Hondakinik onena, sortzen ez dena

Hondakinik onena, sortzen ez dena

June Romatet Ibarguren

Litxarrerien poltsak, zigarro puntak, plastikozko botilak, tapoiak eta ehunka zabor gehiago topa daitezke gaur egun Gipuzkoako hondartzetan. Haizeak herriko kaleetatik hondar artera eramandakoak, zein eguzkia hartzera joan eta etxera buelta egiterakoan jaso beharrean bertan utzitakoak. Hondarretatik itsasora iristen da zaborra, eta itsasoan, olatu artean, alde batera eta bestera nabigatzen amaitzen du, itsasoa geroz eta gehiago kutsatuz.

Pixkanaka ugaritzen ari dira itsasoko hondakinen inguruan kontzientzia sortu nahian lanean ari diren pertsona, talde edo erakundeak, eta horietako bat da Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, ingurumen hezkuntza zentro berritzailea. 2022-2023ko ikasturtean Zarauzko Udalaren 2030erako Agenda proiektuarekin, Ingurumen departamentuarekin eta Eraztun Berde Urdina egitasmoarekin elkarlanean aritu dira Materreko kideak, eta hemeretzi saio egin dituzte Zarauzko hondartzan, hondakinak biltzeko.

Sara Lizarza Materreko proiektu arduradunak kontatu du gazteenekin hondakin bilketa egin dutela Zarautzen, eta nerabeekin eta goi mailako graduetako ikasleekin mikroplastikoen analisiak egin dituztela. 713 zarauztarrek hartu dute parte hemeretzi saio horietan, Zarauzko hezkuntza zentroetako 681 ikaslek eta 32 herritarrek. 83,4 kilo itsas hondakin bildu dituzte denera, eta 8.500 elementu kutsagarri baino gehiago; horietatik ia 4.000, mikroplastikoak.

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko kideek hainbat urte daramatzate herritarrekin lanean, eta Lizarzak aitortu du “geroz eta kontzientziatuago” ikusten dituela herritarrak: “Uste dugu jendea konturatzen dela itsas hondakinen arazoaz. Herritarrek badakite gaur egun euskal kostaldean zaborra badagoela, baina informatuta egotetik ekintzara pasatzea falta zaigu”.

ZARAUTZ, ITSAS HONDAKINAK

Itsasora hondakinak ez iristeko, garbi mantentzeko eta ingurunea zaintzen laguntzeko lehenengo pausoa “kontzientzia hartzea” dela azpimarratu du Lizarzak. Haren hitzetan, ulertu egin behar da planetaren osasuna eta gizakiena lotuta daudela. Horregatik, ikasturte honetan Zarautzen egin bezala, Materreko kideak hilabetero, azken igandean, Pasaiako Alabortza hondartzara joaten dira garbiketa lanak egitera. “Bestetik, beharrezkoa da hondakin kopurua murriztea, ezinezkoa baita sortzen ditugun hondakin guztiak birziklatzea”. Hondakinik onena “sortzen ez dena” dela gogoratu du, eta, beraz, erabilera bakarreko plastikoak edo gehiegizko zaborra saihestu egin behar direla esan du.

Materrek, lantzeko bi adar

Egun, egurrezko azken atunontzi originala da Mater zentroa bera, eta duela hogei urte inguru desegitera zihoazenean erreskatatu zuen gaur egun bertan lan egiten duen taldeak. Lizarzak azaldu du erreskatatu zutenetik Pasaiako portuan daukatela ontzia: “Ontzi museo ekoaktibo bihurtu genuen, eta urte guztian hainbat ekintza egiten ditugu bertan”.

Proiektuak bi adar nagusi dituela adierazi du Lizarzak: “Lehena, museoa bera; edozein etor daiteke bisitan, eta urte osoko agenda daukagu prest”. Bigarren adarra, berriz, “ekoaktiboa” da. “Hau da, ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazio lana garatzen dugu guk. Itsas hondakinak, ohitura jasangarriak, klima aldaketa eta halako gaiak jorratzen ditugu Materren, eragileekin, eskolekin eta taldeekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.