Kulturarako plaza egonkorra

Kulturarako plaza egonkorra

Juan Luis Romatet

Izurritearen ondorengo normaltasunarekin batera itzuli ziren iazko udan Arranopola kultur dinamikaren barruan antolatutako kontzertuak Zarautzera. Bederatzi emanaldi eskaini zituzten guztira, uztailean eta abuztuan, ostegun iluntzeetan, Zarauzko Musika plazan. “Udako kontzertuekin zerbait desberdina ematen diogu Zarautzi. Eta, desberdintasun horren barruan, zerbait iraunkorra”, dio Aimar Arozenak, Arranopola dinamikako antolaketa taldeko kideak. “Eskaintza desberdin bat edonork izan dezake, eta ongietorria izango da. Baina eskaintza iraunkorra izatea, bi hilabetez ostegunero emanaldi bat antolatzea, hori ez da beste inon gertatzen”. Arranopola dinamikaren lantaldeko kidea da Ane Arruti ere.

Urte zehatza ez dakite zein den, baina dinamikaren sorrera “duela hamarkada bat ingurukoa” dela esan dute biek, “Zarauzko Arrano Kabia kultur elkartearen babesean”. Ordutik “gorabehera batzuk” izan dituztela jakinarazi dute, eta horien eraginez eten batzuk ere izan dituztela programazioan. “Talde aldaketa batzuk izan ditugu antolakuntzan, eta 2018an, adibidez, ez genuen egin; eta 2020an ere ez, pandemiagatik. Iaz, normaltasunera itzuli ginenean, hasi ginen berriro antolatzen”, esan du Arozenak.

Arrutik azaldu duenez, aldaketa horiek ez dute eraginik izan kultur programazioaren helburuetan. “Bi helburu nagusi ditugu: batetik, herriko musikariei edo taldeei plaza bat eskaintzea, eta, bestetik, herritarrei, baita beste herrietako entzuleei ere, kultur eskaintza bat proposatzea”.

Arozenak gogoratu du askotan esan ohi dela talde hasiberriek zailtasunak dituztela zuzenean jo ahal izateko lekuak aurkitzeko. “Ez direla ezagunak, ez dietela deitzen… esaten dute. Horri erantzun nahi diogu guk, geure baliabideen barruan. ‘Hemen duzue oholtza bat eta badakizue nola funtzionatzen duen'”.

Antolatzaileek diotenez, beti saiatzen dira herriko taldeen kontzertuak programatzen. “Baina ez gara mugatzen Zarauzko taldeetara. Oreka bat mantentzen saiatzen gara, bai musika estiloetan, entzule desberdinetara heltzeko, bai eta genero kontuetan ere”, azpimarratu du Arrutik.

Txapela pasatzen

Arozenak eta Arrutik “dinamika autogestionatu” baten moduan definitu dute Arranopola. Alde horretatik, Zarauzko Udalaren diru laguntzarik ez dutela jasotzen argitu dute. “Kontzertuetarako baimenak ematen dizkigute, nahiz eta horretan ere baldintzak zorrozten ari diren. Txapela pasatzen dugu jendearen eskupekoa jasotzeko, eta artistei bideratzen diegu jasotako diru guztia; batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago”. Arozenak zehaztu du “gutxieneko diru kopuru duin bat” adosten dutela kontzertuen aurretik. “Normalean jasotzen dugun kopuruaren araberakoa. Suerta daiteke egun txar bat, baina, oraingoz, ez zaigu halakorik gertatu. Beti iritsi izan gara gutxieneko horretara”. Kontzertuen hasieran txapela pasatuko dutela jakinarazten dute beti. “Jendeak nahi badu guk kontzertu horiek antolatzen jarraitzea, ezinbestekoa izango da euren laguntza. Bestela, artistak ez dira etorriko”, gaineratu du Arrutik.

Autogestioaren beste adibide bat jarrita, antolakuntzako kideek iaz euren gain hartu zituzten soinu teknikari lanak ere. “Formakuntza saioak izan genituen, ez baikara adituak”, esan du Arrutik. “Hori ere adierazi genien musikariei, eta kasu batzuetan eurek lagundu ziguten guri. Denon artean gauzak ondo ateratzeko borondatea dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.