Juan Mari Azkue: “Jendeak nahi du erromeriak jarraitzea”

Juan Mari Azkue: “Jendeak nahi du erromeriak jarraitzea”

Miren Garate

Udazkenetik udaberrira, igandero erromeria izaten da Aristerrazun, Aiako Andatza auzoan. Ekainaren 18an amaituko da aurtengo denboraldia, eta pozik dago Juan Mari Azkue (Aia, 1955), erromeria horiek antolatzen dituen Andatza elkarteko lehendakaria, jende asko ibili delako. Igandean, Aitor Furundarenak joko du, 18:00etatik aurrera, eta soinu handia entzuteko aukera izango da. Azkuek esan du horrek poz ematen diola berari; garai batean Aristerrazun asko entzuten zen arren, urte askoan soinu handia baztertuta egon delako.

Amaitzear da aurtengo Aristerrazuko erromeria denboraldia. Zer moduz joan da?

Guk uste genuen bezain ondo, edo hobeto. Azaroaren 1ean hasi ginen, eta hasiera oso indartsua izan zen; negua ere oso ondo joan da. Aurten, inoiz Aristerrazun jo gabeko trikitilariak ere dezente izan ditugu. Izugarrizko erromeriak egin dituzte, izugarrizko maila eman dute, eta jendea oso gustura geratu da.

Aurten bazegoen aldaketa handi bat: Aristerrazuko jatetxea jada itxita dago. Nola eragin du horrek?

Arrebak eramaten zuen jangela, eta erretiroa hartu du. Erromeria denboraldian, erromeria egunetan jangela eta taberna irekitzeko asmoa genuen, baina ikusi genuen konplikazio handia izango zela. Taberna bakarrik irekitzea erabaki genuen azkenean. Maizterrak gara, eta lan handia eman digu hori lortu ahal izateak ere. Normalean, urriaren erdialdean hasten gara erromeriekin, eta aurten azaroaren 1era arte ezin izan dugu. Edariak eta goxokiak izan ditugu tabernan, baina sukaldeko gauzarik, ez. Erromeriaren ordutegia ere aldatu dugu: lehen, 18:30etik 21:30era egiten genuen, eta, orain, 18:00etatik 21:00etara egiten dugu, jendea afaltzera joateko. Pena du jendeak, lehen erosoagoa baitzen.

Jatetxea ixtera zihoanez, kezka ere izan zuen jendeak, ea zer gertatuko zen erromeriekin. Aurrera egin duzue, ordea.

Baneraman denbora bat gazteei esaten taberna ixtera zihoala eta zer gertatuko zen erromeriekin. Nik neuk ere segitzea nahi nuen: txiki-txikitatik ezagutu ditut eta gustatu egiten zaizkit. Trikitilari gazteek ere esaten zidaten zerbait egin behar zela, jarraitu egin behar zutela erromeriek eta laguntzeko prest zeudela. Pandemia ere etorri zen, eta pare bat urtean geldi samar egon behar izan genuen. Gazteen laguntzarekin, lortu dugu aurrera egitea.

Zuk zeuk zenbat urte daramatzazu Aristerrazuko erromeriak antolatzen? Nolatan hasi zinen?

Gure familia oso erromeriazalea izan da, eta auzoa ere bai. Badirudi gure osabak hasi zirela hemengo erromeriak antolatzen, auzoko gazteekin. Baserri zahar bat da hau, eta mandioan egiten ziren hasieran. Ordutik hona, gorabeherekin, baina beti jarraitu dute. 90-100 urte izango dira. Auzoko gazteek urte askoan beren gain hartu zuten ardura guztia. Gero, aukera berriak sortu zirenean, diskotekak-eta, pixka bat aldentzen hasi ziren. Azken 30 urteetan Joxe Alkainek, Martxel Ansak eta hirurok antolatu izan ditugu. Haiek ere adinean aurrera doaz, eta uzteko gogoa zuten.

Aurtengo udazkenetik talde berria zaudete Andatza elkartean. Zeinek osatzen duzue?

Josu Arrizabalaga Izer, Ibon Errazu, Irune eta Itsaso Elizagoien ahizpak eta bostok gaude. Harrituta gaude jendea nola ari den portatzen ikusita, izugarrizko esker ona erakusten digute, eta horrek jarraitzeko animoak ematen dizkigu. Gaztetan etortzen ziren batzuek aitona-amona eginda ere etortzen jarraitzen dute, eta poz handia ematen du horrek. Pentsa, borondatea botatzeko kaxa bat ere jarri zuten, erromeriaren alde zerbait bota nahi zutenentzat. Jendeak nahi du erromeriak jarraitzea.

Lehen aipatu duzu zenbait trikitilarik aurten jo dutela lehen aldiz Aristerrazun. Nola egiten duzue aukeraketa?

Lehen, nik eramaten nuen hori, baina aurten Irune Elizagoienek asko lagundu dit. Trikitilaria da hura ere, eta gazteak gehiago ezagutzen ditu. Izugarrizko maila eman dute. Alde horretatik, aurrerapausoa eman dugu. Erromeriara ere jende gazte asko ari da etortzen, jende berria, eta leku askotatik, gainera.

Lanketa bereziren bat edo egin duzue gazte jendea erakartzeko?

Nik ez dut ezer handirik egiten, baina oraingo eskuko aparatu txiki horrekin gazteek kristoren lana egiten dute, izugarrizkoa. Uste dut horren bidez jende asko mugitu dela.

Asko aldatu al dira erromeriak urte hauetan guztietan?

Lehen, gazteak izaten ziren denak, eta denetik dago orain: aitona-amonak, gazteak, tartekoak, gaztetxoak… Denak batera aritzen dira dantzan, eta horrek badu bere xarma; oso polita geratzen da.

Eta musika aldetik?

Lehen, soinu handia ere asko izaten zen, baina urte askoan baztertuta egon da. Igande honetako erromerian Aitor Furundarena izango da, eta poz ematen dit berriz ere soinu handia Aristerrazun izateak.

Hainbeste urtetan anekdota mordoa izango dituzue, ezta?

Gauetako xelebrekeriak eta halakoak bai… Afaritan ere izugarrizko giroa egoten zen; batez ere, gure gazte denboran: jendea neska laguntzetik etortzen zen, eta afariaren bueltan ia beste erromeria bat izaten zen jangelan. Bikote pila egin dira hemengo erromerietan. Ezkondu aurreko agur festak ere izaten ziren jatetxean.

Asteroko erromeriak desagertzen joan dira, eta ohiturari eutsi dion toki bakarra da Aristerrazu. Nolatan izan da posible?

Andatza auzoa oso soinuzalea, dantzazalea eta erromeriazalea izan da, eta nik uste dut horregatik iraun dutela. Eskerrak eman beharrean gaude, bai trikitilariei, bai erromeriara etortzen diren guztiei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.