Miren Garate
Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, 7 Ordu Lo plataformarekin bat eginez, “performance erreibindikatzailea” antolatu du ostegunerako. Virginia Imazek zuzenduko du, eta Klara Mendizabal sopranoak eta Iker Lauroba abeslari eta gitarra jotzaileak ere parte hartuko dute, hogeiren bat pailazorekin batera. Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira, 19:00etatik 20:00etara, sudur gorria eta pijama jantzita. Kattalin Ansorena (Donostia, 1986) Parte Zaharreko bizilagunak adierazi duenez, posible da neurri batzuen bidez auzoko zarata apaltzea.
“Performance erreibindikatzailea” egingo duzue ostegunean, Donostiako Parte Zaharrean dagoen zarata salatzeko. Zer-nolakoa da egoera?
Parte Zaharra aspalditik da aisialdirako lekurik ohikoena Donostian; gauez batik bat. Gazteak han ibili ohi dira. Ostalaritza saturazio ikaragarria dago, eta, gune historikoa denez, turistek ere batik bat Parte Zaharra bisitatzen dute. Bisita gehien hartzen duen auzoa gara, baina ez gara zainduak sentitzen. Niri pena handia ematen dit jendeak zera esateak: “Ez badute zaratarik nahi, joan daitezela beste auzo batera bizitzera”. Baina ni hemengoa naiz, hemen ditut senide guztiak, auzoko eskolara eramaten ditut umeak… Auzo bizitza normala izan nahi dugu, besterik ez, baina gauzak oso zail jartzen ari zaizkigu. Zarataren arazoa izateaz gain, beste hainbat adibide daude: ez dugu kiroldegirik, ez dugu kultur etxerik…
Donostiako Parte Zaharrean zerk eragiten du zarata?
06:00etarako hasten dira lanean garbiketako kamioiak; 07:00-07:30erako karga eta deskargako kamioiak etortzen dira, eta saltokietan eta tabernetan gauzak banatzen hasten dira, 11:30ak arte. Lanean ari dira horiek, eta ez dira egoten zarata egiten duten edo ez begira. Ondoren, presaka ateratzen dituzte terrazak —batzuek, legez kanpo—, arkupeetara ere bai, eta jendetza egoten da egun osoan. Gida turistikoek ere legeak esaten duen baino talde askoz handiagoak izaten dituzte, eta, jada debekatu zaien arren, orain arte mikrofonoekin ibiltzen ziren. 00:30-01:00 aldera hasten dira terrazak jasotzen. Eta ez dira aulkiak eta mahaiak bakarrik izaten: eguzkitako handiak, itxiturak, landareak… Zarata handia ateratzen dute horiek jasotzean ere. Eta tabernak ixtean, kaleko parranda hasten da. Inondik inora ez dugu bermatua zazpi orduko isiltasuna.
Zuen kexa, beraz, ez da gaueko zaratari lotutakoa bakarrik.
Ez, zarata eragiten duten gauza gehienak antolatuak dira, eta horregatik egiten dugu protesta, uste baitugu badagoela zarata txikitzeko aukera.
Elkartu zarete Donostiako Udalarekin gaiari buruz hitz egiteko?
Parte Zaharrean Bizi elkartea lan handia ari da egiten, eta sonometro batzuk jarri zituzten etxe batzuetan. Azterketa sakona egin zuten, eta egiaztatu zarata legezko mailatik gorakoa zela egun osoan; hau da, eguneko ordu guztietan. Udalari bidali zitzaion txostena, baina ez du ezer egin konpontzeko. Elkarteak Arartekoari ere idatzi zion laguntza eske, baina hark eskatuta ere ez dugu aldaketa handirik ikusten udalaren aldetik.
Eta auzoko tabernariekin elkartu zarete?
Harreman oso ona dugu askorekin. Azken batean, haientzat lanbidea da, eta 01:00 arte irekitzen uzten badiete, hala egingo dute. Gure ustez, udalari dagokio neurriak hartzea: ordutegiak eta terrazetako edukiera murriztu… Gauza batzuk murriztuz gero, askoz hobeto egongo ginateke.
Zuen ustez, zer neurri dira beharrezkoak?
Kontrol handiagoa behar da. Udalak arau batzuk jartzen ditu, baina ez dago kontrolik. Adibidez, esaten dute tabernek ezin dutela musikarik jarri ateak irekita, baina ez dute kontrolatzen, eta egunero izaten dira hori egiten duten tabernak. Bizilagunok deitu behar izaten diegu udaltzainei, eta nekagarria da guretzat ere.
Protesta gisa, performance bat egingo duzue. Zergatik erabaki duzue molde hori erabiltzea?
Virginia Imazek zuzenduta, protesta berbera egin zuten Bilbon. Hark esan zigun gure mezua zabaltzeko modu atseginagoa eta sinpatikoagoa dela performancea egitea. Bestela, jendeak normalizatu egiten du: “Hauek berriz ere betiko gaiarekin, berriz ere kexaka zaratagatik”.
Ikusten duzue jendea jabetzen dela zarataren arazoaz?
Azken hamabost bat urteetan zarata handia izan dugu, eta oso normalizatua dugu. Orain ari gara kontzientzia hartzen. Garai batean, tabernetan erretzen zen, baina, gero, kontzientziatu ginen, eta konturatu ginen osasunarentzat kaltegarria dela. Nik uste gauza bera gerta daitekeela zaratarekin, baina kostatuko da.
Leave a Reply