Eguneroko objektuen musikaria

Eguneroko objektuen musikaria

U. Zubeldia

Kotidiafonista izenarekin deskribatu du bere burua. Eguneroko objektuak bere eginda, haizezko instrumentuen musikaria da. Izan liteke kaleko obretako hesietako bat; bizikleta baten gurpila; kalabazin bat; makarroi bat; makulu bat; adreilu bat… “Edozein objektu da egokia haizezko musika sortzeko”. Xavi Lozano (Badalona, Herrialde Katalanak, 1969) 1990eko hamarkadan hasi zen eguneroko objektuekin musika jolasean. “Txirulak asko gustatzen zitzaizkidala jabetuta nengoen, mota guztietako txirulak. Aurretik jota neuzkan saxofonoa, pianoa, tiblea —Kataluniako herri instrumentua, dultzainaren antzekoa—…, baina flautak atsegin nituen”.

Halako batean, izterrezurra hautsi zuen Lozanoren aitonak, 91 urterekin, eta muletaren laguntzarekin ibiltzen hasi zen. “Muleta hura ere musika tresna bat izan zitekeela esan nion aitonari, esertzeko eta entzuteko. Eta halaxe hasi nintzen. Oso soinu polita ateratzen duten objektuak daudela jabetu nintzen”. Ordurako hasita zegoen eskoletan txirulekin ikastaro hezitzaileak ematen. “Eta muleta ere ateratzen nien amaieran, zer instrumentu zen galdetzeko. Ez zela instrumentua erantzuten zidaten denek, baina harrituta gelditzen ziren ni jotzen ikustean”.

XAVI LOZANO MUSIKARIA

Jolas moduan hasitakoa ikuskizun bihurtu du Lozanok, eta, Euskal Herriarekin daukan lotura baliatuta —sarritan etorri izan da Donostiako Tabakalerara, Usurbilera, Irunera, Oiartzunera, Bilbora, Lekeitio eta Elorriora (Bizkaia),…—, hurrengo ostegunean kontzertu bat emango du Tolosako Tolofolk jaialdian. 20:00etan hasiko da saioa, Berdura plazan. “Laguna dut Abraham Cupeiro musikari galiziarra, hura iaz izan zen Tolofolk jaialdian, eta haren bidez jarri ziren nirekin harremanetan”.

Bakarrizketa bat

Lozanok ikus-entzuleei eskatu die hurrengo ostegunean stand up edo bakarrizketa bat ikusteko ideiarekin joateko Tolosara. “Ni bakarrik egongo naiz oholtzan, kontatuz, kantatuz eta egiten ari naizena ilustratuz, bitxikeriak aipatuz…”. Kataluniarrak onartu du bera dela egiten duenarekin harritzen den lehenengoa. “Baina egia da erreakzio ederra izaten dutela parean daudenek. Galdera asko sortzen dira beti nire ikuskizunaren ondoren”. Haurrentzako eta gurasoentzako, “guztientzako” da ikuskizuna.

Lozano bakarlari gisa aritzen da sarritan, baina hainbat taldetan ere aritu izan da eta aritzen da: Bufa & Sons eta Tactequete taldeetan, Eliseo Parrarekin, ORT Orquesta Reusonica taldean, Sabela Caamaño eta Antia Ameixeiras galiziarrekin, hainbat soinu bandaren laguntzaile gisa ere bai…

Leave a Reply

Your email address will not be published.