Lehen gerra argazkilaria

Lehen gerra argazkilaria

Asier Zaldua

Euskal herritar asko hil ziren Rifeko gerran, Marokon, 1911. eta 1927. urteen artean, baina oso jende gutxik du haren berri. Duela urte batzuk Eustaquio Berriotxoa urretxuarrak (1899-1987) gerra hartan ateratako argazki batzuk aurkitu zituzten, eta ondorioztatu zuten baliagarriak zirela gertakari hura ezagutarazteko. Adituek uste dute Berriotxoa izan zela Euskal Herriko lehen gerra argazkilaria. Urretxun egon berri da ikusgai hari buruzko erakusketa, eta udalak beste herriren batera zabaldu nahi du orain —udalarenak dira argazkiak—. Berriotxoa 1923an joan zen Rifeko gerrara, eta mendeurrena baliatu nahi dute hari buruzko informazioa zabaltzeko.

Guda hura 1911n hasi bazen ere, 1919an sortu zen liskarrik handiena, Espainiaren Rifeko protektoratuan. Independentzia nahi zuten Rifen, eta Espainiako armadari aurre egin zioten, Abd-el Krim el Hattabik gidatuta. Sekulako triskantzak izan ziren. Euskal herritar askok parte hartu zuten gerra hartan, derrigortuta. Asko han hilobiratuta daude, eta gero eta zailagoa da non dauden jakitea. Apenas dagoen garai hartako irudirik, argazkigintza oraindik ez baitzen jendartera zabaldu. Argazki gehienak espainiar militarrek ateratakoak dira, baina, 2016an, Berriotxoak ateratako 138 argazki aurkitu zituzten. Urretxuko Udalak, irudi horien balioa ikusita, ikertzeko apustua egin zuen.

Rifeko biztanleak

Argazki baliotsu horiek atera zituen urretxuarrak Eustaquio Berriotxoa Elgarresta zuen izena. 1899an jaio zen, eta 1923an bidali zuten Rifera, soldadu. Han egindako irudien negatiboak azaldu ziren haren argazki bilduman.

EUSTAQUIO BERRIOTXOA

Ezustekoa izan zen material hura agertzea. Izan ere, Berriotxoak oso modu zehatzean jaso zuen soldaduen eguneroko bizitza, eta Rifeko biztanleen argazkiak ere atera zituen. Gainera, datatuta daude irudiak. Ez da ohikoa negatiboak egoera onean egotea: glizerinaz eginda daude, eta material hori oso ezegonkorra bilakatzen da denbora pasatu ahala.

Andoni Lubaki urretxuarra da Urretxuko Udalak sustatutako ikerketaren arduraduna. Berriotxoaren anaia baten birbiloba da Lubaki, eta hark aurkitu zituen argazkiak. Negatiboak ere hark garbitu zituen, degradazio prozesua eteteko. Ondoren, Jose Carlos Urrutia teknikoak digitalizatu egin zituen, Donostiako Photogune laborategian. Zazpi hilabete iraun zuen prozesuak.

ANDONI LUBAKI

Adituen ustez, Berriotxoarena da Rifeko gerrari buruzko artxibo pertsonal bakarra. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak militarren argazki ugari ditu bere artxiboan, gobernuak berak kontratatuko argazkilariek hainbat urtez eginak, baina gaur-gaurkoz ez da ezaguna soldadu arrunt batek beretzat egindako beste argazki sortarik.

Hainbat sari jaso zituen

Berriotxoak gogotik lan egin zuen Rifen, baina baita handik itzuli zenean ere. Izan ere, 1958an Espainiako Ingeniaritza Saria irabazi zuen, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako lanari esker. Hain zuzen ere, Valentziak Berriotxoari zor dio egun duen itxura: egungo Valentzia Turia ibaiaren desbideratzearen ondorioa da, eta urretxuarrak planifikatu zuen desbideratze hori.

EUSTAQUIO BERRIOTXOA

Ilusioz gainezka dago Lubaki, eta ez da harritzekoa, hura ere gatazka argazkilaria baita lanbidez. “Familiako lehen gatazka argazkilaria nintzela uste nuen, baina ni baino lehenago beste bat aritu zela jakin dut gerora! Bokazioa zuen Berriotxoak”.

Argazkiak aurkitu ondorengo ikerketari esker, birraitonaren anaiari buruzko gauza gehiago jakin ditu Lubakik. “Haren seme Valentinekin hitz egiten dut, telefonoz. Senitartekoak aspaldi ireki gabeko kaxak irekitzera eraman ditu aurkikuntzak”. Adibide gisa, zinema ere gustuko zuela jakin dute senideek. “Eustaquiok berak Urretxun grabatutako 8 milimetroko pelikulak agertu dira tartean. 1930etik 1960ra artekoak dira, eta uste dugu 36ko gerrako pelikula batzuk ere agertu direla. Eustaquioren semea pelikula horiek digitalizatzen ari da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.