Kerman Garralda Zubimendi
Asteburu honetan amaituko da Gipuzkoako eskubaloi sasoia, Gipuzkoa Kopako finalekin. Ormaiztegi Kirol Elkartea ez da sailkatu horietarako, eta, beraz, aurreko astean amaitu zuten denboraldia. Denboraldia eta, aldi berean, ia 50 urteko ibilbidea. Errelebo falta dela eta, taldea desegin egingo dute, eta datorren sasoian ez dira lehiatuko. “Ikusten zen hau gertatuko zela”, aitortu du Iñaki Apaolazak. Jokalari izan zen aurrena, eta azken hiru hamarkadetan entrenatzaile lanak egin ditu. “Azken urteetan aritu gara umeekin lanean, baina ez ziren etortzen”.
“Talde polita” osatu zuten sasoi honetarako. “Ligako talderik indartsuenetako bat genuela uste dut, baina ez dugu zorterik izan”. Igoera fasean sartzeko zorian izan ziren ligan, eta lasaiago hartu zuten Kopa, “sari gisa”. Maiatzaren 12an jokatu zuten azken partida etxean, Zubipe kiroldegian. “Oso polita izan zen. Herritar asko etorri zen gu agurtzera, eta kiroldegia bete egin zen. Udalak omenaldi bat ere egin zigun”. Azken partida Legazpin jokatu zuten, aurreko asteburuan, eta 27na berdindu zuten.
Adin tarte handia taldean
Apaolazak hemeretzi laguneko kuadrilla gidatu du azken sasoian. Adin tarte handiko taldea zen: gazte mailako bost jokalarirekin osatu zuten taldea, eta adinean bikoiztu egiten zituzten taldekideekin jokatu dute horiek. Zaharrenek uztea erabaki dute, ordea, eta ez dago erreleborik.
“Oso lehia handia dugu”, dio Apaolazak. Eskualdean beste hiru eskubaloi klub daude: Ordizia, Legazpiko La Salle, eta Urretxu eta Zumarragako Urola. “Ez dago hainbeste gazte”, Apaolazaren ustez. Are, kirol eskaintza geroz eta handiagoa da: Ormaiztegin txirrindularitzak indar handia du; elkarteko mendi sailak aurrera jarraituko du; futbola, saskibaloia, pilota… Eta kiroletik kanpo ere aisialdi eskaintza oso zabala da.
“Denboraldi honetarako asmoa zen talde nagusi bat eta gazteen talde bat egitea. Baina irailean zazpi gaztek esan zuten utzi egingo zutela. Kolpe gogorra izan zen hura”. Lanerako jendea ere falta dute. Apaolazak 35 urte daramatza aulkian, eta “nekatuta” dagoela aitortu du.
Ormaiztegiko eskubaloi taldea 1975-1976ko denboraldian sortu zuten, herriko Basotxulo elkartearen izenarekin. Ordurako eskubaloian jokatzen zuen Apaolazak, Donostian. Han eta hemen jokatzen zuten beste ormaiztegiar batzuekin elkartu, eta horrela sortu zuten taldea. Lehen denboraldi hura Legazpin jokatu zuten, Zubipe kiroldegia ez zegoelako eraikia oraindik. 1976an ireki zuten Ormaiztegiko trenzubiaren azpiko kiroldegia, eta hara lekualdatu ziren, Barduliarrak elkartearen izenarekin. 1980ko hamarkadan sortu zuten Ormaiztegi Kirol Elkartea, herriko kirol talde guztiak batzeko helburuarekin, eta orduan hasi zen klubaren garai loriatsuena. Maila igo, eta Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Espainiako hainbat talderen aurka jokatu zuten bederatzi denboraldiz. “Oso garai politak izan ziren”, gogoratu du Apaolazak. “Autobusean ordu pila bat pasatu, emaitzaren arabera gidariari diru pixka bat eman eta goizeko ordu txikietan itzuli…”.
2019-2020ko denboraldian nesken taldea osatu zuten lehen aldiz Ormaiztegin. Kadete mailako taldea eratu zuten, etorkizunean jarraipena emateko asmoarekin, baina pandemiak plan denak zapuztu zizkien.
Leave a Reply