Laguna oroitzeko festibala

Laguna oroitzeko festibala

Andoni Elduaien

Gaurtik astelehen goizaldera arte, musika elektronikoaren doinuetan murgilduko da Azkoitia: Holz Und Blech festibala egingo baitute, zazpigarrenez. Musika elektronikoaren zale Zuhaitz Urain Zizu zena omentzeko antolatu ohi dute festa urtero haren gertuko lagunek, baita aurten ere.

2015ean zendu zen Zizu, eta 2016an hasi ziren egitasmoa antolatzen. Jaialdiaren arima den Zuhaitzen arreba da Ihintza Urain (Azkoitia, 1995), eta anaia “pertsona mugitua” zela oroitu du, jarritako helburuak betetzen dituzten horietakoa. “Azkoitiko Txalintxo tabernan lan egiten genuen biok, eta tabernara DJ jakin bat ekarri nahi zuela esaten zuenean, guk ez genion sinesten. Anaiak, ordea, ekarri egiten zuen”, azaldu du Urainek.

Zizu zenaren helburu edo ametsetako bat zen Azkoitian musika elektronikoaren festa erraldoi bat egitea. “Horregatik da polita festa hau; anaiak lortu ezin izan zuena haren lagunek hartutako erreleboaren ondoren lortu da”. Urainentzat eta haren etxekoentzat “sekulakoa” da Holz Und Blech festibala. “Urtetik urtera gero eta handiagoa da festa. Ikusten da kalean jendeak oso maitea zuela Zuhaitz, eta hori indarra da guretzat, bereziki gurasoentzat”.

Hilabeteak antolaketan

Musika festa urtez urte handitzen ari dela ikusita, Zizu zenaren gertukoek elkarte bat sortu dute, antolaketa errazteko; Holz Und Blech kultur elkartearen izenpean arituko dira aurrerantzean. Vero Garnateo (Azkoitia, 1993) da elkarteko hamar kideetako bat. Haren arabera, “kontua formalizatzeko” sortu dute elkartea. “Orain arteko edizio guztiak lagunartean eta beste maila batean antolatu ditugu. Jaialdia kulturalagoa bihurtu da, ordea, eta, lanak errazteko asmoz, elkartea sortzea erabaki dugu”. Dena den, gertukoen kolaborazioa eta laguntza jasotzen dutela azpimarratu du Garnateok.

Joan den udan hasi ziren aurtengoa prestatzeko lehen bilerak-eta egiten, baina gaia serio azaro-abendu aldera hartu zuten, eta sarriago elkartu ziren. Lanak banatu egin dituzte aurrenekoz: “Orain arte, kide guztien artean egiten zen lanketa. Aurten, taldeka hasi gara lanean merchandising arloan, udalarekin harremanetan, diru kontuekin, DJen kontratazioan edo sare sozialetan”.

Garnateok dio “ahalegin berezia” egin dutela aurtengo kartela osatzeko. “Maiatzaren Lehena astelehena izango denez, hiru egunera luzatu dugu festibala. Zerbait handiagoa egin nahi izan dugu, eta DJ ezagun batzuk ekarriko ditugu”.

Inoizko egitarau zabalena

Aurtengo jaialdia inoizko egitaraurik zabalenarekin dator. Nerea Zubizarreta (Azpeitia, 1996) da beste antolatzaileetako bat, eta hark dio “musika elektronikoaren kultura zabaltzea” dela haien asmoa, “adin guztietako pertsonentzako kultur ekitaldia” sortzea. Guztira, 46 musika jartzaile arituko dira festibalean; batetik, Zizu zenaren inguruko musika jartzaileak, eta, bestetik, nazioartekoak. Zazpi emakumek parte hartuko dute Holz Und Blechen, eta, hain justu, “emakumeei ikusgarritasuna ematea” izan da beste helburuetako bat.

Taldera jende gehiago batu denez, Zubizarretak azaldu du “gauza gehiago egiteko gaitasuna” eduki dutela aurten, “ideia berriak” sortu direla. Batetik, 13 eta 18 urte bitarteko nerabeei DJ ikastaroa eskainiko diete gaur arratsaldean. Bestetik, binilo azoka egingo dute etzi, aurrenekoz. “Beti eduki izan ditugu horrelako gauzak buruan, baina asteburuak ez zuen horrenbesterako ematen. Asteburu luzea datorrenez, perfektua iruditu zaigu halako gauza berriak antolatzea”.

Antolatzaileak eskertu egin du urtero festa posible egiten dutenen ahalegina. “Laguntzarik gabe ez da posible halako festa bat antolatzea”. Azkoitiko Udalaren laguntza ere eskertu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.