Juan Luis Romatet
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dezakeela dio esaldi ezagun batek. Izango dira esaldi horren aldeko iritziak, baita kontrakoak ere, baina herri baten bilakaera, ziurrenik, hobeto adieraz dezake argazki batek hitz soilek baino. Nola azaldu, bestela, zer itxura zuen Zumaiak orain ehun urte, gaur egun kirol portua edo etxebizitzak dauden lekuan padura edo lubakiak zeudenean? Edo zer itxura zuen herriaren erdialdeko arrapalan, ibaiaren alboan zegoen Arbustaingo garabiak?… Herriko paraje, kale eta eraikinekin, edo azkeneko 150 urteetan bizi izandako pasarteak jasotzen dituzten irudiekin osatuta dago Zumaiako Fototeka. Aurten 30 urte beteko ditu zerbitzu horrek, eta kokapen berria du iaztik: Eusko Ikaskuntzaren webgunea utzi eta Zumaiako Udalarenera igaro da. Argazkiak biltzeko hirugarren deialdi bat egingo dute laster.
Alondegia kultur etxeko bulegoko armairuetan gordetako argazki zaharrak eskuetan dituela ari da hizketan Miriam Romatet Zumaiako Udaleko kultur teknikaria. “Begira, zuri-beltzeko argazkietara ohituta gaude, baina koloretakoak dira hauek”, esan du. Udako festetan jokatutako estropadetako irudiei begira dago. “Arbustaingo arrapalaren ondoan, moilan, behin jarri zuten noria handia ere ikus daiteke”.
2000n, Eusko Ikaskuntzara
1993an eman zituzten denborarekin Zumaiako Fototeka bihurtuko zen zerbitzuaren lehen pausoak. Orduko argazki elkartea —Distira elkartea bihurtu zen gero— ekarri du gogora teknikariak. “Argazkiak biltzeko deialdi bat egin zuen orduan argazki elkarteak, eta euskarri digitaletan gorde zituzten jasotako lanak. 2000. urtean, ordea, argazki horiek Eusko Ikaskuntzaren webgunean jarri zituzten”.
2011n egin zuten herriko argazkiak biltzeko beste deialdi bat, udaleko kultur zerbitzuak Alondegi eraberritura lekualdatu zituztenean. Zumaia oroituz argazki liburua ere argitaratu zuen udalak irudi haiekin, herriaren sorreraren 650. urteurrenaren harira.”Puntualki joan gara argazkiak jartzen, baina, egia esan, gaiari ez diogu serio heldu”, onartu du Romatetek. Eusko Ikaskuntzak bere ibilbidea eten izanak ere ez ziela asko lagundu zehaztu du teknikariak.
“Seriotasun falta” horregatik erabaki zuten iazko urte amaieran Zumaiako Fototeka Eusko Ikaskuntzaren webgunetik Zumaiako Udalaren webgunera lekualdatzea; Zumaia.eus/eu/udala/zerbitzuak/fototeka helbidean kontsulta daitezke argazkiak. Zortziehun bat irudi daude, gaur-gaurkoz. Zaharrena, 1870. urte ingurukoa da -Urola ibaiaren itsasadarraren argazkia— eta, gehienbat, 1970eko hamarkadara artekoak jarri dituzte orain arte.
Aurki herritarrei hirugarren deialdi bat egiteko asmoa daukatela iragarri du Romatetek. “Baina ikusi egin beharko dugu zer garaira arteko argazkiak jasoko ditugun, eta garrantzitsua izango da, argazkiarekin batera, argazkiaren informazioa ere ematea”. Udal kultur teknikariak zehaztu du sasoi batean ez zela hain ohikoa izaten argazkiak ateratzea. “Une jakin bat jasotzen zuten irudiek, eta orduko argazkilariei eskatzen zieten irudi horiek ateratzeko”. Orain, ordea, argazki kamera digitalekin eta sakelako telefonoekin argazkiak “edonoiz” atera daitezkeela esan du Romatetek. “Gaur egungo irudiak eskatuko bagenitu, ito egingo ginateke”.
Leave a Reply