Orain urte asko, blogen urrezko aroa izan zenean, emakume frantses baten blogari jarraitzen nion. Orduan sasoian ez zegoen influencer-ik, ez instagramer-ik, ez antzekorik. Edo behintzat ez genuen horren berri. Beharbada, gaur egun Instagram erabiliko du blogari horrek bere lana zabaltzeko, baliteke. Gaurko ikuspuntutik ikusita, egokia litzateke. Izan ere, testu gutxi erabiltzen zuen, argazki asko eta oso zainduak.
Emakume blogari horrek, puntua eta kakorratz lanak egin, eta ferietan-eta saltzen zituen bere sorkuntzak. Horrek, ordea, ez zidan hainbesteko atentzioa ematen. Erakartzen ninduena zen bere argitalpen bakoitzak bake moduko bat eragiten zidala. Bere bizimoduaren zatitxo bat ere erakusten zuen, eta bazirudien soseguz bizi zela, naturarekin bat eginda, eta leku ederrean. Inbidia eragiten zidan, artista zelako eta abilidade artistikoa izatea benetan miresgarria iruditzen zaidalako. Horrez gain, halako bizimodu patxadatsua erakusten zuen. Patxada horrek (faltsua izango zena, seguruenik) liluratuta nindukan, harmonia erakusten zuen, lasaitasuna eta edertasuna. Marabilli.
Ez dakit zer gertatu zen blog horrekin, Blogines desagertu zenetik ez naizelako bertan sartu, eta zein izen zuen ere ez dudalako gogoratzen. Espero dut soseguz segitzea bizitzen eta gauza ederrak sortzen.
Web horretan sartzen nintzenean niri ere halako bizimodua izateko tentazioa etortzen zitzaidan. Baina zelan? Inguruko natura garesti eta pinuz betea zen, bizimodua ateratzeko gaizki, artistatik ezer gutxi dudalako. Eskuekin, gainera, oso abila ez naiz. Ametsa zen, geldotasunaren nahia, estres bako bizitza bizitzeko gogoa, asaldatze gabekoa, gurea baino askoz zen-agoa probatzeko… kontenplatiboagoa, esango nuke. Stendhal sindromeak jo aurretxoan bezala, plazera gozatzea, baina modu barean. Nork ez du halakorik gura izan momentu zehatzen baten?
Nire mundu errealean, lagunak etxera gonbidatu nahiko nituzke aste barruan kafea hartzera, esate baterako. Horretarako, bizkotxo bat egin, lore freskoak jarri eta mahai-zapi ederrenaz jantzi mahaia. Anfitrioi ederra izan, XIX. mendean bageunde bezala. Baina lanetik antxintxika itzuli, eta justu-justuan izango dut astia kafea egiteko, eta bezperan supermerkatuan erositako galleta batzuk ateratzeko platerean. Pozarren, gainera.
Astirik gabe bizi gara gustuko kontuak egiteko, denbora lapurtzen egin beharretatik benetan maite eta estimatzen ditugunekin denbora pixka bat emateko dolce far niente-n. Eta garagardo hori, kafe azkar hura hartutakoan inoiz baino beteago sentitu gara, errealizatuago. Bizitzaren lema esku artean hartu dugulakoan, eta artezten ahalegindu garelako pozik. Ilusio hutsa da, ordea.
Egia esatera, ez nuke luzaroan iraungo Frantzia iparraldeko landa eremuan pashminak trikotatzen, ziur, ezta buket ederrak egiten ere, artistikoenak balira ere. Ez nuke balioko; kalekumea naiz, kale-zulokoa, gainera. Baina gustura hartuko nuke beste bizitza erritmo bat, gurpil zoroa pixka bat frenatu eta motelduko duena, epe luzeagoak, eta burokrazia eta paper kontu gutxiago dituena, maite ditugunekin gozatzeko astia emango diguna, benetan inportantea dena hobesten duena, bake mentala eragiten duena. Gozatu dezagun, gozarazi diezaiegun maiteei kontzienteki, denbora osten ibili barik, daukagunaz gozatzen, plazerez eta patxadaz. Nik behar dut.
Leave a Reply