Maialen Etxaniz
Urte hasieran, kezka sortu zuten herritarren artean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak jakinarazitako hegazti-gripe kasuek; Oria itsasadarrean hilik aurkitutako hiru kaiotan atzeman zuten gaitza; ezezaguna da gaia, eta askok ez dakite zenbateraino zabaldu daitekeen. Ingurumen Sailak jakinarazi zuenez, 2021eko urritik hona, erregistratu den hegazti gripearen epidemia “garrantzitsuena” jazo da Europan: 6.000 foku baino gehiago izendatu dituzte 37 herrialdetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hegazti gripearen 22 foku identifikatu zituzten iaz, eta kasu horietan guztietan hegazti basatiei eragin zien gaitzak; besteak beste, putreei, zikoinei, antzarei eta zangei. Orion aurkitutako hegaztiak, ordea, kaioak izan ziren.
Asier Aldalur (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1971) ornitologoa da, eta Aranzadi zientzia elkarteko eta Zarauzko Arkamurka natur taldeko kidea. Itsas hegaztiak ikuskatzen eta aztertzen aritzen da, eta horretan aditua da. Orain Getarian dabil lanean, neguko eraztuntze kanpainan murgilduta. Hark azaldu duenez, “kasu bakanak” izan ziren Oria itsasadarrean agertutako kaioenak: “Udan, hegazti gripeak eragin handia izan zuen Europa iparraldean, eta gogor jo zuen hango hegazti kolonietan. Gipuzkoan, ordea, kasu bakan batzuk soilik agertu dira. Gainera, hegazti gripea atzemandakoak kanpotik etorritako kaioak dira. Hain zuzen, antxeta mokogorriak”.
Arkamurkakoak azaldu duenez, hegazti espezie horrek Europa ekialdean du jatorria, eta gehienak Polonia, Bielorrusia eta Ukraina inguruetatik etortzen dira Euskal Herrira negua pasatzera. Zehaztu du hegazti gripearen gaitzak hegazti haztegietan izaten duela eragin handiena, eta ez dela ohikoa kaioetan horrelakoak identifikatzea. “Orion hegazti gripearekin agertu zirenak mareak ekarritakoak dira. Gure kostaldean agertu ziren, baina baliteke askoz ere iparralderago hil izana. Ekaitzak izaten direnean, mareak eta korronteek hondartzetara edo itsasbazterrera ekartzen dituzte hildako hegaztiak”. Negu partean hondartzetan hegaztiren bat hilda aurkitzen bada “tentuz” ibili behar dela nabarmendu du Aldalurrek: “Hegazti gripeak oso infekzio gaitasun txikia du pertsonengan, baina hilik edo hilzorian egon daitezkeen hegazti basatiak ukitzea ez da gomendagarria. Zerbaitengatik ukitu behar badira, babes neurriak hartuta ukitu behar dira, maskara eta eskularru egokiak jantzita”.
Neguko kaioak ikergai
Aldalurrek azaldu du euskal kostaldera negua pasatzera “kaio mota asko” etortzen direla: “Dozena bat baino gehiago izango dira denera”. Azken asteotan horiek aztertzen ari dira Getariako nautiko zaharrean. Hegaztientzat tranpa bereziak jarri dituzte han, kaioak harrapatu, eraztundu eta ikertzeko.
Besteak beste, kaioak osasuntsu dauden jakiteko balio die eraztuntze kanpainak. Hala ere, beste xede batzuk ere baditu. “Euskal Herriko kostaldean eta Getariako San Anton mendian umatzen den gure kaio espeziea kaio hankahoria da, nahiz eta kaio hori edo kaio beltz ale batzuk ere umatzen diren bertan. Horien neguko mugimenduak, elikadura eta iraupena aztertzen ari gara”. Neguan euskal kostaldera iristen diren kaioak ere aztergai dituzte: “Neguko kaioek ez dute zerikusirik udan edo udaberrian gure kostaldean umatzen diren bi edo hiru espezie ezberdinekin”. Hori dela eta, euskal kostaldera zein Getariara neguan etortzen diren kanpoko kaio multzo horren migrazio bideak aztertzen ari dira. “Ez bakarrik bertara negua pasatzera etortzen direnena: baita migrazioan bertan atseden hartzen geratu ondoren beren ibilbideari berriro ekiten diotenena ere”.
Era horretan, kaio bakoitzaren jatorria eta egoera “zehaztasunez” ezagutzen dutela kontatu du: “Besteak beste, zenbat espeziek bisitatzen gaituzten, zenbat denbora egoten diren bertan edo beraien iraupena zenbatekoa den jakin dezakegu, baita osasuntsu dauden edo gaitzen bat ote duten ere”. Zertaz elikatzen diren aztertzeaz gain, jaki bakoitza zenbateko kopuruetan jaten duten ere ikertzen ari dira, baita lumen egitura eta hegaztien pisua ere.
Askotariko informazioa
Karramarroak, arrainak, zizareak, gizakien hondakinak eta bestelakoak zer kopurutan jaten dituzten jakin nahi dute. Pisatu ondoren, gantz aldetik ondo osatuta dauden eta osasuntsu dauden ere jakin dezakete ikerlariek. Neurri biometrikoak —buru, hanka, moko eta abar— ere hartzen dizkiete kaioei, eta, era horretan, emea edo arra den eta zein azpiespeziekoa edo lurraldetakoa den jakiteko aukera dute. “Lumen egitura ere aztertzen ari gara, eta, horrela, bereizteko hain zailak diren kaio espezieak ezberdintzea lortzen dugu”.
Aste Santura arte arituko dira neguko kanpoko ikerketa egiten. Uda sasoian, berriz, Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian ere egingo dituzte azterketak.
Leave a Reply