Maider Sierra: “Gure osasunaren gainean dugun ardura sustatu nahi dugu”

Maider Sierra: “Gure osasunaren gainean dugun ardura sustatu nahi dugu”

M. Garate

Umeekin nahiz helduekin lantzen du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bizitza aktiboa izateak minbizia eta beste gaixotasun batzuk prebenitzeko duen garrantzia. Elkarteko prebentziorako psikologoa da Maider Sierra (Ibarra, 1978), eta esan du bizitza gero eta sedentarioagoa izatearen eraginez gehiegizko pisua duten haurren kopurua handitzen ari dela.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean, prebentzioaren arloan landu ohi duzue kirola. Zer jarduera egin ohi dituzue?

Adin tartearen arabera, hainbat lanketa egiten ditugu. Txikiekin, urtean zehar ikastetxeetara joaten gara, eta, udan, Uda osasungarria proiektuaren bueltan aritzen gara, udalekuetan eta. Helduagoei begira, Ibilaldi osasungarriak deitzen diegun taldeak ditugu herrietan, eta ibilketa nordikoko talde bat ere badugu. Igandean Donostiako lasterketan ere hor izango gara. Bizitza aktiboa sustatzeari begira, igandeko lasterketa oso garrantzitsua izaten da guretzat.

Nola lantzen duzue gaia haurrekin?

Kirolari buruz baino gehiago, bizitza aktiboari buruz hitz egitea gustatzen zaigu guri. Hor sartzen da, adibidez, eskolara oinez edo bizikletaz joatea. Azken urteetan, pantailekin-eta aldaketak egon dira denbora librean, eta bizitza askoz sedentarioagoa dute haurrek. Azaltzen diegu zer garrantzitsua den bizitza aktiboa izatea, eta lanketa bat egiten dugu: egunean zenbat denbora egoten diren eserita, zenbat kirola egiten, parkean jolasean… Eta beti elikadurarekin lotzen dugu.

Zer aholku eman ohi dizkiezue?

Sedentarismoarekin batera, asko ugaritu da gehiegizko pisua ere; batik bat, haurren artean. Gure ustez, bizitza aktiboa izateak ez du zentzu handirik elikadura egokirik gabe. Eta, hirugarren puntu gisa, osasun mentala gehitu behar zaie bi horiei: zer garrantzitsua den estresari aurre egitea, lagunekin ondo pasatzea, jolastea, korrika egitea… Gurasoekin lan egitea ere beharrezko ikusten dugu, gurasoek haurrekin partekatzen dituztelako beren ohiturak.

Minbiziaz hitz egiten diezuenean, haurrek jakiten dute zer den hori?

Bai, minbizia oso gertukoa dute. Guztiek dute inguruan minbizia izan duen norbait: senideren bat, bizilaguna… Gertu sentitzeak ez du esan nahi noizbait beraiek izango dutela pentsatzen dutenik. Gainera, gure ustez, ezin diegu beldurra sortu; ez dugu nahi pentsatzerik zerbait egiten badute edo ez badute egiten gaixotasuna izango dutela. Zer egin dezakegu osasuntsu egoteko eta gaixotasunak izateko aukerak gutxitzeko, tartean minbizia? Hori da planteatzen dieguna. Gure osasunaren gainean dugun ardura sustatu nahi dugu.

Helduei dagokienez, esan duzu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean ibilaldi osasungarriak antolatzen dituzuela eta ibilketa nordikoko taldeak ere badituzuela. Badago bereziki egokia den kirolen bat?

Muskulatura indartzea komeni da. Paseatzera ateratzea onuragarria da, baina ez du balio hainbat gihar indartzeko. 30 urtetik aurrera, giharrak indarra galduz joaten dira berez, eta, adibidez, erortzea eragozteko eta erreakzio azkarrak izateko, komeni da giharrak indartuta edukitzea. Ariketa sinpleak egin daitezke horretarako: erdi eserikako ariketak, litro bat esne hartu eta pesak izango balira bezala ariketak egin…

Aipatu duzu hori guztia prebentzioaren arloan lantzen duzuela. Eta gaixoaldian zehar edo hura gainditu ostean zer komeni izaten da?

Oro har, zenbat eta osasuntsuago egon, orduan eta hobeto egingo diegu aurre tratamenduei. Kimioterapiak, erradioterapiak, hormonaterapiak eta abarrek nahi gabeko ondorio asko dituzte, eta bizitza aktiboa izateak on egiten du aurrera egiteko. Bakoitzak ahal duen neurrian, profesional batek ondo adierazita noraino eta nola, baina elikadura osasuntsua, bizitza aktiboa eta osasun mentala zaintzea oso garrantzitsua da minbiziari aurre egiteko, aurretik, gaixoaldian eta ondoren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.