June Romatet Ibarguren
Glutenari alergia izatearen ondorioz hesteetako mukosan lesioak sortzen dituen asaldura kronikoa da gaixotasun zeliakoa; ez dago kopuru zehatzik, baina gaur egun gipuzkoarren %1ek du gaixotasun hori. Diagnostikorik gabeko beste hainbat herritarrek ere jasan behar izaten dituzte, ordea, glutenarekiko alergiaren eraginak. Horren jakitun, eta etxeko errealitate bati erantzun nahian, Ainara Abasolo arrasatearrak Irrika Gluten Free Bakery proiektua abiarazi zuen duela bi urte.
Abasolok duela lauzpabost urte jaso zuen gaixotasunaren diagnostikoa. “Urte askoan ibili nintzen tripako minez, eta, hainbat aldiz dieta moldatzen saiatu eta gero, azkenean jakin nuen zer nuen: zeliakoa naiz. Ondorioz, dena berriro egokitzen hasi nintzen”. Hark bakarrik ez, semeak ere gaixotasun berbera zuela jakinarazi zioten Abasolori, eta horregatik murgildu zen glutenik gabeko elikagaien munduan.
Betidanik ostalaritzaren alorrean lan egin izan du Abasolok; amaren jatetxean aritu izan da lanean 16 urte zituenetik. Arrasatearraren hitzetan, amaren jatetxean garrantzia ematen zioten elikagaiak “bertakoak eta ekologikoak” izateari, eta jaki makrobiotikoak ere erabiltzen zituztela gaineratu du. Baratze bat ere bazeukatela kontatu du, jakien berme hori edukitzeko. “Nik, hasieran, ez nekienez tripako mina zerk eragiten zidan, makrobiotikaren eta elikaduraren inguruko informazio asko jaso nuen urte haietan”.
Konfinamenduak, ordea, aldaketa bat eragin zuen Abasoloren eta haren familiaren etxean. Erretiroa hartzea erabaki zuen amak, eta Abasoloren esku gelditu zen jatetxea. “Niri asko gustatzen zait ostalaritza, baina ez nuen lan horretan jarraitu nahi. Beraz, itxi, eta gozogintza lantegi bihurtzea erabaki nuen”, esan du. Duela bi urtetik, familiaren baratzean eta gozogintza lantegian lan eginez, glutenik gabeko gozo osasungarriak sortzen ditu Abasolok.
Pixkanaka hasi zen errezetak sortzen, baratzeko barazki eta fruituak erabiliz: azenario donutsak, almendrazko madalenak, txokolate eta laranjazko bizkotxoak… “Jendeak hasieratik probatu nahi izan ditu nire gozoak. Nik gozoak egiten disfrutatzen dudan neurrian disfrutatzen dute beste batzuek jaten, eta pozgarria da hori”, aitortu du gozogileak.
Opilak, galletak, bizkotxoak eta abar egiteaz gain, ogia ere saltzen dute Irrikan. Horretarako, arroz irina, gari beltza, oloa eta antzeko osagaiak erabiltzen dituzte Arrasateko gozogintza lantegian. “Egunero, goizean goiz joaten naiz lantokira ogia egitera; hamabi orduz hartzitzen izaten ditut, eta goizean laberatzen ditut”. Gaineratu du beretzat garrantzitsua zela zeliakoei “hainbat aukera” eskaintzea, gaixotasuna diagnostikatu ziotenean konturatu baitzen ez zegoela aukera askorik eurentzat: “Dendetan, normalean, glutenik gabeko jakien aukera gutxi egoten da, eta askotan garestiagoak izaten dira, gainera. Hori ere izan zen gozotegi lantegia irekitzeko beste arrazoietako bat”.
Diabetesa dutenak ere bai
Osagai ekologikoko produktuak direnez eta produktu horiek ez direnez animalietatik eratorriak, glutenari alergia diotenentzat bakarrik ez, dieta beganoa edo begetarianoa egiten dutenentzat ere prestatzen ditu produktuak Abasolok. “Niretzat garrantzitsua zen inklusibotasuna jatekoetara ere eramatea; beraz, edonork jan ditzakeen opil eta gozoak prestatzen ditut nik”, kontatu du. Arrasatearrak kontuan hartzen ditu diabetesa duten herritarrak ere. Bakoitzak bere eskaera egiteko aukera dago Irrikan.
“Ahalik eta toki gehienetara” iristeko asmotan, Irrikak 30 salmenta gune ditu Gipuzkoan, eta beste bat Malagan (Espainia). Sare sozialen bidez azaltzen du egun bakoitzean zein herritan eros daitezkeen Irrika produktuak, eta, horrez gain, etxera ere bidaltzen ditu. Artisau azoketan ere izaten dira batean eta bestean.
Bi urteotako lanari esker, “Espainiako kalitate ziurtagiria” jasota dauka Abasoloren enpresak, eta baita Landaola sarietarako izendapena ere, iaz. “Etxeko behar batetik sortutako proiektua da gurea; irrikaz eta gozotasunez lantzen ari gara, eta oso pozik gaude”.
Leave a Reply