“Ez da batere erraza betaurreko moreak jantzi ondoren kentzea”

“Ez da batere erraza betaurreko moreak jantzi ondoren kentzea”

June Romatet Ibarguren

Kazetaritzatik Antropologiara jauzi egin zuen ikasketei helduta, baina beste esparru asko ere landu ditu Iraitz Agirre Arangurenek (Arrasate, 1983). Granadan (Espainia) unibertsitateko ikasketak egiten ari zela lotu zuen feminismoak, eta ordutik ez da askatu. Irun eta Hendaia (Lapurdi) artean dagoen Intzura uharteari buruzko liburua kaleratu berri du, Ivan Gomez artistarekin batera.

Zure izen-abizenen ondoan antropologoa ageri da. Argi zenuen ikasketa horiei heldu nahi zeniela?

Kazetaritza ikasketak hasi nituen nik, garai hartan Antropologia ez zegoelako unibertsitateko ikasketa moduan. Bi urte egin nituen Kazetaritzan, baina beti bidaiatu izan dut asko etxekoekin, eta asko gustatzen zait hizkuntzak eta kulturak ezagutzea. Donostian edo Granadan jarri zuten aukera Antropologia ikasteko, eta Arrasatetik, Euskal Herritik, ateratzeko gogoa nuenez, Granadara joatea erabaki nuen, ikasketak han amaitzeko.

Zer eman zizun Gizarte eta Kultur Antropologia ikasteak?

Opari bat izan zen niretzat, beste testuinguru batean nengoelako, batez ere. Hamaika nazionalitatetako ikasleak nituen inguruan, eta bizipen asko izan nituen, asko ikasi nuen. Banekien antropologo moduan ofizio bat emango ez zidaten ikasketak zirela, baina begiak irekitzeko modu bat izan zen; errealitate askoren jabe egin nintzen. Senidetasun antropologia landu genuen, adibidez, eta orduan konturatu nintzen euskaldunok dugun familia eredu horren irudiak ez daukala horrelakoa izan beharrik. Batzuetan bistakoa da, baina niri begiak irekitzeko balio izan zidan une horrek.

Garai hartan jada hasi zinen kontzientzia feminista lantzen?

Hala da, bai. Genero antropologia ere landu genuen, eta nire bizitzaren ardatza bihurtu zela uste dut. Feminismoaren oinarriak landu genituen, eta harago ere eraman gintuzten. Gogoan dut behin taldeetan banatu gintuztela; Granadako kale bat hautatu behar izan genuen, eta bi hilabetean taldekide bakoitzak hogei ordu pasatu behar izan zituen kale hori aztertzen. Orduan hasi nintzen konturatzen, besteak beste, espazio publiko horietan gizon eta emakumeen jarreretan ezberdintasun nabarmenak daudela. Ordutik, ezin izan ditut kendu betaurreko more horiek, eta neure herrian ere aritu izan naiz gai hori lantzen.

Hainbesteko interesa izanik, gai hori ardatz zuen master bat ere egin zenuen gero.

Bai. Egia esan, une horretan, beharragatik-edo egin nuen masterra. Ikasi nuen, noski, baina ordurako mugimendu feministan sartuta nenbilen herrian, eta, bereziki, egiten nuen hori paperera pasatzeko egin nuen masterra.

Ikasketek baino ekarpen handiagoa egin dizu, beraz, militantziak berak, agian?

Baietz esango nuke. Herrian bertan errealitate asko daude, eta oso gaztetatik aritu izan naiz horien inguruan lanean: taldeak sortu nahian, Bilgune Feministan… Herrigintzan, orokorrean, lan asko egindakoa naizela esango nuke. Aditua naizenik ezin dut esan, baina aritua, bai. Nire bizitzaren oinarria izan da; curriculumetik kanpo gelditzen da beti, baina asko ikasten da horrekin, nahiz eta ez duen titulurik ematen. Geure burua definitzeko eskatzen digutenean, lanbidetik tira egiten dugu askotan, baina, nire ustez, ia beti deskripzio hobeak lirateke ofiziotik haragoko beste hainbat.

Granadan zeundenean hasi zinen feminismoaren kontzientzia hartzen, edo aurretik ere bazenuen horren inguruko har bat barruraino sartuta?

Esango nuke Granadara joan baino lehen ere banuela zerbait buruan, baina artean ez nintzela hain kontziente edo ez neukala nahikoa tresna eskura eztabaida horiek ondo barneratzeko. Unibertsitate garaian egin nuen salto handi bat, antolatzeko, espazio bat lortzeko, eta sortzeko eta eragiteko. Hala ere, niretzat oso gogorra izan zen feminismoan sartzea, oso politizatuta geundelako; egia batzuekin aurrez aurre topo egin genuen. Itzuli nintzenean, herrian ez nuen erreferente askorik, baina argi nuen horren inguruan militatu nahi nuela.

Arrasaten zein izan ziren gogoan dituzun pauso edo erabaki garrantzitsu batzuk?

Agian, nabarmenena, eta, feminismotik hartutako irrazionalena, musika talde bat sortzea izan zen: Ain_1 taldea. Beste erabaki guztiak oso arrazionalak izan dira. Neure buruari ez nion uzten ondo pentsatu gabeko pausorik ematen, baina une horretan ez dakit zer gertatu zen; ezagun eta lagun batzuk elkartu ginen, eta, bat-batean, musika talde bat sortu genuen. Hamar bat urtez aritu ginen agertokiz agertoki. Orduan behar bat zegoela esango nuke: gizonenak ziren talde gehienak, oso antzekoak, eta horregatik, ezberdinak ginelako, lortu genuen zenbait oholtzatara igotzeko gonbidapena.

AIN_1 MUSIKA TALDEA
Ain_1 musika taldean. Iraitz Agirre Aranguren hainbat proiektutan aritu da orain arte; tartean, Ain_1 musika taldean. Irudian, 2020ko martxoaren 7an, Bergarako Seminarixoan. Eskuinekoa da Agirre.

Beste erabaki guztiak ondo pentsatutakoak zirela esan duzu. Zergatik?

Oso landutako gaia da, agian, baina emakumeoi beti eskatzen zaigu egin eta esan behar dugun hori ondo pentsatutakoa izatea. Gauzak ezin ditugu egin irrazionalki, eta ez da bide erraza. Neke handia sortzen du. Taldearekin oholtzan ari ginen tarte horretan, inpostorearen sindromea deitzen zaiona sentitzen genuen. Ahots hori isilaraztea zen, agian, zailena.

Normalean, emakumeen ahotik ateratzen dira inpostorearen sindromea eta horrelakoak, ezta?

Bai, ezta? Normalean guk sentitzen dugu ez dugula toki hori merezi, ez genukeela gauden postu horretan egon beharko, dugun arrakasta ez dela guk egindako zerbaitengatik izan… Gogorra da hori sentitzea, eta uste dut askotan isilik gelditzen garela, ez ditugula gure egiak esaten, ahots hori entzuten dugulako. Neuk emakumeengan ikusi dut hori. Hala ere, eta agian kontraesana den arren, segurtasuna inposatu egin behar da batzuetan.

Kontraesana da, agian, baina beharrezkoa al da?

Bai. Beharrezkoa da; bestela, erraza da gure gainetik jartzea. Indarra ematen du goitik begiratzen dizun pertsona horren aurrean inposatutako segurtasunez hitz egiteak. Nik gauza askotan inposatu behar izan dut segurtasun hori; bestela, agian, toki batzuetan ez litzateke batere erraza izango nire ahotsa altxatzea.

Emun kooperatibaren berdintasun aholkulari moduan ere aritu izan zara lanean.

Lan munduan saltoka ibili izan naiz beti; ez dakit bertute bat den edo akatsa. Bost urte inguru egin nituen Emunen, eta oso gustura ibili nintzen. Lana, ordea, oso gogorra da; feminista izanda, batez ere. Kooperatibetan eta enpresetan berdintasun planak sortzen egiten genuen lan guk, eta ez da erraza zerbitzu hori emateko jendearengana egokitzea, lanik egin nahiko ez zenukeen jendearekin elkartu behar izaten delako batzuetan. Hori da mundu erreala, baina ez da batere erraza betaurreko moreak jantzi ondoren kentzea. Feministok ezin diogu utzi gauza horiek ikusteari, eta gertatzen ari den gauzarik txikienaz ere kontziente gara.

Telebistan ere izan zenuen gai horien inguruan aritzeko txoko bat.

Bai. [ETB1eko] Ahoz Aho saioan Ilaski Serranok txoko bat eman zidan, eta nahi nuenaz hitz egiten nuen. Asko ikasi nuen han ere. Lehen aipatutako inposatze hori landu nuen, agian; oso esperientzia ona izan zen, polita. Asko eskertu nion Ilaskiri nire izen-abizenekin iritzia emateko tarte hori eskaini izana. Batzuetan, taldean lan egiteak babesten gaituen arren, gure iritzia ematea ez da hain erraza, eta txoko polita izan nuen.

Herrigintzak eta antropologiak adar asko dituzte, eta euskal ondarea ere lantzen eta ikertzen aritu zara zu.

Niretzat garrantzitsua da ondare hori jasotzea eta horren inguruan ikastea. Euskaraz bizi naizenez, nik batez ere interesa nuen gure kulturaren nondik norakoak eta jatorriak jakiteko. Ternuan egon nintzen, Guatemalan… Toki denetan asko zegoen ikasteko. Halako batean, gainera, konturatu nintzen interesa sortzen zidaten gai horiek guztiek XVI. mendera eramaten nindutela, eta, bat-batean, ohartu nintzen ez dela emakumerik agertzen historia horretan.

Ikerketa horien artean, Intzura liburua egiteko aukera ere sortu zitzaizun.

XVI. mendeko hainbat gai lantzen ari nintzela iritsi zen nigana Intzura uhartea; kasualitatez, gai bera lantzen ari zen Ivan Gomez artista. Beka bat lortuta, duela bost urte hasi ginen biok proiektu horretan lanean. Gipuzkoan Faisaien uhartea izena du Intzurak, eta Lapurdin, Konferentziaren uhartea; Irun eta Hendaia artean dago. Bertan sinatu zuten Pirinioetako hitzarmena, eta han ezarri zuten Espainia eta Frantziaren arteko muga; Diego Velazquez artistak han izan zituen hainbat galeria; han ezkondu ziren Frantziako Luis XIV.a eta Maria Teresa Espainiakoa… Gertakizun asko izan ditu irla horrek. Urtean zehar, gainera, Frantziarena da urte erdiz, eta Espainiarena beste erdiz. Istorio asko zeuzkan atzean, eta kontakizun bat sortu dugu Ivan Gomezek eta biok. Argitaratu berri dugu liburua.

Sinbolikoki, beraz, esanahi handia dauka Gipuzkoa eta Lapurdi arteko irla horrek.

Markatuta dagoen muga garrantzitsu bat da. Kondominio bat da, eta ia ez dugu ikusi ere egiten. Bidasoan ez dago hesirik, baina muga badago, eta batzuentzat arriskuz beterikoa da oraindik. Hori eta beste hainbat sekretu ezkutatzen ditu Intzurak, eta informazioa biltzeko moduko gaia da, benetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.