Herri irisgarriago batera iristeko bidean

Herri irisgarriago batera iristeko bidean

Jon Miranda

Inklusioari eskaini diote aurtengo Maiatza Saltsan egitasmoa Zizurkilen. Gaitasun, sentsibilitate eta jatorri ezberdinetako herritarrak aintzat hartu, eta herrian “eroso eta goxo” senti daitezen lan egin dutela esan du Maite Amenabar Zizurkilgo jarduneko alkateordeak. Gaitasun kognitibo ezberdina duten pertsonak kontuan hartu eta haien bizitza errazago egiteko, eraikin publikoetan piktogramak jartzeko erronkari heldu dio udalak. Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearekin batera egin dute lanketa, eta Pedro Mari Otaño herri eskolak eta Zubimusu ikastolak hartu dute parte. Gaur aitortza ekitaldi bat antolatu du udalak Joxe Arregi plazan, 18:00etan hasita.

Ikastetxeetako irakasleek formakuntza jaso dute, eta hilabete pasatxo eman dute prozesuarekin. Hitzaldi bat ere eskaini zuen Gautenak maiatzaren 4an, inklusioaren gaia lantzeko ikastetxea eta familia “zutabe behar-beharrezkoak” baitira, Amenabarren ustez. “Oso bide aberatsa izan da elkarlanean egin duguna”.

Piktogramak jartzeaz gain, gaiaren inguruko sentsibilitatea eta ulermena ere areagotu dute herritarrek. Gautenako arduradun Jimmy Brosak aitortu du ikusi ahal izan dutela zenbateko garrantzia duen pertsonek tokietara iristeko modua izateak. “Gainera, gure herriak eta kaleak irisgarriagoak egitea ez da aukerazkoa: badago bete beharreko araudi bat”.

Txikienentzat ere egokia

Oinherri herri hezitzaileen sarean parte hartzen du Zizurkilek, eta, bertako arduradun Maite Azpiazuk azpimarratu duenez, herri hezitzaileen filosofian sakontzeko aukera ikusi dute piktogramekin. “Herritar ororen ulergarritasuna eta irisgarritasuna bermatu nahi dugu”. Azpiazuk gaineratu du egitasmoa interesgarria dela irakurketa-idazketa prozesua egin gabe daukaten haurrentzat ere. “Zaurgarrienaren neurrira egiten den herri edo egitasmo batek lagunduko digu, ikuspuntu guztietatik, herri hobea egiten”.

Azpiazuren hitzetan, piktogramak jartze hutsa baino gehiago lortu dute egitasmoarekin: “Herriko erakundeen arteko elkarlana sustatzeko balio izan du prozesuak, eta haurren parte hartzea bultzatu dugu; umeek eraikin publikoen inguruan duten ezagutzan sakondu dugu, eta inklusioaren gaian sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotu dugu”.

ZIZURKIL, INKLUSIOA

Brosaren ustez, inklusioari buruz gogoeta egiteko abagunea eman die hilabeteotako dinamikak: “Piktogramak ez dira lagungarri autismoa dutenentzat bakarrik; idatziz dauden seinaleak ulertzeko zailtasuna duten etorkinentzat ere baliagarriak izan daitezke, adibidez”. Gautenako arduradunak azpimarratu duenez, horrelako gaiei “kanpotik” begiratzen zaie gehienetan. “Baina edonoiz eduki dezakegu beste gaitasun kognitibo bat, eta horrelakoetan konturatzen gara piktogramak lagungarri zaizkigula”.

Amenabarrek jakinarazi du lanketa egiten hasi zirenetik herritar baten eskaera zehatz bat jaso dutela. Asteasura doan bidegorrian ikusmen arazoak dituztenek erreferentzia argiagoa izan dezaten, bidegorriko marra zuriak margotu egingo dituzte udan. “Egindako lanketak behar berriak antzemateko balioko digu aurrerantzean”, esan du jarduneko alkateordeak.

Ikastetxeekin elkarlanean

Astelehenean, herriko ikasleek hilabeteotan egindako lanaren emaitza aurkeztu zioten Iker Urruzola Zizurkilgo jarduneko alkateari, eta, ondoren, piktogramak jarri zituzten eraikin publikoetan: liburutegian, kultur etxean eta udal bulegoetan, esate baterako. Piktogramak non jarri ikasleek eurek proposatu dutela azaldu du Nora Lizarralde Pedro Mari Otaño herri eskolako ikasketaburuak. “Herrian jende gehien elkartzen den tokiak aipatu dituzte. Piktogramak jarrita, eurek egindako proposamenak errealitate bihurtzen direla ikusi ahal izan dute, eta garrantzitsua da hori”. Herrian bakarrik ez, eskolan ere piktogramak jartzea erabaki dute, “bereziagoak” diren ikasgeletan.

“Ofizialak eta estandarizatuak” diren irudiak erabili dituzte herriko eraikin publikoetan. Zubimusu ikastolako ikasleek, esate baterako, liburutegian jartzekoa aukeratu dute. Ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle Ainara Garziak azaldu duenez, eurei zalantza sortu zitzaien Elizpe erretiratu elkarteko atarian jartzeko piktogramarekin: “Arasaac komunikatzeko arazoak dituztenei laguntzeko elkartekoekin harremanetan jarri ginen, eta esan ziguten ez zutela propio horrelakoetarako piktogramarik. Guk geuk sortu ditugu”. Lizarraldek gehitu du prozesuak balio izan diela ikasleei baliabideak non topatu jakiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.