Hemen fusilatu zituzten

Guardia Zibilak Amador Franco Cazorla eta Antonio Lopez Fanlo gerrillari anarkistak atxilotu zituen Irunen, 1946ko uztailaren 11n. 1960ko hamarkadara arte frankismoari aurre egin zioten ekintza-talde anarkistetako kide ziren biak.

1947ko apirilaren 21ean, Antonio eta Amador Ondarretako espetxetik atera zituzten eta Bidebietako tiro eremuan fusilatu. Hilaren 23ko El Diario Vasco-k eman zuen horren berri. Guk dakigula, frankismoak Euskal Herrian egindako azken fusilamenduak izan ziren. 1950eko abenduaren 3an, Antonio Oyarzabal Garmendia Txiki ekintza-anarkista eta mugalaria atxilotu zuten; sumario berean auzipetu eta hamabi urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten.

Raul Carballeira Lacunzak, bere burua Amadorren lehengusutzat aurkeztu eta Ondarretan bisitatu ahal izan zuen. Frantziara joan eta atxiloketaren ingurumarien eta jasan zituzten torturen berri eman zuen. Amador eta Antonioren fusilamenduak luze eta zabal salatuak izan ziren erbesteko prentsa anarkistaren eta anarkosindikalistaren orrialdeetan.

Jakin berri dugu Aranzadik, bost urteko lanaren ondoren, amaitutzat eman dituela Donostiako memoria historikoaren ikerketa lanak. Amador eta Antonioren gerra kontseilua (617 orrialde) Aranzadik esku artean izan dezakeen giza eskubideen urraketarik dokumentatuenetako bat da, ziurrenik. Hala ere, Donostiako Udalaren webguneko biktima zerrendara jo, eta egiazta dezakegu nola Amadorren eta Antonioren filiazio ideologikoa ere ez duten jaso.

Memoria historikoa berreskuratzean hutsuneetako bat erakusten duen lagin bat da, erakunde publikoek memoria-politikak garatzean erakunde historikoak kontuan hartuko balituzte saihets daitezkeen hutsuneak.

Nazioarteko zuzenbide humanitarioak gomendatzen dituen praktika jatorretatik urruntzen ari gara Donostiako Udalak Memoria Historikoaren Kontseilura dagoeneko deseginda dauden erakundeak gonbidatzen dituenean —hala nola Bakearen Aldeko Koordinakundea— eta erakunde historikoak alde batera uzten dituenean; erakunde publikoek genozidio frankistaren interpretazio politikoa erakunde zientifiko baten esku uzten dutenean; borrokalari batzuen memoria soziopolitikoaren aldarrikapena senideen esku uzten denean eta ez haiek militatzen zuten erakundeen esku…

Azken urteotan lan eskerga egin da memoria historikoa berreskuratzen eta 36ko matxinada militarraz geroztik izandako giza eskubideen urraketak ikertzen. Gipuzkoan, udalerri ugarik dituzte monografikoak, eta, zoritxarrez, ia guztietan daude akats nabarmenak, hutsuneak eta muin-akatsak. Bestalde, lotsagarria eta onartezina da erakunde zientifiko batek bermatutako eta diru publikoz finantzatutako lanek gerra zibila deitzen jarraitzea genozidio bihurtu zen matxinada militar faxista bati, edo Euzko Gudarostea Euzkadiko Gudarostearekin nahastea.

Zergatik uzten dira alde batera erakunde historikoak memoria historikoaren politika publikoei ekitean? Polloeko mausoleoaren affaire lotsagarria, non EAJk ez duen biktimarik, argigarria da zentzu horretan. Gipuzkoan genozidioaren biktimen gorpuzkiak jasotzeko eraikitako kolunbario bakarra Elgoibarren egotea ere nahiko esanguratsua da.

Askotan kontakizunen borrokarekin teilakatzen da genozidio frankistaren biktimentzat egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeak biltzen dituen erreparazioa bilatzea. Zifrak puztu, ideologia-filiazioak alde batera utzi, planoak gainjarri, mitoak eraiki eta euskal burgesia nazionalistaren egungo interes politikoekin bat datorren narratiba sasihistorikoa sortu da hor.

Leave a Reply

Your email address will not be published.