Jon Miranda
Kirolak berari onura asko ekarri dizkiola dio Garazi Karrera Lopetegik (Irura, 2001), baina gertutik ezagutu ditu hainbat arrisku ere: “Antsietate garai bat bizi izan nuen, eta kirola izan zen nire salbazioa. Kirola eginez botatzen nituen estresa eta nire tentsio guztiak. Burua askatzeko balio izan zidan, baina une bat iritsi zen non obsesionatu egin nintzen. Pisua galtzea ekarri zidan, eta laguntza behar izan nuen”. EHUn Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak egin zituen gerora, eta EITBko kirol erredakzioan ere jardun du: “Zuri gertatzen zaizunean, iruditzen zaizu bakarra zarela, kirolaz esaten den guztia polita izaten delako, baina irratian praktikaldia egin dudanean jabetu naiz kirolari profesionalek ere bizi dituztela horrelako egoera zailak”. Aldageletan podcasta sortu du Karrerak horri guztiari buruz hitz egiteko, gradu amaierako lan gisa.
Ezkutuan geratzen diren eta kirolarekin lotuta dauden alde horiek argitara ekartzeko asmoa du Karrerak irratsaioetan. “Tabu handiak daude, kirola lorpenekin lotzen dugulako beti, sariarekin eta irabaztearekin. Beti ez da hala gertatzen, ordea. Beraz, aldageletan egiten den ezkutuko lan horri guztiari balioa eman nahi diot”. Karrerak podcastean egiten dituen elkarrizketekin zantzu batzuk ere eman nahi ditu, entzuleak bere buruari begiratu eta antzeman diezaion noiz hasten den kirolaren neurria gainditzen. “Gonbidatuko ditut psikologo, nutrizionista eta bestelako adituak ere. Haiei entzunda jabetu gaitezke zerbait ez doala ondo, edo ondoan duen norbait hasita dagoela kirolarekin obsesionatzen”.
Hain zuzen, kirolariek jasan ohi duten presioaren inguruan mintzatu da Karrera Aldageletan irratsaioaren lehen atalean, Aritz Olagoi psikologoarekin. Markel Alberdi igerilaria ere gonbidatu zuen beste batean; antsietateagatik, uko egin zien 2016ko Rioko Olinpiar Jokoei. “Markelek sufritutako horrekin irakaspen bat atera eta egitasmo bat jarri du martxan. Aberasgarria iruditzen zait horrelako egitasmoen berri ematea”, esan du Karrerak.
Zortzi atal, uztailera arte
Otsailean hasi eta ekainera arte, hilean podcastaren bina atal kaleratuko ditu kazetari irurarrak. Aurrera begira, kulturismoaz eta transexualitateaz hitz egiteko asmoa du, besteak beste. Badaki ez direla jendaurrean hitz egiteko gai errazak: “Delikatuak dira gai horiek, eta ez dut hanka sartu nahi”. “Oreka mantentzen” saiatzen dela esan du. “Eta kontzeptuak bereziki zaintzen ditut. Gonbidatuek, azken batean, oso gai pertsonalen inguruan jarduten dute, eta badakit ez dela samurra kontu horien inguruan publikoki hitz egitea”. Berari “desikastea” dagokiola zehaztu du. “Aurrez jendea ez epaitzea eta gonbidatuak eroso sentiaraztea. Podcasta horretarako toki aproposa dela uste dut”.
Orain arte, ate joka ibili denean, “harrera bikaina” egin diotela dio Karrerak, eta sumatu duela jendeak baduela gai horien inguruan hitz egiteko gogoa, “baldin eta horretarako espazio eroso eta konfiantzazko bat topatuz gero”. Donostiako Tabakaleran egiten ditu grabazio lanak, eta Spotify plataforman publikatzen ditu ondoren. “Podcast bakoitzaren iraupena aldakorra da, baina konturatu naiz jendeak nahiago dituela saio luzeak. Gai hauek aukera hori ematen dute”.
“Grabazioaren aurreko lana” egiten zaio zailena Karrerari. Gonbidatuak lotzen eta gidoia prestatzen ematen du denborarik gehiena. “Behin lan horiek eginda, elkarrizketarekin gozatzen dut gehien. Polita da gonbidatuekin sortzen den harreman hori”. Kulturismoan aritzen diren bi lagun gonbidatu zituen azken podcastean, joan den astean. “Eta haiek esan zidaten beste inon egin gabeko galderak egin nizkiela nik. Poztekoa da hori entzutea, esan nahi baitu lortu dudala hasieran nuen helburua: maiz ezkutuan geratzen diren kirolaren beste alde horiek bistaratzea”.
Ikuspegi feminista
Irura Moretuz talde feministako kide ere bada Karrera, eta nabarmendu du ikuspegi feminista batetik egindakoa izango dela Aldageletan podcasta. “Iruditzen zait beti gabiltzala emakumea eta kirola binomio horrekin bueltaka. Nik gaia ez dut bere horretan landuko, baina atal guztietan hartuko dut aintzat”. Kirolaz eta kontziliazioaz hitz egingo duela aurreratu du. “Eta, noski, amatasunaz, baina baita aitatasunaz ere. Iazn ere, kirolaren inguruan dauden oztopoak ez ditut emakumeekin bakarrik lotu nahi”.
Karrerak ez du baztertu ekainetik aurrera ere Aldageletan podcastarekin jarraitzea. “Aukera, denbora eta gogoa baditut, jarraituko dut”, ziurtatu du.
Leave a Reply