Askotan etortzen ari zait egunotan burura La Polla Recordsen El alcalde kantua, aski ezaguna eta zabaldua in illo tempore (edo in vinillo tempore, Joxerra Garziak esango lukeen bezala): “Eman botoa hemen, kontrolatuko zaitugu, eman botoa han, zikiratuko zaitugu, eta zure buru polit horretan sartuko gara”. Horrelako zerbait esaten zuen Evaristok, gutxi gorabehera, kantuaren hasieran.
Horrekin batera datozkit burura 1980ko hamarkadan gaztetxe batzuetan zabaldu ziren abstentzioaren aldeko pankartak eta itsasgarriak ere: “Eman zure botoa hemen / Deposita aquí tu voto“, zioen, oso oker ez banaiz, komunzuloei begira jartzeko diseinatutako itsasgarri zuri-beltz handi batek. “El vino que vende Abstención” kantatzeko joera ere zabaldu zen. Abstentzioaren aldeko aldarri haiek, gaur egun —beste ikuspegi batetik— zabaltzen direnek bezala, ezker abertzalearen aurkakotasun zuzena izan zuten, berari zekarkiolako boto galerarik handiena. Bide batez esanda, aldarri haien oso arrasto gutxi dago Interneten.
Egia esan, hauteskunde kanpainaren ikuskizunak ez du beste ezertarako gogorik ematen. Propagandaren makinaria zapaltzaileak eragina du, bai nigan behintzat, baina alderdi politikoen aurkako iritzia sendotzeko bidean. Alderdi guztiek elkar etengabe larrutzeko eta deskalifikatzeko erabiltzen dute denborarik eta indarrik gehiena, arerioaren edo etsaiaren aldeko aitorpen apalenari ere zirrikiturik utzi gabe. Horrenbestez, milioika euro gastatzen dute kanpainetan eta, oro har hartuta, esaten dutenaren hiru laurden edo gehiago elkarren aurkako mezuetan xahutzen dute. Milioika euro, azken batean, beren buruaren aurkako propaganda egiteko. Zarrastelkeria absurdoagorik!
Sartu, sartzen dira gure buruetan, Evaristok kantatzen zuen bezala, horrenbesterainoko fruiturik ematen du haien ahalegin suhar eta garestiak, baina ez dakit ba modurik onenean sartzen diren.
Topiko errazegia bihurtu da, egia gardenegi eta nabarmenegia azken batean, alderdi politikoak helburu nagusitzat beren biziraupena ziurtatzea eta botere maila ahalik handiena eskuratzea duten aparatu erraldoi bihurtu direla, eta aparatua bera dela lehentasuna jatorrizko printzipio, helburu eta utopien oso gainetik. Hain garden eta nabarmen non kasu batzuetan egunero ari diren ukatzen alderdiaren jatorrizko izena bera, izen hori, aparatua ahultzearen beldur, aldatzen ausartu gabe.
Izango da —are gehiago: bada, badakit badela, eta bejondeiela!— alderdi baten barrutik bere alderdia horrela ikusten eta bizi ez duenik, zerbitzurako benetako borondatez militatzen duenik alderdi batean edo bestean. Baina ikuskizuna, oro har, benetan penagarria eta edonor uxatzeko modukoa da. “Umeak baino okerrago”, esaten zuten gure aurrekoek; guk, umeekiko errespetuaren kulturara etorri berri, “bizilagunen komunitateko bilerak baino okerrago” esaten dugu.
Begiratzen diodan lekutik begiratzen diodala, abstentzioa iruditzen zait, gaur eta hemen behintzat, edozein hauteskundetako jarrerarik eta jokabiderik koherenteena, onestena, benetakoena, zintzoena, autentikoena, alternatiboena… Santuena, esango nuke.
Baina, gaur eta hemen behintzat, nor da koherente, onest, benetako, zintzo, autentiko, alternatibo, are gutxiago santu… politikan? Ni ez behintzat.
Leave a Reply