Kontatzen duen istorioa bera baino zirraragarriagoa gertatzen zaio irakurleari, batzuetan, nobelaren beraren historia. Horixe gertatu zait niri Jon Etxaide idazle donostiar sufrituaren Joanak joan nobelarekin.
Euskaltzaletasun gotorreko eta katolizismo integrista hertsiko aitak zuzendutako familia batean jaio zen Jon Etxaide 1920an, Donostian, eta tristurarako eta nahigaberako joera handia izan zuen beti. Horri frankismo betean euskaraz idazteko hautua egin izana gehitzen badiozu, pentsatzekoa da irriaren distiraren antipodetan bizi izan zela Ignazio Maria Etxaideren semea.
Azak ontzeko, bere burua munduan izan den malerusik malerusena dela esanez definitu zuen gizonaren biografia trumoitsuan oinarritutako nobela idaztea bururatu zitzaion, artean gazte eta sasoiko zela, 1950eko hamarkadaren hasieran: Pierre Topet Etxahun koblakari barkoxtarrarena. Hala sortu zuen Joanak joan eleberria.
Ez zuen dokumentazio lan makala eginik izango Etxaide gazteak Joanak joan idazten hasi zenerako: Etxahunen biografia, XIX. mendearen hasierako Zuberoa, zubererazko hitzak eta esamoldeak… Lehen argitalpenak, 1955ean Itxaropenaren eskutik, nahiko harrera ona izan omen zuen —Francopeko Euskal Herri hartan izan zezakeen neurrian betiere, jakina—, baina zer hobetua ugari ikusi zion egileak bere lanari, eta 1980an berrargitalpen zuzendu eta emendatua argitaratu zuen, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren eskutik, 279 orrialde zeuzkan nobela… 469 orrialdeko bihurtuta! Hura ere agortua zen lau urte igarotzerako. Gaitz erdi!
Baina berezkoa zuen barruko mina areagotu egiten zion bigarren argitalpenean ere nahi gabe egindako “krimenak” ikusteak, zer zuzendua eta zer hobetua non-nahi, eta hala iritsi zen plazara, lan askoren ondoren, hirugarrena, Erein argitaletxearen eskutik, 1986an. “Egileak ahal duen guztia egin du”, idatzi zuen Etxaidek berak argitalpen horren kontrazalean. “Hala ere, bere izpiritu konformagaitzean, gutxitxo egin ote duen kezka dabilkio buruan”. 1999an eta 2007an ere berrargitaratu zuen nobela Ereinek, baina egileak agindutako zuzenketa edo aldaketarik gabe, hila baitzen ordurako.
Orain, 2023an, Joanak joan berrirakurtzean, nobelak kontatzen dituen Pettiri protagonistaren sufrikarioek baino gehiago artegatu nau egilea bera, Jon Etxaide, neurekin batera nobela berrirakurtzen irudikatzeak, oraindik ere han-hemenka ikusitako akatsak zuzentzen, hainbeste urtez eta hain neke handiz —inongo ordenagailuren laguntzarik gabe, jakina— egindako zuzenketak aski ez zirela jabetuz behin eta berriz, eta, gainera, zertarako hori guztia eta, azken batean, ordura arteko euskal nobelagintza dezente berritu bazuen ere, benetako modernizaziotik pauso gutxitara geratzeko, mugarririk ohoragarri eta gogoangarrienak beste batzuei utzita, Txillardegiri eta Ramon Saizarbitoriari batez ere.
Lihoaren penak eta nekeak izenburua jarri zion Julian Alustizak bere libururik ezagunenari. Lihoaren lanak bezala, idazteak ere badituela bere penak eta nekeak —eta ez nolanahikoak— baieztatu eta erakutsita utzi zuen mundu hau, bertan gustura sentitzeko ezinduta bizi ondoren, Jon Etxaidek, malerustasunean Pierre Topet miretsiarekin berarekin lehiatu nahi izan balu bezala.
Leave a Reply