Unai Zubeldia
Iaz baino bost parte hartzaile gehiago, 22 guztira; lau kanporaketetan elkarteak beteta; finaleko seikotea esperientzia pixka bat badaukana… Eneritz Artetxe Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea gustura dago aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak orain arte eman duenarekin. Gaur izango du azken geltokia, Lasturko tabernan, Deban, 20:00etan. June Aiestaran iazko txapelduna, Amets Aizpurua, Izar Zelarain, Danel Etxeberria, Jon Mendiluze eta Beñat Zeberio ariko dira bertsotan —Zelarain eta Zeberiorentzat lehen finala izango da—. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeko bertsolariak dira Aizpurua ez, gainerako bost finalistak.
Artetxek azaldu du aurten izena eman duten 22 bertsolarietatik erdiak lehen aldiz aritu direla kantuan Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. “Eta saioetan nabaritu da urduritasuna edo esperientzia falta hori, baina finalisten artean ez dago aurten lehen aldiz parte hartu duenik, eta talde txukuna gelditu da finalerako”. Gaurko finalak, gainera, txapelaz gain, badauka beste sari preziatu bat ere: Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean kantatuko dute lehen bi sailkatuek. Ekainean izango da saio hori. Iaz June Aiestaran eta Jon Mendiluze sailkatu ziren Gipuzkoatik.
Artetxek argi du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa badela nolabaiteko “tranpolina” gazteek bertso kantuan pausoak ematen jarraitzeko. “Eskolartekoak beti laguntzen du gero sariketetan parte hartzeko. 18 urterekin amaitzen da eskolartekoa, eta 18 urterekin hasten dira sariketetan parte hartzen, 25-26 urtera arte”.
Aiestaranek aitortu du eurentzat eskolartekoa izaten dela urte guztian ia ziurtatua izaten duten bertso saio bakarretako bat. “Garrantzitsua da guretzat. Eskolartekoak baldintzatzen du, nolabait, urte guztian izan dezakegun plaza kopurua, eta, ondorioz, pisu handia dauka guretzat”. Iaz txapeldun izanda, Aiestaranek nabaritu zuen saio kopurua ugaritu egin zitzaiola. Lau kanporaketetatik lehena irabazita, “denbora dezente” izan du finala iritsi artean. “Ona eta txarra izan daiteke hori, baina bertsoei asko emanda ibili naiz ni”. Bere buruari presio handirik ez jartzen saiatu da. “Emaitza ona ez bada, sustoa handia izango delako, bestela”. Aitortu du finalera iritsi behar hori nabaritu zuela kanporaketan. “Baina nahiko lasai nago orain. Gozatu egin nahiko nuke, horrekin konforme nengoke”.
Bere txikian, mugimendu pixka bat sortzen du eskolartekoak. “Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko hiru lagun aritu gara dena antolatzen, eta tokian tokiko bertso eskolak arduratzen dira saio bakoitza antolatzeaz. Eskertzekoa da egiten duten lana”, azaldu du Artetxek. Epaile talde bat eta gai jartzaile talde bat ere izaten da urtero. “Gai jartzaileei dagokienez, interesa daukaten bospasei gazte aritu dira aurten lanean, aurretik formakuntza saio bat jasota. Beraz, gai jartzaile berriak ere formatzen ari gara eskolartekoen bidez”.
Gelatik Plazara ekimena
2014ra arte, 14 urtetik beherakoek eta 14 urtetik 18ra artekoek bakoitzak bere eskolarteko txapelketa izan zuten —1981etik 1989ra taldeka aritu ziren 14 urtetik beherakoak—, baina azken urteotan maila bakarra izan da txapelketan. “Ikusten genuen, ordea, 14 urtetik beherakoen eskolartekoa kendu genuenetik 14 urtetik gorakoen parte hartzeak ere behera egin zuela. Azkenean, 14 urte arte jendaurrean kantatu gabe, oso zaila da gero pausoa ematea”. Horren jakitun, hausnarketa bat egin zuten Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak, eta Gelatik Plazara egitasmoa jarri dute martxan aurten, 14 urtetik beherakoentzako sariketa bat. Zazpi saio izan dituzte guztira. “Saio horiek lehiatik baino gehiago izan dute ludikotik. Eskolartekorako zubi lana egin dezan nahiko genuke; proba txikiak egiten ari gara”, esan du Artetxek.
Oraindik “sarrera gutxi batzuk” badaudela gogoratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, eta zalantzan dagoenari “animatzeko” eskatu dio, “giro ederra” sortuko delako gaurko saioan. “Izatez, oso leku berezia da Lastur. Ehun lagunentzako jatetxea da, giro ona sortzen da, eta erdi ziurtatuta dago final ona izango dela”.
Leave a Reply