Miren Garate
Artzaintzaren mundua ezagutzeko jarduera ugari izango dira gaurtik igandera bitartean Berastegin, Be artzain kulturaren asteburuan. Han izango da Sandra Cliville artisaua ere (Espluges de Llobregat, Katalunia, 1974), tailer bat ematen. Bestelako zuntzak lantzea ere gustuko duen arren, Clivillek kontatu du ardi latxen artilea duela gustukoen. Ataungo baserri batean bizi da orain, eta etxean dituzten ardien artilea erabili ohi du bere lanak egiteko.
Berastegin izango zara bihar, tailer bat ematen. Zer erakutsiko duzu?
Artilea eramango dut, garbituta bakarrik, hau da, ardiari ilea moztu eta garbituta geratzen den bezala, eta, hortik abiatuta, prozesu osoa nola izaten den erakutsiko dut. Haria ere egiten dut, baina ez da saltzen; errazagoa da feltroa egitea. Orduan, bi prozesuak erakutsiko ditut: bai haria nola egiten den, bai feltroa egin arteko prozesua nolakoa izaten den. Horrez gain, kazola txiki bat ere eramango dut, ikusteko nola tindatzen den artilea. Gauza pila bat erabil daiteke tindatzeko, baina erabaki dut intxaurrak eramatea, intxaurren azalarekin nola tindatzen den ikusteko.
Maduixa Gorria markaren barruan, produktu ugari egin izan dituzu artilea erabiliz: oinetakoak, andregaien soinekoak, maskarak, apaingarriak, eta abar. Edozer egin daiteke artilearekin?
Nik beti esaten dut sormena edukitzea dela kontua. Gauza asko egin daitezke artilearekin. Pentsa, artelanak ere bai. Leku handirik ez dudanez, nik ez ditut egiten, baina eskulturak ere egin daitezke artilearekin. Askotariko produktuak egin izan ditut, baina, orain, zenbait gauza enkarguz bakarrik egiten ditut.
Artisaua zara. Zergatik aukeratu zenuen artilea lantzea?
Etxean ardiak ditugu, eta ikusten nuen ez zela ezer egiten artile horrekin. Ardi latxen artilearekin hasi nintzen, eta urte pila bat daramat material horrekin lanean, baina, horrez gain, bestelako zuntzak lantzea ere asko gustatzen zait. Arlo oso zabala da zuntzena: alpaka, untxia, soja, zeta, lihoa, kotoia eta beste hainbat daude.
Artileari dagokionez, ardi latxenarekin hasi zinen —arraza hori Euskal Herrikoa da—. Hari balioa ematea zen zure helburuetako bat, ezta?
Bai, gehien gustatzen zaidan zuntza ardi latxarena da. Merino arrazako ardiena gehiago erabiltzen da, eta, haren inguruan, askotan entzun izan dut: “Hau bai artile ona”. Ardi latxen artilea txarra dela entzuten dudanean, gaizki pasatzen dut. Ez da txarra: jakin egin behar da zertarako erabili.
Esate baterako, zertarako izaten da egokia ardi latxen artilea?
Arropen munduan, tela desberdin pila bat dago, eta batzuk egokiak izaten dira soineko bat egiteko, agian, eta beste batzuk, berriz, motxila bat egiteko. Artilearekin gauza bera gertatzen da. Ardi latxena, adibidez, ona da gauza sendoak egiteko; edo erresistentzia handiagoa behar izanez gero ere, beste zuntz batzuk baino hobea da.
Etxeko artaldearen artilea aski izaten duzu, edo inguruko baserritarrei ere hartzen diezu?
Nire artaldearekin moldatzen naiz, ez baitut hainbeste ekoizten. Jendea etortzen zait esatera baduela artilea eta ez duela ezertarako erabiltzen, eta badakit hala dela, baina nik ere ez dut artile gehiago behar.
Garai batean, artilea diru iturri garrantzitsua izaten zen artzainentzat. Gaur egun, ordea, ez du baliorik, eta zabortegietan amaitu ohi du.
Hala da, bai. Artilearen industria indartzeko ez da ezer egin, eta balioa galdu du. Alabaina, hori hemen gertatzen da. Beste toki batzuetan, oraindik badu balioa.
Esate baterako, non?
Suedian eta Finlandian, adibidez, hemen baino balio handiagoa du artileak, eta Frantzia osoan ez, baina hango toki batzuetan ere bai.
Azken boladan, artilea lehengaitzat erabili nahi duten proiektu batzuen adibideak agertu dira. Zure ustez, artilea indarra hartzen ari da berriro ere?
Hamabost urte baino gehiago daramatzat artilearekin lanean, eta, agian, bai, baina oraindik lan handia geratzen da egiteko.
Artilearekin egindako produktuak nolakoak dira, iraupenari dagokionez?
Ez dira betirako izaten; artilearekin egindako etxeko zapatila batzuk ez dira betirako izango, baina beste material batzuekin egindakoak ere ez. Guk, baserrian, artilearekin egindako alfonbra bat daukagu sarreran —hau da, asko erabiltzen den toki batean—, eta urte pila bat daramatza hor.
Non saldu ohi dituzu zure produktuak?
Batez ere, azoketan. Instagram sare sozialean ere erakusten ditut.
Tailer bat zuzenduko duzu bihar Berastegin, eta beste toki batzuetan ere egin izan dituzu halakoak. Gustatzen zaizu lan hori?
Bai, hori gustatzen zait gehien. Saltzen egotea baino gehiago gustatzen zait erakustea, jendearekin hartu-eman hori izatea. Deitu nindutenean, eskerrak eman nizkien Berastegikoei. Euskal Herrian ardi latxak badu indarra, gaztagatik, baina zerbait gehiago ere bada, eta izan zen, eta interesgarria da hori ikustea.
Leave a Reply