Urko Etxebeste
Herriko giroan eragitea eta neguko asteburu hilei kolorea ematea, elkarlanean eta euskaraz saretuta. Eta ez herrigunean bakarrik, baita auzoetan ere. Horiek dira Hondarribiko Herri Olinpiaden izaera identifikatzeko ideietan koskarik gorenean agertzen diren esaldiak. Gazteak eta ez hain gazteak jada ari dira esaldi huts diren horiei karriketan forma ematen. Jolas eta joko kolektiboak dituzte horretarako lanabes: otsailaren 25ean egin zuten, aurkezpenaz gain, lehen jardunaldia, eta martxoaren 19an, bigarrena. Apirilaren 15ean, maiatzaren 7an eta ekainaren 3an dira hurrenak.
Hondarribiko Herri Olinpiaden hirugarren aroa da aurtengoa. Lehenak, Gipuzkoan erreferentzia izan zenak, 1987tik 1996ra iraun zuen —Hondarribiko herri olinpiadak dokumentalean jasota dago orduko espiritua—. Bigarrena 2014-2017 urteen artean garatu zuten. Sei urte geroago, aurten hartu dute, berriz ere, Hondarribiari bizia emateko bidea; 27 talde ari dira hasiera batean, 410 bat kide guztira. “Gurean, berez, gazteek elkar ezagutzea ez da garrantzitsua, era batera edo bestera gehienek ezagutzen baitugu elkar”, hasi du azalpena Urko Iridoi Hondarribiko Komite Olinpikoko kideak. “Hondarribia ez da hain handia, baina herriko aisialdia oso-oso murritza da. Gazteentzat bi taberna eta diskoteka bat daude, besterik ez”.
Herrian berotasun bila
Olinpiadak aisia giroan elkarrekin egoteko “aukera bakarra” direla esan du Iridoik. “Herrian ez dago ezer, eta, gu ez bagara mugitzen, nor mugituko da?”. Kolore bizikoa da kuadrillen arteko elkargunearen irudi nagusia edo logoa, laranja-gorri tonu nabarikoa. “Ez nago erabat ados esaten dutenean herriari kolorea ematea dela gure asmoa. Kolorea baino gehiago, berotasuna eta sua eman nahi dizkiogu. Hori irudikatu nahi izan dugu logoarekin”, azaldu du Hondarribiko Komite Olinpikoko kideak.
Jardunaldi bakoitzean, jokoak eta jolasak 27 taldeek antolatzen dituzte —bospasei taldek jardunaldiko—, baina bada koordinazio lanean aritzen den talde eragile bat: Komite Olinpikoa. “Herri giroa sortzen ari gara; Hondarribian ez dago halakorik. Gure herria oso polita eta turistikoa da, baina beti izan dugu Gipuzkoako beste herri batzuetan izaten den giroaren inbidia”.
Iridoik kontatu du Herri Olinpiaden logika ezagutzeko lehen eta bigarren aroetan antolaketa lanetan ibili zirenekin bildu zirela eurak; hau da, gaur egun antolaketa lanetan ari diren guztiek ez zituzten ezagutu aurreko aldietako kide guztiak. “Kuadrillen inplikazioa ezinbestekoa da, gainera, horrelakoetan. Guk asanblea bidez hartzen ditugu erabakiak, eta talde bakoitzak boto bat du. Oso sanoa da dena”.
Otsailaren 25eko hasierako ekitaldian, taldeak aurkeztu, su olinpikoa piztu, eta taldekako jokoei ekin zieten Hondarribian. Martxoaren 19ko jardunaldian, berriz, herri osoan barrena Altxorraren bila jolasa egin zuten. “Herri osoan barrena” horri azpimarra egin dio Iridoik. “Igande batez egin genuen bigarren jardunaldia, eta, igandea izateko, sekulako jendetza inguratu zen. Hemen sekula ez dugu ezagutu izan gazteei bideratutako igande goiz, eguerdi edo arratsalde bat. Antolatu genuen, eta, gainera, ahalik eta auzo gehienetan aritu ziren kuadrillak jolasean”.
Iridoik azaldu du herrian jarduera gehienak Portu auzoaren inguruan egiten dituztela, eta Alde Zaharra, esaterako, “turisten eremu soil” dela. “Auzo asko daude Hondarribian, eta bizia eman behar zaie. Alde Zaharra da horren adibidea: erabat turistikoa da, eta, gaztetxea itxi zutenetik, han ez dago ezer”. Hain zuzen ere, han sortuko dute giroa apirilaren 15ean. “Hondarribian badaude gauza asko egin daitezkeen toki ugari; gune bakarra ez da Portu auzoa”.
Jarduerak euskaraz
Iridoik kritikatu du Hondarribian ez daukatela gaztetxerik, ez dagoela aisialdi planik, udalaren aldetik ez daukatela egitasmo zehatzik… “Eta hala gertatzen da euskararen arloan ere”, gaineratu du. Komite Olinpikoko kidearen esanetan, Hondarribian euskaraz dakiten gazteak %90 inguru badira ere, antzeko ezagutza maila duten herriekin alderatuta “nabarmen apalagoa” da euskararen erabilera. “Herri Olinpiadetan den-dena euskaraz bideratzen dugu guk, sare sozialetatik hasi eta bileretaraino, eta jardunaldietan ere nabari da euskara normalean baino askoz gehiago erabiltzen dela. Horretan ere eragiten ari garela uste dut”.
Leave a Reply