Arrazakeria oinarritik eteteko ahalegina

Arrazakeria oinarritik eteteko ahalegina

Miren Garate

Mahai baten gainean, bi panpina: zuria bat eta beltza bestea. Aurrean, 8 urtez azpiko umeak, banaka. Galdetu nor den zintzoena, nor den azkarrena, nor izango den medikua heldutan, nork izango duen diru gehien eta abar, eta hatzarekin panpina zuria seinalatzen dute haurrek. Galdetu nor den gaiztoena, nor den gezurtiena, nork ematen duen beldurrik handiena, heldutan nor izango den garbitzailea, eta panpina beltzaren aldera doaz hatzak. Donostiako Amara Berri eskolako zenbait ikaslerekin egin dute ariketa hori, Amak Contra el Racismo taldean bildu diren guraso batzuen ekimenez. Erakutsi nahi izan dute umeek txikitatik dituztela aurreiritziak, hurrengo urratsari ekiteko: gaia landuz, arrazakeriari aurre egiten saiatzeko.

Duela ia ehun urte ere, Donostiakoaren antzeko esperimentu bat egin zuten AEBetan Kenneth Clark eta Mammie Clark psikologoek. Amak Contra el Racismo taldeko kideek aitortu dute bestelako erantzun batzuk espero zituztela beren umeengandik, besteak beste, dibertsitate handia dagoelako ume horien ikasgeletan. Eider Berridi, Debora Machida, Ioane Galarza eta Estefania Quilez dira taldeko kideetako batzuk. “Ikusi da Donostian umeek, gaiarekiko kezka duten gurasoak izanda ere eta balioetan hezteko ahalegina egiten duten gurasoak izanda ere, aurreiritzi batzuk dituztela oso txikitatik”.

Haurrak, “ondorioa”

Haien esanetan, ikasgeletan gero eta aniztasun handiagoa egotea ez da aski; hau da, gauzak ez dira beren kasa aldatzen. Are gehiago, lanketa bat egin ezean, aurreiritzi horiek gero eta gehiago barneratzen direla diote. “Oinarritik landu behar da arrazakeria, eta oinarria umeak dira”.

Bideoan, haurrak jarri dituzte kamera aurrean, beren haurrak. “Guraso bezala, gure umeen aurpegia eta nortasuna agerian utzi ditugu, jakinda zer kostu duen horrek. Ausartak izan gara, eta egin dugu jakinda etorkizunean beste ume batzuei lagunduko diela egindakoak”. Dena den, nabarmendu dute batik bat helduei begira egin dutela, haurrak ez direlako “arazoa”, “ondorioa” baizik. “Mahai gainean jarri nahi dugu gaia, zaila baita onartzea akatsak ditugula, aurreiritziak ditugula, edo, nahi ez izan arren, arrazistak garela”.

AMAK CONTRA EL RACISMO

Eskoletan hainbat modutan landu ohi da arrazakeria. Amara Berrin, besteak beste, Ongi etorri eskolara programa dute, etorri berriei harrera egiteko, eta tutoreekin ere jorratzen dute gaia. Hala ere, uste dute agerikoa dela oraindik ere gabezia handiak daudela, eta beste zerbait egiteko beharra ikusten dute. “Agian, curriculumean sartu arrazakeria, komunitateko bitartekaritza egiteko pedagogoak jarri ikastetxeetan…”.

Eta ikastetxeetan ez ezik, erakundeetan, enpresetan, komunikabideetan eta abarretan ere heldu behar zaio gaiari, gaineratu dutenez. “Helduok ere hezkuntza bat jaso dugu, gizarte jakin batean bizi gara, telebista bat dugu… Denak dauka eragina, eta umeek hori jasotzen dute”.

Lekukotza “oso gogorrak”

Gaia lantzeko “tresnarik gabe bezala” ikusten zituzten guraso asko. Hori dela eta, lanketa serioago bati ekitea erabaki zuten iaz gurasoek. Martxoaren 21a izaten da Arrazakeriaren Aurkako Eguna. “Martxoaren 8a bezala, egun garrantzitsua iruditzen zaigu, eta tailer batzuk-eta egin genituen LHko 5. eta 6. mailako ikasleentzat”.

Kontatu dute orduko hartan eskolako familia batzuen aldetik “lekukotza oso gogorrak” jaso zituztela. Beren seme-alabek asko sufritzen dutela kontatu zieten, entzun behar izaten dituzten komentarioengatik eta abar. Horregatik erabaki zuten Amak Contra el Racismo sortzea. “Konturatu ginen askotariko arrazakeria motak daudela eskolan, eta ez dela leku segurua ume batzuentzat”. Aurten txiki-txikienetatik hasi dira lanketa egiten, 2 urtekoen gelatik.

Nabarmendu dute, ordea, Amara Berrikoa ez dela kasu bakan bat. Are gehiago, uste dute seguru asko egoera larriagoa izango dela beste eskola batzuetan. “Ikastetxe publiko bat da hau, eta hemengo argazkia oso koloretsua da. Urtero etortzen da norbait ikasturte erdian, laguntzen diete euskara ikasten, goraipatzen dira kultura ezberdinak…; baina, hala ere, hor daude aurreiritzi horiek”.

Taldeko kideen ustez, askotan ez zaio behar adinako garrantzirik ematen kontuari. “Badakigu arrazakeria hor dagoela, matxismoa edo homofobia dauden bezala, baina txiste bat izan dela esaten dugu, edo ez dela larria”. Alabaina, azaldu dute txiste eta iruzkin desatseginak egunero entzun behar izaten dituzten ume horiek etxera “txikiago” joaten direla. “Ume asko ari dira sufritzen, eta ezin dugu onartu”.

Gaineratu dute bereizi egin behar direla eskola jazarpena eta arrazakeria. Nahiz eta sarri esaten den ikaskideen edozein ezaugarrirekin sartu ohi direla haurrak —betaurrekoak, gizentasuna…—, zehaztu dute ez direla gauza bera: “Arrazakeria da esatea zu ez zarela ni bezalakoa, eta, gainera, inoiz ez zarela izango, eta nire azpitik zaudela. Lanketa handiagoa eskatzen du”.

Aipatu dute “mikroarrazakeriak” ere oso ohikoak direla. Adibide gisa, esan dute ume arrazializatuei ez zaiela galdetu behar nongoak diren, non ikasi duten euskara edo beren gurasoek zer ohitura dituzten. “Beltzak izan arren, ume horietako asko hemen jaioak dira”. Galdera horiek tranpa bat dira Amak Contra el Racismoko kideentzat. “Da pertsona ez binario bati emakumea edo gizona den galdetzea bezala. Zuri berdin zaizu ni nongoa naizen”.

Beren buruarekin usteak

Panpinen bideoan, beren burua panpina beltzarekin edo zuriarekin identifikatzen duten ere galdetzen diete haurrei. Deigarria da panpina beltzarekin identifikatzen diren haurrek ere etorkizun kaskarragoa ikusten diotela beren buruari. “Baina beraien usteek zergatik izan behar dute ezberdinak?”.

Taldeko kideen esanetan, ume horiek beren bizitza osoan beste umeen balio berberekin sozializatu dira. “Azken batean, zapalkuntza eraikuntza berberetan hazi dira. Lanketa zuzendu bat egiten ez bada, azkenean emaitza izaten da denok izatea aurreiritziak”. Horri guztiari erreferente falta gehitu behar zaiola diote; adibidez, medikuarengana joandakoan ia beti azal zurikoak izatea, eta kalean saltzen aritzen diren gehienak, aldiz, azal beltzekoak izatea.

Umeen larruan jarriz, esan dute oso gogorra dela aurreiritzi horiek izatea hain txikitatik. “Bideo hori egin eta joan zaitez etxera, eta ikusi amaren azala, aitaren ilea, etxean dagoen afaria… 8 urterekin badirudi badakitela gizarte honetan zer leku dagoen beraientzat, eta hori oso tristea eta gogorra da”. Zehaztu dute egoera horrek haurren itxaropenak murriztea ere eragiten duela. “Pentsatzen dute: ‘Niri hau tokatu zait; beraz, hau egingo dut’. Zertarako egin ahalegin handiagoa ikasketekin?”.

Aniztasunaren balioa

Egoerari buelta ematea lortu behar dela uste dute, “eraikitakoa deseraiki”, eta umeei erakutsi behar zaiela maitatzen beren itxura, beren ilea, jatorria, amaren hizkuntza, hijaba, jaten dituzten platerak, ospatzen dituzten jaiak… “Ume horiek ahaldundu egin behar dira. Ezberdina izatea ona dela erakutsi behar zaie, aniztasuna maitatzeko”.

Baina esan dute horrek helduei ere eskatzen diela lan bat. “Beti egoerarik okerrenean dagoenari eskatzen zaio ahaleginik handiena, baina guri dagokigu ahalegin hori egitea”. Donostiako Amara Berrin, familien elkarteak bultzatuta, arrazakeriaren aurka egiten ari diren lanketaren barruan, familian dantza egiteko ikastaroak antolatu dituzte, aniztasuna goraipatzeko eta elkarbizitza sustatzeko. “Dominikarra da irakaslea, eta kultura ezberdinetako familiak gaude. Guraso batzuk, berriz, patioan geratzen dira, umeak zaintzen. Gure lagun taldeak zabaldu nahi ditugu, haiengana gerturatzeko”.

Amak Contra el Racismokoek Youtuben jarri dute haurrekin egin duten bideoa, eta esan dute edozein ikastetxe edo taldek erabil dezakeela, baliagarria iruditzen bazaie. Helbide elektroniko bat ere badute, haiekin harremanetan jarri nahi dutenentzat: amakcontraelracismo@gmail. com.

Leave a Reply

Your email address will not be published.