Duela lau bat aste, durduzatuta eta pentsakor utzi ninduen esaldi bat irakurri nuen Twitterren. Kontzientzia astindu zidala esan daiteke. Kolitza ezizena duen erabiltzailea zen egilea, Gazte Koordinadora Sozialistako militante komunista, oker ez banago.
Jatorrizko gaztelaniatik neuk euskaratuta, hau zioen txioak:
“Benetako alaitasuna, perfekzioa eta potentzia areagotzen dituen pasio politiko gisa, dena nahi duen gaztaroan dago. Ez esplotatzaileen hauteskunde-iruzurra, tristezia, konformismoa eta esklaboaren morala ordezkatzen duten agenteen esker oneko urdailetan”.
Hainbat gogoeta solte ernarazi zizkidan esaldiak:
1) Disimulatu gabeko edadismo edo gerontofobia moduko batez, benetako alaitasunaren paradisutik egozten nau esaldiak, nire adin biologikoa aintzat hartuta.
2) Alaitasun hori ezagutua eta gozatua naizela uste dut hala ere —bere osagai gerontofobo eta guzti—, eta horrek esaldiak baduela bere gutxieneko egia eta funtsa pentsarazten dit.
3) Adin kontuak alde batera utzita ere, egoeraren azterketa errealista samar batetik abiatuta, uste dut “dena nahi” izate hori, gaur egun, kalera irtenda ikusten dena ikusirik edo, modu politikoki jasoago batean esanda, “indar korrelazioak” aztertuz gero, funts gutxiko ameskeria dela, arrazoian baino gehiago fedean oinarritua, eta ez sektarismora lerratzeko arriskurik gabea.
4) Txillardegik duela 55 urte Zeruko Argia aldizkarian argitaratutako artikulu bat ere etorri zait gogora, Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean (Kronikak liburuan jasoa, Susa, 2022). Bruselako Unibertsitateko ikasleen jarrera eta jokabideekin durduzatuta, honako hauek idatzi zituen orduko hartan, besteak beste:
“Harrigarriena, halere, ikasleen baikortasuna iruditu zait: dena hankaz gora bota nahirik ere, dena konpontzeko itxaropena beti agerian. Kotxea, telebista eta abar lortu ondoren ere, “tentelen” bizimodua omen daramagu; baina itxaropena ez omen da galdu behar: Erreboluzioa eginez konponduko ditugu denak. (…) Lehen, jendea komentura edo mortura edo Himalaiara joaten zen halakoetan; gaur, barrikadetara. Lehen, ziurtzat zeukaten zuhurrek munduaren ezin konpontzea; gaur, ziurtzat daukagu konpon daitekeela. Kapitalismoaren kontrako Erreboluzioa eginez gero (erreboluzio bakar bat egin omen daiteke), dena konponduko da. Hau ez sinistea alienaturik egotea omen da. (…) Badago “fede” horretan, nire ustez, oso aldakuntza sakon bat: XX. mendeko ikaslea baikorra da, inoiz baino baikorrago beharbada. Gure gaitz guziak ekonomia-moldabidetik datozela sinisten baitu. (…) Gizonaren arazoak eta kezkabideak ez dira denak kapitalismoaren ondorioa. Hau ez da egia. Kapitalismoaren bidegabekeriak osoki kondenaturik ere, kapitalismoaren arrastorik ez utzirik ere, gizonaren barne-egarrian besterik dagoela esateko momentua iritsia da. Gizonaren problema ekonomia-moldabideen problema baino zailagoa da; eta sozietatearen problema ere bai. Ekonomia-demokraziarik gabe ez dago zuzentasunik: hau garbi dago. Baina utopismoa utopismoa da, ameskeria ameskeria; eta barkatu ezina da gezurra ereitea”.
5) Orain artekoa esanda —eta esandakoa ukatu gabe— gustatzen ez zaidan rola jokatzen ari naizela ere sentitzen dut: amets-zapuztaile paternalista listopasatuarena.
Leave a Reply