Mundu zabalera, pintxoz pintxo

Mundu zabalera, pintxoz pintxo

Onintza Lete Arrieta

Gipuzkoarrak ohituta daude pintxo aukera zabala aurkitzera bateko eta besteko tabernatan. Beste kontu bat da, ordea, zapore berriak probatze hori. Eta, hain zuzen, horretara animatu dituzte zarauztarrak eta herrira bisitan joaten direnak Zarauztik Mundura egitasmokoek. Jakien eta otorduen bitartez etorkinak eta bertakoak harremanetan jartzea da udalaren proiektu horren helburua, eta urteak daramatzate hainbat eratako ekintzak antolatzen Zarautzen; izan elkarte gastronomikoetan bazkariak antolatuta, izan frontoian edo kalean herri bazkariak eginez. Aurtengoan, tabernek hartu dute lekukoa, eta proposatu duten eragiketa sinplea izan da: tabernetako sukaldariek beren jatorrizko herrialdeetako pintxoak prestatzea eta herritarren eskura jartzea.

Hamabi taberna eta sukaldari animatu dira Zarauztik Mundura egitasmoan parte hartzera; aurreko asteburutik ari dira mokadu bereziak eskaintzen, eta asteburu honetan bertan amaituko da aurtengo saioa. Geltoki da egitasmoan parte hartzera animatu diren tabernetako bat, eta Carmen Suarez jabeak azaldu du bezeroek probatu dutela Ramadan izeneko pintxoa, baina ez dituztela pintxo pila bat ere saldu: “Asteburua ondo joan da; neska kuadrilla batek probatu zuen, eta berriro itzuli ziren errepikatzera, esaterako, baina astegunean gutxi eskatu dituzte. Tira, gaur bertan [asteazkena] gizon batek errepikatu egin du gure pintxoa, baina lasai dago kontua”.

NAJIA EL MESSAOUDI

Najia El Messaoudi sukaldari marokoarrak sortu du Geltokiko mokadu berezia, eta kontatu du Ramadan izena jarri diola pintxoari garai horretan jaten duten jakia delako, eta aurten ramadana egokitu delako Zarauztik Mundura ospatzen ari diren egunotan. “Patata, perrexila, tipula, baratxuria, jengibrea, kurkuma, piper gorria, piper berdea, piper beltza, gatza, olioa, hallal oilaskoa, gazta birrindua, karamelu kurruskaria eta sesamoa daramatza pintxoak, eta ospakizunetan jan ohi dugu guk”, azaldu du. Hogei urte daramatza Zarautzen bizitzen, eta ia aurrenetik dabil Geltokin lanean sukaldari. “Txikitatik gustatu izan zait sukaldaritza, eta sekulako zortea izan nuen Carmen ezagututa. Gustuko lana dut”, esan du. Egunerokoan ere jaki marokoarrak eskaini ohi dituzte kartan, biek azpimarratu dutenez.

Amaren errezeta

Denbora gutxiago darama herrian Alonso Cardenas nikaraguarrak: bost urte. Sukaldaria da hura ere, Itxas-Lur tabernan. Aitortu du Euskal Herrian ikasi duela sukaldean, Itxas-Lurren bertan, eta Zarauztik Mundura egitasmoan parte hartzeak ilusioa egiten diola, bere herrialdeko zaporeak zarauztarrei gerturatzeko aukera eman diolako. Nikaraguako hiriburuan jan ohi den mokadua prestatzea bururatu zitzaion, patata betea, eta esan du bere herrialdeko jaki oso esanguratsua dela hori. “Managuako sukalde gehienetan egiten da. Hori ikusiz hazi nintzen”. Hala, Nikaraguako jaki bat aukeratzeko esan ziotenean, ez zuen zalantzarik izan: “Egitasmoa azaldu zidatenean, jaki hau prestatzea erabaki nuen; denek probatu dute, eta asko gustatu zitzaien bai lankideei, bai nagusiari”.

El Messaoudik Euskal Herriko sukaldeetan oso ohikoak ez diren osagaiak erabili ditu bere jakia prestatzeko. Cardenasek, berriz, “osagai normalagoak” erabili ditu, baina, sekreturik baduen galdetuta, irribarretxoa atera zaio: “Nire amaren errezeta da, ez dauka beste sekreturik. Patata, txerri haragia, piper berdea eta gorria, baita tipula eta tomate frijitua ere. Gisatua da, azken batean. Ondoren, platerean aza entsalada darama ondoan, piper gorri eta berdea, piper hautsa, limoia, gatza eta pikante pixka bat. Plater sinplea da, baina Nikaraguako ukitua dauka”.

Cardenasek lehendik ezagutzen du Zarauztik Mundura proiektua, eta interesgarria deritzo: “Herrian integratzeko balio du, eta aukera ematen dit erakusteko nongoa naizen, eta asko gustatu zait hori”, nabarmendu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.