Erik Gartzia Egaña
Londresko Imperial College unibertsitateko Michael Mostkin eta Praveen Paul doktore ikerlariek gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko hitzaldi bat antolatu zuten 2012. urtean, euren lana azaltzeko asmoz. Euren hizkeraren eta entzuleen artean komunikazio arazo bat zegoela konturatu ziren, eta, oztopo horiek gainditzeko asmoz, hitzaldi sorta bat antolatu zuten giro eroso eta lagunarteko batean; euren lan zientifikoa eguneroko hizkeran azaltzea zen helburua. Tragoa eskuan hartuta, zientzialarien eta ikus-entzuleen arteko mugak hautsi zituzten. Horrela jaio zen Pint of Science. Hamarkada bakarrean, gutxienez 26 estatutara zabaldu da egitasmoa, eta datorren astelehenetik asteazkenera egingo dute txoko guztietan, aldi berean.
Donostian zortzigarren aldiz antolatu dute ekinaldia, eta hamahiru saio programatu dituzte aurtengorako. Urtetik urtera geroz eta jende gehiago erakartzen du. Boluntario gisa antolakuntza lanetan buru-belarri sartuta dabil Ane Ruiz de Angulo Donostiako CIC Biomagune Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroko ikerlaria, eta hark azaldu du “ikertzen dituzten gauzak gizarteari gerturatzea” dela Pint of Scienceren helburua: “Gizarteak ordaindu ohi ditu gure ikerketak, eta gure lana zein den helarazi nahi diogu ordaintzen duen horri”.
Ruiz de Anguloren esanetan, gizarteak badaki zientzialariek “gauza onak” egiten dituztela, baina ez daki zehazki zer egiten duten. “Sozializatzeko guneak” direlako aukeratu dituzte tabernak. “Taberna batean, garagardo bat eskuan, gusturago entzun daiteke entzun beharrekoa, eta guk geuk lasaiago hitz egin dezakegu”. Zientzia “informalago” landu nahi dutela gaineratu du. “Badirudi batzuetan zientziaren kontzeptuak ez direla ulertuko, hitzak zailak direla… Baina ez da egia; ondo esplikatuz gero, denok uler ditzakegu”.
Ruiz de Anguloren ustez, “hizkera arrunta erabiltzea” da hitzaldi bat emateko lehen premisa. Antolatzaileek deialdia egin, eta Donostian lan egiten duten ikerlariek deialdi horrekin bat egiten dutela azaldu du ikerlariak. “Herritarrak ez daude jakitun hiriburuan zenbat ikerketa zentro dauden, eta Pint of Science bada bertan egiten den lanaren erakusleiho”. Hainbat jatorritako zientzialari edo ikertzaile asko ari da lanean Donostian, eta, horregatik, euskararen presentzia bermatzea “zailxeagoa” izan ohi dela aitortu du Ruiz de Angulok. “Baina saiatzen gara hutsune hori pixkanaka betetzen, eta euskarazko hitzaldiak ematen”.
Errenterian, estreinakoz
Urtero, auzoak txandakatzen saiatzen dira Donostian, baina aurten, estreinakoz, Errenterian ere egingo dute saio bat: asteartean, 19:00etan, Manuel tabernan. Kuantika eta hondakinak izango dituzte hizketagai. Alaitz Etxabide lesakarra ariko da hondakinei buruz hizketan, euskaraz. Elikadura industriaren hondakinak nola aprobetxatu ikertzen du, erabilgarri bihurtzeko. “Arrain hezur eta giharretatik sortzen da gelatina, adibidez. Probetxugarria izan daiteke guretzat, film biodegradagarri bilaka baitaiteke”.
Etxabide lehen aldiz gonbidatu dute egitasmora, eta “hagitz kontent” parte hartuko du. Esan du ingelesa dela ikerketarako hizkuntza nagusia, baina ahalegintzen dela lan zientifikoan bere etxeko hizkuntza txertatzen, hala nola tesian edo ikastetxeen bisitetan. “Ilusioz” dago astearteko hitzaldirako. “Ahalik eta sinpleena eta erakargarriena izango da”. Izan ere, publiko guztiei zuzendutako hitzaldiak izaten dira, zientzialari direnentzat zein ez direnentzat. Pintofscience.es webgunean ikusi ahal izango dira saio guztiak. Jakin-minaren egarria trago bat zientziarekin berdindu daitekeela erakutsiko dute.
Leave a Reply