez. “Denentzat dira: infantilizatu egiten dira, baina helduentzat ere badira. Gainera, euskaraz kontatzen ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.