Kerman Garralda Zubimendi
Zerain bezalako helmuga turistikorik ez dago. Hego Euskal Herrian ez, behintzat, Escapada Rural Espainiako Estatuko agentziarentzat. Horren erakusgarri, Landa Turismoaren Hiriburua aukeratzeko lehiaketako hamar finalisten artean sartu dute Goierriko herri hori; Euskal Herriko hautatutako bakarra da. Bidaiariek erabakiko dute finalisten artean garailea zein den: Escapadarural.com webgunean zabalik dago botoa emateko aukera; astelehenean amaituko da epea.
Boicarent, Cardona (Herrialde Katalanak), Campo Lameiro (Galizia), Candeleda, Colmenar de Oreja, Elche de Sierra, Nalda, Ricote eta Segura de Leon (Espainia) dira gainontzeko hautagaiak. Apirilaren 27an jakinaraziko dute irabazlea zein den. Zazpigarren urtea du lehiaketak, eta, oraingoz, ez du irabazi Euskal Herriko herri bakar batek ere. Niko Osinalde Goiturreko arduradunarentzat “gutxienekoa” da lehiaketa irabaztea. Goierri beheko turismo-garapen agentziako zuzendariak azaldu duenez, txapelketa “aitzakia bat” da “Zerain ezagutarazteko”. Helburua jada lortu dutela esan du.
Iratxe Perez Zeraingo turismo bulegoko arduradunak ziurtatu du Aste Santuan “izugarrizko mugimendua” izan dutela herrian. “Bisita gidatuak bikoiztu egin behar izan ditugu denei aukera eskaintzeko”. Haurrak dituzten familiak izaten dira bisitaririk ohikoenak, nahiz eta patroi zehatzik ez dagoela nabarmendu duen Perezek. “Bikoteak zein talde handiak” ere izaten dituzte bisitarien artean. Esaterako, hamabost laguneko talde baten bisita izan zuten Aste Santuan. Gipuzkoatik eta Bizkaitik iristen dira turistak Zerainera, nagusiki. “Eta geroz eta gehiago dira Kataluniatik eta Espainiatik heldutakoak”.
275 biztanle besterik ez
Osinaldek zehaztu du naturak, kirol eskaintzak, gastronomiak, kulturak… erakarrita iristen direla turistak Zerainera. “Zaila da hain herri txikiak hain ondo uztartzea turismo mota ezberdinak”. 10.000 biztanle baino gutxiago izatea da sariketan parte hartzeko baldintzetako bat, eta Zerain da txikiena: 275 biztanle ditu. Perezek azpimarratu du “Aizpeako meatze gunea” dela herriko gune nagusia. Baina ez bakarra: Larraondoko zerrategi hidraulikoa, museo etnografikoa edo herri museoa, garai bateko kartzela —egun ostatua da—, Andra Mari eliza, San Blas ermita, bolatokia… “Zeraindarra zen [Francisco] Goya margolariaren herenaitona [aitonaren aitona], Mantxolatxiki baserrikoa. Horregatik, Goyari eskainitako monumentu bat dugu Mandion, eta horrek ere erakartzen du jendea”.
Sagardotegi bat ere badago herrian, eta hiru gaztagile. Horietako batek, gainera, bisita gidatuak eskaintzen ditu. Kirol eskaintza gaineratu du Osinaldek: Aizpeako meategien inguruan diseinatutako ibilbideak, Aizkorriko parke naturala… “Maiatzean Zegama-Aizkorri mendi maratoia izango dugu, eta horrek eragin handia du asteburu osoan. Kataluniatik etortzen da jendea, bereziki”. Ez da aurtengo mundu mailako kirol ekintza bakarra izango. Frantziako Tourra ere igaroko da herritik eta zikloturistei bideratutako eskaintza indartu egin dute horren aitzakian. The Basque Route egitasmoko etapetako bat ere bertatik igarotzen da. “Ez da kasualitatea hain eskaintza zabala izatea. Azken urteetan lan asko egin dugu. Azkenean, lan horren aitortza da Landa Turismoaren Hiriburu izendatzeko hautagaietako bat izatea”, esan du Goiturreko zuzendariak.
Amaia Junquera alkatearentzat ere ez da kasualitatea izendapena. “Zeraindarrek, turismo bulegoak eta Goiturrek egindako lan mardularen emaitza da”.
Aurreikuspenak, “onak”
“Gustatuko litzaidake Zerain Landa Turismoko Hiriburu izendatzea. Lanean jarraitzeko eta bisitariak erakartzeko beste bultzada bat izango litzateke”, aitortu du Osinaldek. Etorkizuneko erronka turisten jarioa “urtean zehar egonkortzea” dela esan du Perezek. “Besteak beste, masifikazioa ekidin eta turismo jasangarria bermatzeko”.
Goiturren aurreikuspenak ere “onak” dira. “Kontuz ibili behar da aurreikuspenekin, egoera ekonomikoak asko baldintzatzen duelako, baina aisialdirako diru kopuru bat gordetzen dugu beti. Agian, ez gara egun askorako joango, baina mugitzen gara. Horri eustea espero dut”.
Leave a Reply