Unai Zubeldia
Teresa Muñoz Minchero, 1935ean Pasai Antxon jaioa; Maria Teresa Lasalle Etxano, 1930ean Donostian jaioa; Jabier Olalde Ituarte, 1928an Oñatin jaioa; Luzia Etxabe Zubizarreta, 1927an Arrasaten jaioa eta txiki-txikitatik Soraluzen bizi izandakoa… Luzea da izen-abizenen zerrenda. 36ko gerratik ihesean joandako umeak dira. Gerrako umeak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak ume haiek omentzeko ekitaldi bat egingo dute martxoaren 18an, Donostiako Kursaal jauregian, 11:30ean.
Astelehenean, gerratik ihesi joan ziren eta bizirik dauden 144 ume zeuden ekitaldirako gonbidapena jasota, baina ostegun eguerdirako 174ra igota zegoen jada kopuru hori. “Jende asko ari zaigu deika”, esan du Julia Monge Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak. “Zurrunbilo batean murgilduta gabiltza astelehenetik”.
Monge bera, Josu Chueca Intxorta 1937 kultur elkarteko kidea eta historialaria, eta Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia prentsaren aurrera atera ziren astelehenean; bi erakundeek elkarlanean egin dute 36ko gerratik ihesi erbestera joan ziren haurren memoria identifikatzeko eta berreskuratzeko ikerketa, eta 10.232 kasu identifikatu dituzte: 5.053 gizonezko eta 4.960 emakumezko —219 kasutan, ezin izan dute zehaztu gizonezkoak edo emakumezkoak ziren—. “Datu base hori zabalik daukagu, ordea, eta izen gehiago sartuz joango gara”, adierazi du Mongek.
Intxorta 1937 kultur elkarteko kidearen esanetan, astelehenetik ostiralera izan duten “dei kopurua” izan da horren erakusgarri. “Ekitaldirako gonbidapena jaso ez duena gure artxiboan ez dagoen seinale da, eta kasu horietan jar daitezela gurekin harremanetan, eta bidaliko diegu gonbidapena”, esan du Mongek. Harremanetarako telefono bat ere eman dute: 943-11 39 65; eta baita posta helbide bat ere: erakunde.harremanak@gipuzkoa.eus.
Izen-abizenak eta historia
Aldundiak eta Intxorta 1937k ihesean joandako ume haien memoria eta testigantzak jasotzeko herritarren laguntza eskatu zuten duela bi urte. “Denak ez, baina Gipuzkoatik ihesean joan ziren umeen zerrenda luzea osatu dugu”, azaldu zuen Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak asteleheneko agerraldian. “Izen-abizenez gain, bakoitzaren argazkiren bat lortzen ere saiatu gara, guztien bizitza historiak osatzeko. Lehen pertsonan euren istorioak kontatzeko gai diren azkenak dira 36ko gerrako ume horiek”.
Josu Chuecak asteleheneko agerraldian aitortu zuen kopuruari dagokionez “bikoiztu” egin dela hasieran zeukaten susmoa. Gipuzkoak berezitasun bat badaukala gaineratu zuen: “Irun izan zen erbestera joateko hustu zen lehen hiria, eta hor zerikusi handia izan zuten umeek. Amekin batzuk, aitekin beste batzuk…”. Frankistek Irun hartu ondoren, milaka ume, ama eta adineko pertsona Donostialdetik Bizkaira iritsi zirela gehitu du Chuecak. “Eta ondoren joan ziren Bizkaitik, Santandertik eta Asturiastik [Espainia] erbestera, eta, kasu askotan, 1939tik aurrera, beste herrialde batzuetara; Ameriketara, esaterako”.
Amaitu gabeko lana
10.000 izen-abizen horiek lortzeko hainbat artxibotan aritu dira lanean foru aldundiko eta Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak: Frantziako hainbat departamentutako artxiboetan; Parisko artxibo nazionalean; Belgikako artxibo nagusian; Espainiako beste hainbat artxibo nagusitan —Salamancakoan eta Madrilgo bitan, esaterako—; eta baita hainbat udal artxibotan ere. “Baina garrantzitsua da azpimarratzea lan hau ez dagoela amaituta”, ondorioztatu zuen Chuecak.
Gambrak jakinarazi zuen “bideoz grabatutako kalitatezko 50 elkarrizketa” egin dituztela bi urteotan. “Oso legatu interesgarria izango da etorkizunerako, nahiz eta batzuk hil egin diren jada”. Chuecak defendatu du “behar dutelako” egingo dutela martxoaren 18ko omenaldi ekitaldia. “90 urtetik gorakoak dira ume haietako gehienak. Desagertzen ari dira pertsona horiek, eta aitortza bat egiteko ordua da”.
Leave a Reply