Mobilizatzeko hautua egin dute

Mobilizatzeko hautua egin dute

Miren Garate

Mugimenduz betetako astea izan da Gipuzkoako kiroldegietan. Urtarrilaren 9tik greban zeuden Urnietan, eta, akordioa lortu ostean, herenegun itzuli ziren lanera; Irunen ere 2023an eta 2024an soldatak %2na igotzea adostu dute, baina negoziatzen jarraitzekotan geratu dira, 2025etik aurrera urteotan galdutako erosahalmena berreskuratu ahal izateko. Donostian, hainbat mobilizazio egin dituzte Kirol Ekintza zerbitzuko langileek; tartean, manifestazio bat joan den larunbatean. Balorazio bat egin, eta zer bide hartu erabakitzekoak dira, han oraindik ez baitute akordiorik erdietsi. Hiruretan BPXport enpresakoak dira langileak.

Hain zuzen ere, antzekotasun handiak dituzte hiru lan gatazkek. Udalek azpikontratatu egin dute zerbitzua: Irunen, kudeaketa osoa; Urnietan eta Donostiako zortzi udal kiroldegitan, berriz, zerbitzua bakarrik —udalak kudeatzen ditu azpiegiturak—, baina BPXporteko langileek eman ohi dituzte ikastaroak eta abarrak. Hala, langileek azaldu dute negoziazioetan elkar jotzen dutela arduraduntzat udalak eta enpresak: alegia, BPXportek esan ohi duela udalek diru gehiago eman ezean ezin dituela baldintzak hobetu, eta udalak, berriz, kontratu bat dagoela sinatuta eta enpresari dagokiola kudeatzea.

Gaur egun, bi hitzarmen aplikatzen zaizkie kiroldegietako langileei: batzuei Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboa, eta beste batzuei ikuskizun eta kirol lokalen hitzarmen kolektiboa. Ondorioz, zenbait kasutan, lan berbera egiten duten langileek baldintza ezberdinak izaten dituzte kiroldegi berean. 2010-2012ko eperako negoziatu zituzten bi hitzarmenak; herri batzuetan lan zentroko hitzarmenen bidez hobetu dituzte akordio horiek, baina beste batzuetan orduko baldintzekin jarraitzen dute.

URNIETA

Asteazkenean, lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu osteko lehen lanegunean, pozik zeuden Urnietan. Aurrez beste zenbait lanuzte egin ostean, urtarrilaren 9an ekin zioten greba mugagabeari, eta ia bi hilabete egon dira lanera joan gabe. Bizkortzen (BPXport) enpresako langileak dira. Xabier Inziarte kiroldegiko langile eta ELAko ordezkariaren esanetan, 2012tik izoztuak izan dituzte soldatak. “Ikuskizun eta kirol lokalen hitzarmena genuen guk. Beste herri batzuetan hobekuntzak sartzen joan dira, baina gurean, ez”.

Lortu duten akordioa “aurrerapauso bat” dela uste dute langileek. “Azken urteotako KPIaren igoera handi horiei aurre egin ahal izango diegu”. Inziarteren esanetan, akordioaren lorpen garrantzitsuena da 2021etik aurrerako KPI igoerak eguneratu egingo zaizkiela soldatetan. Datorren urtera arte itxaron beharko dute, ordea. “Udalak berriz ere lehiaketara aterako du zerbitzua, eta sartzen den enpresak errespetatu egin beharko du hitzarmena”. Gerta daiteke BPXport izatea berriz ere enpresa, edo ez.

Prekaritate handia dutela esan du Inziartek. Hamalau langile aritzen dira Urnietako kiroldegian, eta horietako batzuek Lasarte-Oriakoan ere lan egiten dute. “Beste kirol begirale batzuek han eta hemen hartu behar izaten dituzte lanak; bestela, ez dira lanaldi osora iristen”. Inziarteren ustez, greba egin izana funtsezkoa izan da akordioa lortu ahal izateko. Kiroldegia itxita egon den bitartean, partidak eta abar beste herri batzuetan jokatu behar izan dituzte taldeek. “Beste gauza batzuk ere lortu nahi genituen, baina helburu nagusia behintzat lortu dugu”.

IRUN

Akordioa egin dute Irunen ere, baina negoziatzen jarraitzekotan geratu dira. Aurten eta datorren urtean soldatak %2na igoko zaizkie langileei, baina, Joseba Rozalejo kiroldegiko langile eta ELAko ordezkariaren esanetan, horrekin ez dute berreskuratzen urteotan galdutako erosahalmena, 2019tik izoztua izan baitute soldata: %13 inguru galdu dutela kalkulatzen dute. 2025etik aurrera jaso nahi dute zati hori, baldintza berriak indarrean sartzen direnean.

Aurreko astean, lau eguneko greba egin zuten Irungo Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan, ostegunetik hasita. Igandean zuten amaitzekoa, baina ekitaldi berezi bat ere bazen egun horretan: Bidasoa Irun eskubaloi taldeak Bartzelonaren aurkako eskubaloi partida zuen Artalekun, eta greban jarraituz gero, ezingo zuten jokatu. “15:00-16:00 aldera erabaki genuen greba bertan behera uztea. Ulertzen genuen taldeak ez zuela errurik. Enpresari eta Irungo Udalari zegokiela inplikatzea”, azaldu du Rozalejok.

Udalaren konpromiso bat bazuten ordurako. “Alkateak [Jose Antonio Santano] esan zigun aurten %2ko soldata igoera eta datorren urtean ere %2koa lortzeko negoziazioak hasteko konpromisoa hartzen zuela, eta hasiera ona iruditu zitzaigun”. Hirurogei langile dira, eta 45ek egin zuten greba. Hasi bezperan, asteazken iluntzean, bilera batera deitu zituen enpresak. “Aurten %0,5eko igoera eskaini zigun, eta datorren urtean ere %0,5ekoa. Zalantzan zegoen jendeak ere grebarekin bat egitea erabaki zuen”.

BPXportek denbora gutxi darama Irunen: urritik. “Esaten zigun arazo hau lehenagokoa zela, ez beraien kontua”. BPXporteko langile izan aurretik Bidasoa XXI Igeriketa Taldekoak ziren. “Haiek ere ez zuten sinatu nahi ezer, nahiz eta jakin zerbitzua utzi egingo zutela. Orain BPXportek esaten du haiek sinatu behar zutela, pleguetan sartzeko”.

Halakoek langileen haserrea eragiten dutela esana du Rozalejok. “Bi urtero enpresa berri bat sartzen da, eta inork ez du ezer sinatu nahi, eta horrela egon gara 2019tik”. Udalak ere erantzukizun zuzena duela gaineratu du: “Kiroldegiak azpiegitura publikoak dira, eta berari dagokio haien gaineko kontrola izatea”.

DONOSTIA

Donostian ere enpresa bat baino gehiagotako langileak izan dira Kirol Ekintzako zerbitzuak ematen dituzten kiroldegietako langileak. Fortunako langile izan ziren, Easokoak gero, eta BPXportekoak orain. Zortzi kiroldegitan lan egiten dute, eta 86 langile dira. Denen artean, hilean 3.000 ordu ematen dituzte ikastaroetan. Leire Lopez kiroldegiko langile eta LABeko ordezkariak kontatu du hamabi urte daudela soldata berritu gabe, 2012tik hain zuzen.

Horrez gain, langile guztiei ez zaiela hitzarmen bera aplikatzen salatu du. “Baldintzetan sartu ginenoi Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmena aplikatzen zaigu, eta berriei ikuskizun eta kiroletakoa. Kiroldegi berean hitzarmen ezberdinekin gaude langileak. Ez da bidezkoa”. Lopezen arabera, saiatu dira Donostiako Udalarekin eta BPXportekin negoziatzen, baina baldintza agiri bat dagoela eta amaitu arte ezin dutela ezer egin esan diete.

2024ko irailean amaituko da kontratua. “Horregatik hasi genituen mobilizazioak. Idatziz salatu dugu egoera, sinadurak bildu ditugu, elkarretaratzeak egin…”. Dozenaka lagun elkartu ziren joan den larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatuta egin zuten manifestazioan ere. Aste honetan eten bat egin dute mobilizazioetan, eta balorazio bat egin eta hemendik aurrera zer bide egin erabakitzekoak dira.

Ahal bada, Gipuzkoako sektoreko hitzarmena lortu nahi dutela adierazi du Lopezek, eta, halakorik ezean, lantokikoaren bidez saiatuko direla baldintzak hobetzen. “Soldata igoera duin bat eskatzen dugu, eta langile guztioi baldintzak parekatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.