Lehorrean, etxerik gabe

Lehorrean, etxerik gabe

Urko Etxebeste

Trintxerpe-Illunbe arraun elkartea desagertzeko zorian da. Hala adierazi dute Pasaian 1987an sortutako klubaren zuzendaritza batzordeko kideek. Itsasoko kirol jardueratik urrun dauden arrazoiengatik daude kinka larrian: Pasaiako portuan duten egoitza eraisteko asmoa du Pasaiako Portuko Agintaritzak —haren jabetzakoa da Trintxerpe-Illunbek erabiltzen duen lokala—, Eusko Trenbide Sarearen merkantzia trenbidea pasatuko litzatekeelako handik. Portuaren asmoa da kamioien trafikoa gutxitzea, trena erabiliz. “Iazko irailean esan ziguten lokala eraitsiko zigutela. Ordutik ez dugu berririk. Baina gerta daiteke bihar bertan Portu Agintaritzaren deia jasotzea eta lokala berehala utzi behar dugula esatea. Ez dugu nora jo, ordea. Horrek kluba desagertzea ekarriko luke, ziurrenik”, adierazi du Xabier Goienetxeak, Trintxerpe-Illunbe klubeko zuzendaritza batzordeko kideak.

TRINTXERPE-ILLUNBE ARRAUN ELKARTEA

Portuan Herrera auzoaren eremuan dagoen pabiloia eraitsiko zutela esan, eta arraun elkartekoek ez zuten jaso inolako proposamenik. “Gure solaskide bakarra Pasaiako Udala dela esan ziguten. Haiengana joan behar genuela soluzio eske, alegia”, zehaztu du Goienetxeak. Udalak bi alternatiba proposatu zizkien: Sanpedrotarra arraun elkarteak erabiltzen duen Kalparra eraikinera lekualdatzea, edo Pasai Donibaneko bi eremutan banatzea, batean ontziak uzteko eta bestean egoitza izateko. “Baztertu egin genituen biak. Batetik, kluba deslokalizatu egingo lukeelako; guretzat inportantea da Trintxerpen egoitza bat izatea, erreferente izatea, gazteak gugana etortzeko. Bestetik, lokal horietan ez liratekeelako sartuko gure ontzi guztiak. Ziur gara, gainera, herriko beste arraun elkarteen egunerokoa oztopatuko genukeela”.

Bi proposamen landu zituzten trintxerpetarrek, eta biek ala biek Trintxerpe barrutiko portuaren eremuan zuten lekua. Batek, AZTI zentroaren ingurua zuen kokaleku; besteak, Blas Lezo Itsas Eskolaren ondoko nasa hartuko luke. “Hasieratik baztertu zuten lehena”, esan du Goienetxeak. “Bigarrena, berriz, hasieran udalak eta portuak egoki ikusi bazuten ere, baztertu egin zuten, ustez badiaren ertzean ezin direlako eraiki horrelako azpiegiturak. Beraz, esan daiteke kale gorrian izango garela egungo egoitza eraisten dutenean. Inork ez digu eman soluziorik”.

Sobran dauden sentipena

Akordiorako zailtasunek, erantzunik ezak eta denborak aurrera egiteak ezinegona areagotu dute klubean, eta horrek eragin nabarmena izan du kirol arloan: bederatzi gazte dituzte egun klubean. Horrez gain, udan beteranoen trainerua uretaratzea da haien asmoa. “Nahi gabe bada ere”, lehorreko kontuek kirol jardueran “eragin zuzena” izan dutela azaldu du Goienetxeak. “Aparte utzi dugu kirol arloa, ezinbestean. Ez dakigu non egongo garen bihar. Ez dakigu existitzen jarraituko dugun. Eragin handia izaten ari da hau guztia gugan”.

Jo dituzten ate guztien atzean daudenen erantzunak ikusita, arraun elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen susmoa da euren jarduna bukatu nahi dutela. “Zaborra bagina bezala tratatzen gaituzte. Uste dugu, jaso dugun erantzunaren arabera, desagertu gaitezen nahi dutela. Baina zer interes daude horren atzean? Denetik pentsatzen ari gara… Inork ez digu ezer garbirik esan”, azaldu du, haserre, Goienetxeak.

TRINTXERPE-ILLUNBE ARRAUN ELKARTEA

Sortu zenetik ehunka izan dira Trintxerpe-Illunben arraunean aritu izan diren gazteak. Gaur egungo lokalak gabezia asko dituen arren —matxurak dituztenean ezin izaten dituzte konpondu, Portu Agintaritzaren jabetzakoa delako egoitza—, balioa eman nahi diote Trintxerpeko eta inguruko gazteentzako baliagarri izan delako euren lana: “Kirolarekin, arraunarekin, balio asko ikasten dituzte gazteek. Egungo bizitza ereduak eragin negatiboa du gazte askorengan. Kirol lehia bermatzeaz gain, haiek arlo askotan laguntzeko bidea garela uste dugu”.

Desagertzeko zorian dauden mezua Trintxerpen eta inguruan zabaldu dute klubeko kideek. Herritarren partetik oso erantzun ona jaso dute; askok azaldu diete behar den guztian laguntzeko asmoa eta babesa. Arraun kluben partetik, ordea, isiltasuna dela nagusi aitortu du Goienetxeak. Bateren batek bat egin du sare sozialen bidez azaldutako kezkarekin, baina, zuzenean, inork ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.