Lehia eta festa Berazubin

Lehia eta festa Berazubin

Imanol Garcia Landa

Tolosako Berazubi futbol zelaian VI. Nescup txapelketa jokatuko dute apirilaren 15ean, Tolosako futbol klubak antolatuta. Infantil mailako neskek jokatzen dute torneo hori, eta hamabi talde ariko dira guztira. Gipuzkoakoak dira horietako zazpi: Tolosako bi, Reala, Intxurre (Alegia), Goierri Gorri, Zarautz eta Intxaurdi (Donostia); Bizkaikoak dira lau: Leioako Neskak, Peña Athletic, Pauldarrak (Barakaldo) eta Basauriko Kimuak; eta Nafarroakoa bat: Mulier (Sarriguren). Iaz, Realak eta Mulierrek jokatu zuten finala. “Uste dut parekatua izan daitekeela txapelketa”, esan du Henar Martinezek, Tolosa klubeko emakumezkoen arloko arduradunak. “Kontuan izan behar da hogei minutukoak direla goizeko partidak, eta edozer gauza gerta daiteke hor”.

HENAR MARTINEZ

Goizez eta arratsaldez jokatuko dute torneoa, eta launa taldeko hiru multzotan banatuko dituzte hamabi taldeak. Egituran aldaketa bat egin dute aurten: orain arte multzo bakoitzeko azken bi taldeek arratsaldean ez zuten partidarik jokatzen, baina aurten, bai. “Festa giroa gehiago luzatzeko hartu dugu erabaki hori. Beraz, lehen postutik hamabigarrenera arteko postu guztiak zehaztuko ditugu”, azaldu du Martinezek.

Apirilaren 15ean izango da txapelketa, 09:00etan hasita, eta 18:30ean jokatuko dute finala. Eguerdian, Berazubin bertan bazkalduko dute talde guztiek. “Hor hartu-eman oso aberasgarria sortzen da jokalari guztien artean”, dio Martinezek. “Nescup txapelketaren helburu nagusia da emakumezkoen futbola sustatzea, gizarteari zabaltzea”, haren esanetan. “Emakumezkoen futbola gero eta gehiago ari da garatzen eta indartzen, baina lanean jarraitu behar dugu. Mundu horretan gabiltzan jokalari, entrenatzaile zein arduradunontzat, lehia izateaz gain, festa moduko bat da horrelako txapelketa bat”.

Tolosarentzat Nescup txapelketa antolatzea “ohorea” dela ziurtatu du Martinezek: “Indarra hartu du txapelketa honek; garrantzitsu bihurtu da jada”. Dena den, “lan asko” eskatzen duela aitortu du. “Jende askoren laguntza behar da, bai zuzendaritzarena, bai entrenatzaile guztiena, bai jokalariena zein gurasoena”. Sarrera doan izaten da, eta txapelketa ikustera joan nahi duten guztiak ongi etorriak izango direla azpimarratu du. Jokalarientzat euren egunerokotik ateratzeko aukera bat da Tolosako torneoa: “Ligan, urtero, talde beren aurka jokatzen dute ia-ia, eta txapelketa honetan aukera izaten dute beste talde batzuen aurka lehiatzeko”.

Parte hartzearen ilusioa

Nescupen parte hartuko duten Tolosako taldeetako bat Gipuzkoako ohorezko mailan ari da jokatzen. Bertako entrenatzaileetako bat da Ander Zipitria, eta Nescup txapelketak urtero guztiengan sortzen duen ilusioa nabarmendu du: “Entrenatzaileentzat zein jokalarientzat etxeko txapelketa bat da, etxekoek ikus dezakete, eta presio handixeagoa izango dutela esan nahi du horrek, baina baita ilusioa ere”. Gurasoek ere parte hartzen dute antolakuntza lanetan, eta, Zipitriaren ustez, horrek ere aukera ematen die denen arteko harremanak sakontzeko. “Garrantzitsua da hori. Jokalaria izandakoa naiz ni, eta konfiantza ematen du ikusteak entrenatzaileen eta gurasoen artean harreman estuagoa sortzen ari dela”.

ANDER ZIPITRIA

Helburua, funtsean, “jokalariek ondo pasatzea” dela ziurtatu du Zipitriak: “Ikaskuntza prozesu bat da futbola. Gauzak ondo edo gaizki aterata ere, ikaskuntza moduan hartu behar da dena. Egunero ikasten da zerbait”. “Ahalik eta gorenen” iritsi nahi dute aurtengo Nescup txapelketan, baina jakitun daude “aurkari gogorrak” izango dituztela.

Tolosako beste taldea Gipuzkoako Lehen Mailan ari da jokatzen. Eneritz Iraola da entrenatzaileetako bat, eta baita senior mailako bigarren taldeko jokalaria ere. “Gure taldearentzat beti da berezia Nescup txapelketa. Kanpora joaten gara torneoak jokatzera, baina berezia da etxean jokatzea; Berazubin, gainera. Festa baten modukoa da guretzat”. Irabazi edo galdu, “jokalari guztiek jokatzea” da asmoa.

ENERITZ IRAOLA

Lehen urteko “ilusioa”

Iraolak “ikasteko aukera gisa” ulertzen du Nescup lehiaketa. Aurrean talde handiak daudenean jokalariek “are gehiago” ikasten dutela ziurtatu du. “Oso gazteak dira jokalari guztiak, eta haien helburua ikastea da, irabaztea baino gehiago”. Nescup txapelketan parte hartutakoa da Iraola bera ere: “Lehen bi urteetan jokatu nuen, eta lehenengo urtea dut bereziki gogoan. Gauza berri bat zen guretzat, eta sekulako ilusioa egin zigun etxean horrelako torneo bat jokatzeak”.

Askorentzat gorengo mailara iristeko pauso bat izan daiteke Nescup txapelketa. Martinezek gogora ekarri du badirela Tolosarekin torneoa jokatu eta orain goi mailan ari diren jokalariak: Nerea Eizagirre, Izarne Sarasola (Reala) eta Laida Balerdi (Athletic B), esaterako. “Polita da haiekin horrelako esperientziak bizi izatea eta noraino iristen diren ikustea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.