Oraindik ere ba omen da liburuen lehen idazketa lana eskuz egiten duen idazlerik. Baina horiek ere ordenagailura jotzen dute gero, ezinbestean, azken bertsioa osatzeko. Editoreari ezin emango diozu eskuizkribu bat XXI. mendean!
1980ko hamarkadaren lehen erdialdean, eskuz idatzi eta eskuz idatzitakoa idazmakinaz jotzea zen ohikoena. Komeni izaten zen eskuizkribua nahiko ondo errepasatua eta zuzendua izatea aurretik, akatsik edo hobe beharrezko aldaketarik txikienak ere orria idazmakinatik atera eta beste baten gainean idazten hastera behartzen baitzintuen, orria zirrimarraz zikinduko ez bazenuen. Ez litzateke gaur hainbeste liburu idatzi eta argitaratuko, denak, orduan bezala, idazmakinaz jo behar balira.
Typexaren erabilerak samurtu zuen prozesua lehenik, zirrimarra zikinik gabe hobeto disimulatzen baitzituen konponketak eta aldaketak. Hasieran, eskuz egiten zuen typexak zirrimarraren zuriketa, baina gero idazmakina elektrikoek typex bidezko zuzenketa lana erraztu eta hobetu zuten. Arazo bat zuten hala ere: garestiak ziren.
Kostata eskuratu nuen nik neurea, eta bai azkar asko damutu ere, aurki geratu baitziren atzeratuta idazmakina elektrikoak, ezertarako balio ez zutela. Izan ere, 1980ko hamarkadaren amaieran ordenagailuak hasi ziren nagusitzen, abantaila ikaragarri bati esker: gaizki egindakoa konpontzeko edo, nahi izanez gero, testuan edozein aldaketa egiteko sekulako erraztasuna.
Gogoan daukat orduan ordenagailuek idazleei emandako erraztasun eta arintasun horrek literaturan ekar zitzakeen aldaketei buruz teorizatu zutela hainbat idazlek —Umberto Ecok eta Anjel Lertxundik, besteak beste—, baina ez dut gogoan inork ere ondorio zinez sendo eta jakingarririk plazaratu zuenik. Liburuak idaztea, zuzentzea eta argitaratzea erraztu dute ordenagailuek, eta, ondorioz, argitalpen kopurua ugaritu, baina zaila da idazteko moldeetan zer eragin izan duen zehaztea.
Ordenagailuaren laguntzara aspaldidanik ohituta, Adimen Artifizialaren laguntza ere jaso dezake idazleak orain bere lanean, eta akaso horrek eragin sakonagoa izango du testu literarioetan, ordenagailuen erabilerak izandakoa baino.
Imanol Alvarez gidoilari eta idazleak Robert McKeeren Story liburua aipatu zuen (gaztelerazko bertsioan, El guión) ETB1eko Artefaktua saioan, gidoiak taxuz osatzeko eskuliburua, gidoigintzako irakasle batek esan ziona gogoratuz: “Irakur ezazu, eta gero ahaztu”.
Gidoi sendo bat, edo are nobela eder bat ere, idazteko aski izango da laster, agian, hiru pauso hauek jarraitzea: a) GPT5, GPT6 edo egokitzen denari McKeeren liburua —eta gisako beste batzuk, behar adina—, irakurrarazi eta ikasarazi; b) norberak kontatu nahi duen istorioaren sinopsi labur bat eman makinari, eta sinopsi horri aurretik ikasia —input gisa txertatutakoa— aplikatzeko eskatu; c) emaitzari ukitu pertsonal eta gizatiarra eman, McKeeren arauak ahaztu duenaren itxurak eginez, hala esaterik badago. Hau da, lanik burutsuena, arrazionalena, teknikoena, makinaren esku utzi —hori idazleak baino azkarrago ez ezik, hobeto ere egingo duelakoan—, eta sorkuntzaren ardatzean makinak eman ez dezakeena jarri.
Arazoa izan daiteke, ordea, makinak eman ez dezakeen hori gero eta gutxiago izatea.
Leave a Reply