Ohikotik aparteko begirada

Ohikotik aparteko begirada

Unai Zubeldia

Emakumeen eta bestelako identitate subalternoen taularatzea; bertso plaza berriak sortzea eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna ematea; belaunaldien arteko aliantzak sendotzea; ahalduntze kolektiboa sustatzea; lurraldetasuna aintzat hartzea… Horiek eta beste hainbat dira Señora sariketaren helburuak. “Bertsoaren munduan beharrezkoa genuen alternatiba bat da Señora sariketa”, azaldu du Itxaso Paya Ruiz bertsolariak. “Lehia, lehiaketa, txapelketa, plaza… Egiteko ohiko moduari beste begirada bat gehitzeko aukera on bat da sariketa hau”.

Bilbon eta Erratzun (Nafarroa) kanporaketa bana jokatuta, bihar izango du egun handia Señora sariketak, finalaren eguna ez delako mugatuko bertso saio hutsera. Egun guztiko festa prestatu dute Oñatin, eta tartean sartu dute finala, 17:00etan, Gaztelekuan. Eli Pagola Apezetxea, Eli Zaldua Barquin, Iruri Altzerreka Martinez, Janire Arrizabalaga Munduate, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Maider Arregi Markuleta ariko dira bertsotan —saio bakoitzean, bertsolariek eurek aukeratu zuten lehen finalista, eta epaileek beste biak—. Ainhoa Larretxea ariko da gai jartzaile lanetan. Bihotz saria jaso dute jada Itxaso Payak eta Janire Arrizabalagak, eta epaileek bihar argituko dute zer eduki duten kontuan sari horretan—. Bertsosarrerak.eus atarian salgai daude sarrerak, 10 eurotan.

“Ezer ez dago sobera”, ziurtatu du Payak. “Behar-beharrezkoa dugu plaza berri hau. Inflexio puntu bat izan daiteke etorkizuneko bertsolarientzako, eta ez emakumeentzako soilik, baizik eta ertzetako genero eta identitatea daukaten bertsolari guztientzako”. Maiatzaren 6an, Bilboko kanporaketan aritu zen Paya. “Ederra izan zen. Oso gustura kantatu genuen, etxean jokatzearen sentsazioa izan genuelako. Txapelketan beti eduki izan dut etxetik kanpo jokatzearen sentsazioa. Bigarren mailako euskalduna naiz, algortarra, euskaldun berria, emakumea… Betidanik oso epaitua sentitu izan naiz txapelketa nagusian”. Payak erabat beste muturrean kokatu du Señora txapelketa. “Espazio seguru bat eskaintzen du, polita, hanka sartzeko aukera bermatzen du… Oso sariketa utopikoa da; gozamena izan da”.

Utopia hori ulertzeko, derrigor aipatu beharra daude puntuazio irizpideak. Iaztik epaile lanetan ari da Estitxu Agirre, eta hark azaldu du begirada jakin bat izaten duela lau epaileetako bakoitzak: “Ohiko moduan epaitzen du batek, teknikari begiratuta; gaiei eta diskurtsoei ematen die lehentasuna beste batek; bertsolarien arteko harremana aztertzen du hirugarrenak, elkarri lagundu dioten edo ez…; eta gorputz espresioari begiratzen dio laugarrenak, emozioari…”.

Oholtzan, “aske”

Bigarren kanporaketan aritu zen kantuan Janire Arrizabalaga, Erratzun, eta hura ere “aske” sentitu zen oholtzan. “Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetatik nator ni, eta denbora askoan ari naiz entrenamenduetan beti gauza berdinak egiten. Bestelako askatasunarekin topo egin dut Señora sariketan, gai aldetik, ideia aldetik, giro aldetik… Oso gune segurua iruditu zait esperimentatzeko, eta, zergatik ez, akatsak egiteko”.

Bihar ere oholtzan izango da Arrizabalaga, eta “gozatzeko asmoz” joango da Oñatira. “Sariketa bat baino gehiago, jai giroa izango dugu Oñatin, ahizpatasun argia nabaritzen delako oholtzan, umore ez kanonikora bideratutako saioa izaten delako… Gorputz, identitate eta rol desberdinak azaleratuko dira”.

Agirreren ustez, “oso hegemonikoak” izan dira bertsolaritza munduko orain arteko espazio eta saio gehienak. “Eredu bati oso lotuak. Eta gizarteko sektore bat ez zen eroso sentitzen hor, gaiak tratatzeko moduagatik, hori epaitzeko moduagatik, giroagatik… Horri erantzuteko espazio gisa ulertzen dut nik Señora sariketa”. Epaile gisa ere “eredu tradizionaletik ateratzen” saiatu direla azaldu du Agirrek. “Berrikuntza batzuk sartzen saiatu gara, eta, zentzu horretan, erronka izan da guretzat ere”.

SEÑORA SARIKETA

“Epailetza bizigarriago bat” egiten saiatu da epaile taldea. “Zurruntasun horrek tentsio handia sortzen duelako epaileen artean ere. Ez penalizatzen saiatu gara. Eraikitzaileak diren irizpideak hartu ditugu kontuan, lehia lehen lerroan jarri gabe”.

“Eurenetik” ematen dute bertsolariek Señora sariketan, eta, horren erakusgarri, Payak azaldu du Bilboko lehen saioaren aurretik antzerkiaren munduan egin ohi duten kontzentrazio ariketa bat egitea proposatu ziela saioko gainerako bost bertsolariei. “Oso polita izan zen momentu hori, taldeko zerbait, lehiatik oso urrun dagoen ekimen bat”.

Sariketaren izena bera ere ez da kasualitatez aukeratutakoa. “Emakume ahaldundu bat adierazten du señora-k. Izan zitekeen Maurizia sariketa ere [Maurizia Aldeiturriaga, pandero jotzailea]. Emakume ahaldundu horiei tokia egin nahi dielako jarri zioten señora izena”. Ez txapelarik eta zapirik, txapeldunari pamela bat jartzen diote urtero, eta hala jarriko diote bihar ere. “15 urte nituela esan izan balidate emakumeekin soilik kantatuko nuela sariketa batean, eta pamela bat irabazteko aukera izango nuela, ez nukeen sinetsiko; eta are gutxiago Txirritak [Jose Manuel Lujanbio Retegi] eta beste hainbatek”, dio Payak.

Espazioak lortu nahian

Arrizabalagak Gernika-Lumoko (Bizkaia) bertso eskolako errealitate bat jarri du mahai gainean emakumeek plazak edukitzearen beharra azpimarratzeko. “Gure bertso eskolan, bi salbu, gizonezkoak dira gainerakoak, ni baino zazpi bat urte zaharragoak, gainera. Horrez gain, askotan deitzen digute saioetatik emakume izate hutsagatik, emakume bat behar dutelako”. Arrizabalagaren ustez, horregatik, “derrigorrezkoa” da emakumeek euren sariketak eta espazioak sortzea. “Guk hartu behar ditugu espazio horiek, ez dizkigutelako emango. Pausoak ematen ari direla aitortu arren, oraindik “nahiko espazio maskulinoak” daudela kritikatu du Gernika-Lumoko bertsolariak.

Payak argi dauka “hasiera bat bakarrik” dela Señora sariketak orain arte egin duena. “Hasiera indartsu bat izan da, ezinbestekoa. Emakume asko daude bertso eskoletan, baina denborarekin, oraindik ere, utzi egiten dute horietako askok, eta ea, horrelako ekimenei esker, batzuek bizi behar izan ditugun egoera batzuk beste batzuek bizi beharrik ez daukaten”.

Epaile berrientzat aukera

“Hain bertsolari sutsu ez diren horiek” ere pixkanaka Señora sariketara biltzen ari direla esan du Agirrek. “Komunikabideetan ere beste oihartzun bat izaten ari da, eta bide polita egiten ari da”. Bertsotan hasi behar duten horientzat ere Señora sariketa aberasgarria dela dio epaileak. “Euren buruei ‘nik zer leku daukat?’ galdetzen duten horiek ikusiko dute badaudela bestelako espazio batzuk, eta baita epaile berriek ere. Lanketa aberatsa izan daiteke guztiontzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.