Cohen, Viktoria erregina eta euskara

Euskal Herrian hainbatetan izan zen Leonard Cohen zena, baina ez zen, nik dakidala, Euskal Herriari buruz mintzatu, edo ez zuen behintzat Euskal Herriari buruzko adierazpen gogoangarririk egin. Baina Euskal Herriari buruz eta euskarari buruz idatzi eta kantatu zuen. Euskal Herria eta euskara aipatu gabe bada ere; denotaziorik gabe, konnotazioz; esan gabe, iradokiz; berak ere jakin gabe.

Zertaz ari zen bestela harako hura idatzi zuenean: “Kanta dezagun beste kantu bat, mutilok, hau larregi zahartu eta mingostu da”? Zertaz ari zen sei hamarkadatan euskal gatazkaren protagonista nagusi izandako erakundeaz ez bada? Kasu ere egin zion erakundeak Coheni, urte asko eta askoren buruan izan bazen ere.

Halakoxea da literaturaren magia. Plazaratu eta gero, obra ez da egilearena, eta hartzaileari dagozkio interpretazioak, literatura lana, Umberto Ecok esan zuen bezala, opera aperta baita, obra irekia.

Ez da Oihenarten poema galduen aurkikuntza bezain balentria handia, baina, ibili-ibili eginda, berrirakurketa pausatu batek erakutsi dit Leonard Cohenen kanturik triste eta hautsienetako batek, tristeena eta hautsiena ez bada, Queen Victoria-k, euskara duela ardatz, erreferente eta protagonista. Euskara aipatu gabe, jakina, denotaziorik gabe, konnotazioz; esan gabe, iradokiz; berak ere jakin gabe.

Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro-n agertzen den aita euskaltzalea, gerra-galtzaile samindua, semeari euskaraz hitz egiteko eskatzen edo agintzen diona, datorkit niri burura Cohenek hau dioenean: “Viktoria Erregina, / nire aitak eta bere tabako guztiak maite zintuzten”; Elvira Zipitria eta Wilhelm von Humboldt agertzen zaizkit gero, Cohenek “nik ere maite zaitut zeure forma guztietan, / birjina ihar baldarra / alemaniar bizarren artean flotatzen” kantatzen duenean.

Hala ere, amaierako bi ahapaldietan agertzen zait bereziki indartsu euskara bete-betean Viktoria Erreginaren jantzien azpian, metaforaren beste aldean, zergatik esateko gai sentitzen ez banaiz ere; halakoxeak dira, izan ere, poesiaren misterioak: “Viktoria Erregina, / ez nau ondo elikatu amodio modernoak. / Etorri nahi al duzu nire bizitzara / zure mindurarekin eta zure gurdi beltzekin, / eta zure memoria perfektuarekin? // Viktoria Erregina, / 20. mendea gu biona da. / Izan gaitezen bi erraldoi zorrotz / (elkartu arren bakarti izateari utzi gabe), / Zientziaren aretoetan probetak koloregabetzen dituztenak, / Mundu Azoka guztietan une desegokian agertzen direnak, / esaera zaharrekin eta zuzenketekin gogaikarri, / turista liluratuak nahasten / gure galeraren zentzu paregabearekin”.

Ez al digute bada zientziaren aretoetan probetak koloregabetzen ditugula leporatzen medikuntza euskalduna eskatzen dugun bakoitzean? Ez al gara ba, itxurakeriazko lausenguetatik harago, une desegokian agertzen munduko azoka guztietan, esaera zaharrekin eta zuzenketekin gogaikarri? Ez al ditugu ba turista liluratuak nahasten, gure marko konparaezinetan, pintxo paregabea kontrako eztarrian trabarazteraino, gure galeraren zentzu paregabearekin nardatzen ditugunean?

Ez zuen zuzenean euskarari buruz idatzi Cohenek, eta euskararen auzia ezagutu ere ez zuen egin seguru asko, baina hala ere uste dut oso ondo ulertu zuela. Halakoxea da literaturaren magia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.