Diaspora saretzeko lanean

Diaspora saretzeko lanean

Laida Goiburu

Luzera begira, euskal komunitatearentzat estrategikoak izan daitezkeen harremanak egitea eta sendotzea. Hori da helburua. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hainbat gaztek hiru asteko egonaldia egingo dute udan Goierrin, Ateak Ireki proiektuarekin. Bertako familien etxeetan egongo dira, eta, euskara ikasteaz gain, euskal kulturan murgilduko dira.

Hainbat elkarte eta erakunde daude proiektuaren atzean: Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikarako elkartea, Maizpide euskaltegia, Goieki Goierriko garapen agentzia, Goierriko udalerriak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkartea. Euskal diasporako eragileak saretu nahi dituzte egitasmoaren bidez. Ekainaren 25ean iritsiko dira gazteak Goierrira, eta uztailaren 16an itzuliko dira AEBetara.

MIKAELA GOIKOETXEA

Mikaela Goikoetxea (Wyoming, AEB, 1999) izango da gazteekin egongo den begiraleetako bat. Wyomingen jaio eta hazitakoa da, baina euskal herritarra du aita, Gorritin (Nafarroa) jaioa: Martin Goikoetxea bertsolaria. Txikitatik etxean euskararen eta euskal kulturaren berri izan badu ere, duela urte eta erdi bat erabaki zuen euskara hutsetik ikastea. “Euskal festetara joaten ginen askotan, baina etxean ez genuen euskaraz egiten, hitz batzuk bakarrik nekizkien; ingelesez hitz egiten genuen”. Jakin-mina eta interesa sortu zizkion euskarak, eta, unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Lazkaoko Maizpide barnetegian izena eman eta urte eta erdira, euskarako C1 azterketa egiteko prestatzen ari da. Euskaraz bizi da. Maizpiden bertan egiten du lo, eta familia bisitatzeko aprobetxatzen du asteburua, Gorritin eta Tolosan. “Maizpiden jasotzen ditut klaseak, eta familiarekin euskara erabiltzen dut gero”.

Askotariko jarduerak

Musika, bertsolaritza, hainbat herritarako irteerak, sukaldaritza tailerrak… Askotariko jarduerak izango dituzte udan Goierrira etorriko diren gazte estatubatuarrek. Jean Jules Flecher Utah-ko (AEB) 23 urteko gaztea izango da jarduera horietan parte hartuko dutenetako bat, eta “asko dibertitzea eta ikastea” espero du. “Irrikaz dago” etortzeko. Goikoetxearen esanetan, esperientzia ahalik eta oparoena izateko, “aukera guztiak aprobetxatzea” komeniko zaie gazteei: “Azkenean, elkarrekin hitz egiteko eta gauza berriak ikusteko eta ikasteko aukera ematen du Ateak Ireki programak”. Eskoletan jasotakoaz gain, “garrantzitsutzat” jo du bertako bizitza ezagutzea. “Tailerretan edo klaseetan ikasitako hori familietan edo eguneroko bizimoduarekin barneratuko dute gero”.

AEBetako beste begirale bat egongo da Goikoetxearekin batera, eta biziko duten hori jasotzeaz ere arduratuko dira biak. “Gazteen familiekin harremanetan jarriko gara, eta blog bat egingo dugu proiektuaren eta egonaldiaren berri emateko”.

Euskara mundura

1970eko hamarkadan dauka aurrekaria Ateak Ireki-k. Boise State Basque Studies Abroad Program egitasmoaren bidez, AEBetako hainbat gaztek Oñatin egin zuten egonaldia orduan; euskal diasporako eragile izan dira gerora, eta munduan barrena eraman dituzte euskal kultura eta euskara. William Petersen aktorea eta Dave Bieter Boiseko alkate izandakoa dira esperientzia hartan parte hartu zuten gazteetako bi.

Garai hartako euskal komunitateko eragileek “lotura estuagoa” zutela nabarmendu du Goikoetxeak. “Gaur egun urrunago dabiltza diasporako komunitatean”. Haren iritziz, Ateak Ireki eta antzeko proiektuak aukera ona dira “kultura beste modu batean ezagutzeko eta berriz ere lotura horiek lortzeko”.

AEBetako gazteak etxean jasotzeko, Goierriko familia euskaldunak behar dituzte orain. Ateakireki.eus webgunean eman daiteke izena, apirilaren 17a baino lehen. Euskara eta euskal kultura zabaltzeaz gain, harreman pertsonaletan oinarritutako zubiak eraikitzeko eta bertako zein diasporako euskal komunitatearen sarean sakontzeko aukera izango dute familia horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.