Imanol Garcia Landa
Lau egunekoa izango da aurten Haragi, Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko Topaketa: maiatzaren 18tik 21era. Tolosa da gune nagusia, baina Donostian eta Berrobin ere egingo dituzte ekitaldiak. Eusko Jaurlaritzak, Tolosako Udalak, Basque Culinary Centerrek eta Eliker kalitatezko elikadura zentroak bultzatutako topaketa da, eta zenbait berritasun izango ditu: batetik, Tolosako Zerkausian Txuletaren Festa berreskuratuko dute; bestetik, Euskadiko Autore Hanburgesen I. Lehiaketa egingo dute.
Txuletaren Festak emango dio amaiera lau eguneko ekitaldi sortari. Tolosako Zerkausia berriz ere erretegi erraldoi bilakatuko da maiatzaren 21ean, igandean, eta herriko erretegien menu tradizionala dastatu ahal izango da bertan: txuleta jaki nagusi gisa hartuta eta “kalitate handiko tokiko produktu gehiagorekin” lagunduta. Haragi.eus webgunean eros daitezke bazkari horretarako txartelak.
Beste ekitaldi berezia maiatzaren 20koa izango da, larunbatekoa. Tolosako Trianguloa plaza nazioarteko parrillarien elkargune bihurtuko da beste behin. Florencia Abella argentinarra, Michelin izar bat duen Stockholmeko Eksdet jatetxeko sukaldeburua, eta Felicitas Pizarro sukaldari eta sommelier argentinarra izango dira, baita Txomin Parrilla sukaldaria ere. Aurten bertako lau arrazetako behi haragia egongo da, eta behiki horiek dastatzeko aukera izango da, burruntzian hamabost orduz erre ondoren.
Aurreko urteetako arrakastarekin jarraituz, Tolosako Zumardi Txikian egingo dute Haragi Fest jaialdia. Ostiraletik igandera, bertako eta nazioarteko parrillari profesionalen zuzeneko erakustaldiak, janari furgonetak, txuletak dastatzeko aukera, kontzertuak eta parrillari buruzko ikastaroak izango dira, besteak beste.
Haragi azokaren lehen egunean, ostegunean, kongresua egingo dute Basque Culinary Centerren, Donostian. Gastronomia munduko profesionalentzat izango da, eta haragia, haren jatorria, teknika, jasangarritasuna eta animalien ongizatea izango ditu ardatz. Kongresuan parte hartzeko Haragi.eus webgunean eman daiteke izena.
Euskadiko Autore Hanburgesen I. Lehiaketa igandean egingo dute, maiatzaren 21ean, Zerkausian. Bi modalitate izango dira: autore hanburgesa tradizionala, osagai jakin batzuk dituena, eta autore hanburgesa berritzailea, era librean egin daitekeena. Aselcar (Bizkaia), Okelbiz (Bizkaia) eta Harakinak Gipuzkoa (Gipuzkoa) Harakinen eta Urdaitegien elkarteen artean antolatu dute lehiaketa hori. Antolatzaileek espero dute hirurogei bat harakinek parte hartzea.
Lehiaketen garrantzia
Azken urteotan harakinek “garapen handia” izan dutela esan du Ainhoa Maiztegik, Harakinak Gipuzkoa elkarteko koordinatzaileak: “Elaboratuen inguruan garatu da gehien. Fakturazioaren heren batek, aspalditik, zerikusia du haragiarekin egiten dituzten elaboratu horiekin”.
Elkarte hori aspalditik ari da lanean Gipuzkoan egiten dituzten lehiaketekin. “Elaboratzaile bezala, lehiaketek beren lekua ematen diete harakinei”, dio Maiztegik. “Produktu osasuntsuagoa izaten da, berezia, bakoitzak bere modura egiten du, eta iruditzen zaigu horrelako lehiaketak bultzatuz indarra ematen zaiela harakinei. Modu honetara kontsumitzaileek ikusten dute harategietan produktu bereziak egiten direla, oso zainduak eta kalitatezkoak. Hain justu, hori da helburua: harakinek egiten duten lan hori ezagutzera ematea”.
Harakin bakoitzak gutxienez sei hanburgesa prestatuko ditu parte hartzen duen modalitate bakoitzerako. Bi eremu izango dira; horietako batean, sukaldari bat epaimahaiarentzako hanburgesak prestatzen ariko da; bestean, berriz, lehiaketara joaten diren herritarrek dohainik dastatu ahal izango dituzte parte hartzaileen hanburgesak.
Leave a Reply